MANEX ETA KANPADENDA

Aspaldi hartan, Manexen baserrian, nondik edo handik, hule pila bat zuten eskuratua, hau da, zira moduko oihala. Baina, oihal ziratu hura erruz zeukaten lortua, fabrika batetik edo auskalo nondik. Kontua da, material hura ugaritasunean zutela etxean momentu hartan, eta, hori horrela, Manexi berehalaxe piztu zitzaion bonbilla bat, hau da, pentsatu zuen zira antzeko oihal hura, egokia izan litekeela kanpadenda bat egiteko.

Pentsatu eta egin. Lurrean bi makila zutik jarri, beste luzeago bat aurreko bien gainean, horizontalean, futbol langa bat balitz bezala, eta, azkenik, hulea, denaren gainean, bi isurialdeko teilatu bat bailitz bezala, eta lurrean atezuan josia, zurezko ziri batzuk sartuta, alegia, iltze erraldoiak balira bezala. Horrela, bada, mutikoak kanpadenda eramangarria lortu zuen, hots, hedatu eta bildu ahal zena. Gero, barruan, lurrean, beste zira-oihal bat jartzen zuen, hezetasunik ez nabaritzeko, eta, bukatzeko, bi muturretan beste oihal bana jarri zituen, bata, finkoa, paretaren papera egiteko, eta, bestea, mugikorra, atearen papera egiteko.

Honi guztiari zera gehitu behar zaio, alegia, zira-oihal haiek, lurrean, luze samarrak uzten zituela, urik ez sartzeko modu errazean behintzat, eta horrela ez bustitzeko. Bestalde, bi makila zut haien altuera ez zen handia: metrobete edo metrobete pasatxo, besterik ez, barruan, lurrean eserita, eroso mugitzeko bezainbateko garaiera, gehiagorik ez.

Horrenbestez, kanpadenda biltzen zuenean, zati guztiak zaku handi batean edo bitan sartzen zituen: makilak (luzeena ez), oihalak tolestuta, zurezko ziriak, mailua eta abar; askoz gehiagorik ez zuen behar.

Gauzak horrela, kanpadenda boladaka jartzen zuen, gaur hemen eta etzi han. Egun batzuetan leku batean edukitzen zuen, eta beste batzuetan, beste batean, bere interesen arabera. Huraxe zen, hain zuzen ere, kanpadenda eramangarriaren abantaila, nahi zuenean, bere gogoko lekuan jarri ahal izatea.

Eskuarki oihal etxola jartzen zuen leku hura, gero aprobetxatzen zuen hara joan eta barruan lasai-lasai egoteko bere buruarekin, edota zozoei, birigarroei, hegaberei eta abarri so egiten aritzeko, eta, noski, aukera ona baldin bazuen, baita tiro bat edo beste egiteko ere karabina berriarekin. Askotan orduak eta orduak ematen zituen barruan, gustura eta oso entretenituta.

Gogoratu beharra dago, hiru hilabete lehenago, Manexi norbaitek lehenengo karabina lapurtu ziola, baina, ipurdiko haiek jasan ondoren, etxekoek berriz ere baimena eman zioten karabina berria erabiltzeko, izan ere, baserri hartako seme-alabentzat, karabina oso garrantzi handiko tresna zen garai hartan, eta berehala lortu zuten gurasoak konbentzitzea, bigarren karabina ere eros ziezaieten.

Horiek horrela, abendu erdialdeko egun batean, jadanik argitu zuenerako elurte polita zegoen, hamar bat zentimetro gutxi gorabehera, eta elur lehorra gozo-gozo ari zuela. Zorionez, larunbata zen eta egun hartan ez zuen eskolara joan beharrik. Gainera, goiz osoan zehar ere halaxe jarraitu zuen elurra bota eta bota. Horren ondorioz, bazkalondorako bazeuden beste hamar bat zentimetro gutxienez.

Egoera horrela zegoela, elurtsu eta hotza, Manex berehalaxe animatu zen kanpadendara joatera. Bazkalondoan, etxeko guztiak zerbaitetan entretenituta ziren bitartean, lo kuluxka egiten edota karta jokoetan, orduantxe baliatu zuen mutikoak kanpora joateko tenorea; izan ere, aurreko egun batean, gure protagonista nagusiak, kanpadenda etxetik hirurogeita hamar bat metrora jarri zuen, sagarrondo handi baten azpian, sagasti erdi-erdian, aspaldian aitonak jarritakoa. Han gustura egoten zen bere bakartasunean, pentsaketan eta zozoei begira.

Abenduan ongi sartuta baldin bazeuden ere, baserri haren inguruan zeuden sagarrondo haietako askok, errege sagarrak ematen zituztenez gero, sagar batzuek luzaroan irauten zuten zuhaitzen adarretan, izotzaldi handiak iritsi arte-edo, horrexegatik zozoek, besteak beste, aprobetxatu egin zuten jateko adarretan gelditzen ziren sagar bakan haietatik. Abendu aldean oso ohikoa izaten zen, sagar arboletan ikustea fruta batzuk mokokatuta, zulaturik eta pixka bat janda; horixe zozoen eta gainerakoen lanaren ondorioa izaten zen.

Hala, bada, bazkaldu eta berehalaxe, Manex mutiko burutsua izanik, prestatu eta hartu beharreko neurri guztiak hartu zituen: katiuskak jantzi elurretan ibili ahal izateko, polainak jarri elurra oinetakoetara ez sartzeko, zamarra paratu elur jasatik babesteko, kandela txiki bat hartu eskuak berotzeko, mistoak eskuratu kandela pizteko, karabina berria eraman zozoei tiro egiteko eta amari harrapatutako txokolate puska pare bat geroago askaltzeko. Garai hartan, Manexen baserrian argi elektrikoa oso sarritan joaten zen, batez ere elurte handia egiten bazuen edota ekaitz bortitzak baldin baziren, hori dela eta, etxean beti izaten zituzten kandela batzuk. Hori horrela, mutikoak ez zuen batere arazorik izan kandela puskatxo bat eskuratzeko; lapurtzeko.

Hala hornituta, Manex kanpora joan zen inor konturatu gabe, isil-isilik, sagardi aldera ematen zuen atea zabaldu eta zeharkatu ondoren. Giroa zeharo estalita zegoen, ilun-iluna. Elurra mara-mara egiten jarraitzen zuen. Ordurako hogei zentimetro pasatxo elur izanen zen aise. Mutikoa nekez zihoan aurrera halako elur geruzarekin, eta, gainera, etxetik hartutako hainbeste gauzarekin. Sagarrondoen adarrak elurrez zama-zama eginda zeuden, erabat makurtuta; edozein momentutan puskatu ahal zirela ematen zuen. Eta elurra ari eta ari eten gabe, gozo-gozo, malutak goitik behera ia-ia batere haizerik gabe. Elur maindirea loditu eta loditu. Modu horretan iritsi zen mutikoa kanpadendara, asko kostata.

Behin barrura sartuta, atea ongi itxi, eramandako gauza guztiak non edo han kokatu, eroso eseri eta bere ohiko jardunetan hasi zen: elurra sapa-sapa nola ari zuen ikusten gozatu, zozoen zain atezuan gelditu, pentsaketan patxadan egon eta abar. Manexek dendako zulotxoetatik zuhaitzetara begiratu bai, begiratzen zuen, baina hegaztirik ikusi ez, ezin, nonbait, elur erauntsi haiek izanda, lumadun guztiek beren gordelekuetan egoteko agindua jasota zuten. Gainera, arratsalde osoan zehar elurra botatzen jardun zuen etenik gabe, goizean bezalaxe, edo agian are eta gehiago oraindik. Ordurako hogeita hamar edo hogeita hamabost zentimetroak hortxe-hortxe ibiliko ziren elur izararen lodieran.

Manexek bere burua entretenitzeko, denetik pixka bat egin zuen: dendako zuloetatik sagarrondoen adarretara begiratu, ea hegaztiren bat hurbiltzen zen-edo; kandelatxoa piztu, eskuak apur bat berotzeko; txokolate pusketak pixkanaka-pixkanaka jan, karamelua balitz bezala, ahoan urtzen utzita; karabina behin eta berriz eskuetan hartu, eta ea dena puntu-puntuan ote zegoen aztertu eta miatu eta abar eta abar.

Baina denborak aurrera egin zuen eta ustez berritasun handirik ez zegoen, denak berdintsu jarraitzen zuela ematen zuen, alegia, zozo eta txoririk agertu ez, elurra atertu ez, eta bat eta beste. Baina mutikoak asko erreparatu ez baldin bazien ere, aldaketa nabarmentxo batzuk izan ziren denbora tarte hartan, hau da, ia-ia hiru ordu pasatu ziren eta iluntzen hasita zegoen, elur geruza gero eta handiagoa zen, adarrak zama-zama eginak jartzeraino, eta, bukatzeko, ipar-mendebaldeko haizea unetik unera indartsuago bilakatzen ari zen. Egoera hura ikusita, baserritar txikia pentsatzen hasia zegoen, momentu batetik bestera erabaki beharko zuela etxera itzultzea.

Baina horretan ari zela, hitzetik hortzera haizea zakartu, sagarrondoen adarrak bortizki astindu eta bat-batean bere buruaren gainean kristoren burrunba entzun eta sumatu zuen.

-Jesus, Maria eta Jose!, zer arraio izan ote da hori? -pentsatu zuen bere baitan ikaratuta.

Berehala ohartu zen, ordea, dendaren gainean elur jausi antzeko zerbait erori zela. Ez zen txantxetakoa, kiloak eta kiloak amildu baitziren segundo gutxian oihalaren gainean. Barruan zeukan espazioa txikiago bihurtu zen aida batean, elurraren pisuarekin. Barnean mugitzeko ere zailtasun handiagoak zituen harrezkero. Dendako atetxoa saiatu zen irekitzen, baina elurraren zamarekin ezin izan zuen zabaldu. Beste aldera ahalik eta azkarrena joan eta han ere ahalegindu zen zuloren bat egiten, kanpora atera ahal izateko, baina han ere ezinezkoa. Gero eta larrituago, geroz eta estuago, dendako gainerako txokoetan ere eginahal guztiak egin zituen aterabideren bat aurkitzeko, baina elurraren astuntasuna handiegia zen nonbait berarentzat, eta laster konturatu zen handik ezin zuela aurkitu ihesbiderik.

Lehenengo estualdirik handiena igaro ondoren, bere burua pixka bat lasaitzen saiatu zen. Kandela piztu -ordurako jada ilun baitzegoen-, eskuak pitin batean berotu eta inguru guztira begiratu zuen astiro-astiro, zerbait aurkitu nahian. Halako batean, leiho txikietako zulotxoei erreparatu eta itxaropena pixka bat piztu zitzaion Manexi. Aurkituko ote zuen modurik zulo txiki haietatik ateratzeko? Saiatu bai, behin eta berriz saiatu zen, baina zulo haiek txikiegiak ziren eta ez zuen erarik izan handik pasatzeko. Zulotxoak urratzen eta handiagotzen ere ahalegindu zen, baina ezin; arrakastarik ez! Elurraren zamak presio ikaragarria zeragien. Gainera, han ez zeukan inolako tresnarik, ez labanarik, ez aiztorik, ezta deus ere, dendako oihal ziratua mozteko. Beraz, saiakera hari amore eman beste aterabiderik ez zuen izan.

Etsita, beldurturik eta gogogabetuta, gizajoa, oihuka eta garrasika hasi zen erdi negarrez:

-Aitaaaaa! Amaaaaaa! Aitaaaaaaa! -oihu bizian, zintzurra urratu beharrean.

Baina han, gizaki erantzunik ez! Arrapostu bakarra, haizearena, txistuka eta fiuka, sorgin gaiztoaren pare.

Ordurako erabat ilun zegoen kanpoan eta barruan; ez zen piperrik ere ikusten. Jakina da: Abenduko eguna, argitu orduko iluna. Mutikoa benetako hotza sentitzen hasita zegoen. Zutik ezin jarri, ezin ibili eta ia-ia ezin mugitu. Zamarra jantzita zeukan, baina arropa gehiagorik ez zuen gainean jartzeko, ez estalkirik, ez zarparik. Horiek horrela, misto ontzia hartu eta kandela puska txikia berriz ere piztea erabaki zuen, eskuak pixka bat berotu zekizkion. Lehenengo mistoa, zoritxarrez, itzali egin zitzaion kandelatxoa piztu baino lehen, urduritasuna eta hezetasuna zirela bide, baina, zorionez, oraindik bazeuzkan gehiago, asko ez baziren ere. Hurrengoan, bai, izeki, lurrean zutik bermatu zuen argizari urtu pixka batekin eta horrelaxe luzaroan egon zen, lurrean eserita, kandela bi belaunen erdian zeukala, gorputza kuzkurtuta eta argiari begira, etengabe so, ia-ia erdi lo gelditu zen arte.

Handik denbora luze batera, Manex bat-batera hotzak hartuta esnatu eta orduantxe konturatu zen ez zeukala argirik; kandela agortu eta hilzorian dagoen txoria bezalaxe itzali zen pixkaka-pixkaka.

-Arraio mila demonio! Besterik ez nian behar oraintxe! Bai zorte madarikatua nirea! -bota zion bere buruari oihuka eta oso aldarte txarrean. -Dios! Ba, segur aski, gaua hemen pasatu beharko diat, nire zoritxarrerako!; zulo ilun eta hotz honetan! -pentsatu zuen bere baitan, etsitzen hasia.

Bestalde, gosea ere gero eta handiagoa sumatzen zuen. Hotzikarak gorputz osoan, eta inguruan, iluntasun beltz-beltza. Berdintsu zen begiak irekita edukitzea edota itxita; argitasuna, hutsaren hurrengo zen!

Baina baserrian, ordea, beste giro oso ezberdin bat bizitzen ari ziren aldi berean: batzuk ukuiluan, hango lanak egiten; beste batzuk sukaldean, afaria prestatzen; eta gazteenak, etxebizitzan zehar, jostaketan.

Afaltzeko ordua iritsi zenean, denak mahai inguruan bildu ziren, Manex izan ezik. Hala eta guztiz ere, denak berehala afaltzen hasi ziren, erabat sinistuta gazteena ere une batetik bestera agertuko zela sukaldean. Baina, ez, ez zen azaldu. Orduan amak:

-Manex!, etorri hadi afaltzera segituan! -egin zion oihu indarrez.

Alabaina, minutu baten buruan, eta ikusita ez zela haiengana joan, aitak orduan bi semeri eskatu zien anaia bilatzeko eta sukaldera joan zedin aida batean, denenkin afaltzeko.

-Aurkitu eta datorrela berehala hona! -agindu zien serio.

Baina pare bat minutu-edo igarotakoan, bi seme haiek sukaldean azaldu eta:

-Ez dugu bere arrasto bakar bat ere aurkitu etxe osoan, aita!

Orduan, denak pixka bat kezkatzen hasita, berehala mobilizatu ziren: batzuek ukuilua begiratu zuten; beste batzuek bizilekua miatu; eta besteek ganbara arakatu, baina Manexen aztarnarik ez, nahiz eta deitu, gogotik deitu egin baitzioten, deus ere ez, seinalerik ez!

Une hartan, guztiak ohartu ziren arratsalde osoan inork ez zuela mutikoa ikusi, izan ere, denek pentsatu zuten beste talderen batean izanen zela, eta inork ez zion erreparatu bere absentziari.

Azkenean norbait konturatu zen karabina falta zela, eta berarekin batera, baita Manexen zamarra, botak eta polainak ere. Argi zegoen, mutiko ipurtarina kanpora joana zen, baina nora ote, ordea?

Baserriko ate guztietatik begiratu, eta azkenik, sagasti aldera ematen zuen ate parean, arrasto batzuk ikusi zituzten elurretan, ordurako estali samarrak baldin bazeuden ere; izan ere, oraindik mara-mara jarraitzen zuen, sorgin haize bizkorrarekin batera. Jarraian, elurretarako modu egokian jantzi, esku-argi bat hartu, eta, aita eta bi anaia zaharrenak Manexen bila abiatu ziren. Batetik, elurraren altuera handia, eta, bestetik, haize demonio indartsua zirela eta, hantxe ibiltzea ez zen gauerdiko ahuntzaren eztula. Nekez egiten zuten aurrera, baina, hala eta guztiz ere, noizbait iritsi ziren kanpadenda ondoraino, mutikoaren aztarnei jarraituz.

-Manex!, hor al hago? -aitak, ozenki.

-Bai, hemen nago, aita! Hau poza! -baserritar gazteenak, pozaren pozez.

Aitak eta beste bi anaiek segituan ekin zioten ate aurreko elurra kentzeari hanka eta eskuekin, eta bidea egin bezain laster, dendako atea zabaldu zuten. Manex hantxe topatu zuten, bakarrik, hotzak dardarka eta uzkurtuta iluntasunean, baina familiakoak ikusita, biziki poztu zen.

Jarraian, kanpora atera eta etxekoen laguntzarekin, azkar samar iritsi zen baserriraino, berrogei bat zentimetroko elur geruzaren gainean, baina ez da ahaztu behar, minutu batzuk lehenago, bere bila joaterakoan, aitak eta bi anaia zaharrenek bidexka dezente ireki zutela.

Behin sukaldean, anaia zaharrenak hauxe bota zuen ozenki, adarra jotzeko, denen aurrean:

-Hona hemen gure ehiztari ehizatua!

Denek barre egin zuten gogotik. Manex, isilik, lotsatuta, baina, hala eta guztiz ere, pozik.

-Denok afaltzera! -bukatu zuen amak, zoriontsu.