ELEFANTEKERIAK

Zeinen ondo! Marrazketa klasearen ostean matematika klasea dugu! (Argazkiaren egilea: Deror Avi) [4].

Dumbok belarri handiak ez zituen hegan egiteko bakarrik, matematika etsaminetarako txuletak ezkutatzeko erabiltzen zituen ere. Beno, beharbada oker nago. Ez dakit Dumbo elefante asiatikoa den ala ez, baina hala ez balitz, beharbada diodana zuzena da. Elefante asiatikoek, sekulako gaitasun matematikoak dituzte, zientzialari talde batek “frogatu” duen bezala [1]. Itzelezko dohai matematikodun elefante horiek duela zenbait asteko erleekin [2] agoran hasiko dira laster infinitoari buruz kogitatzen edo Fermaten teorema era errazago batean frogatzen, izadi osoaren gozamenerako, eta batez ere, aspertzen diren zientzialarien pozteko.

Aspertu eta lokartu, eta lokartuta daudenean artikuluak idatzi, ametsetan dauden epaileek irakurri eta esnaturik ez dagoen editore batek onartu, horixe gertatzen dela erakusten duelako zenbait zientzialari artisten artelanak aldizkari zientifiko batean argitaraturik egoteak. Arestian aipatu dudan lanean, hiru elefante asiatiko hartu, haietako bik maila eman ez (batak agian zorte txarra zuelako tronparekin pantaila sakatzen zuenean eta bestea nagiegia edo gizaki agintarien nahietara makurtzen ez zen elefante anarkista zelako beharbada), hortaz hirugarrenaren emaitzak soilik kontutan hartu eta hara!, badute teoria hipotetiko zoragarri bat argitaratuta: “elefante asiatikoek pertsonen antzerako gaitasun matematikoak dituzte”. Prentsa orokorrean ere aipatu da ikerketa hori [3], nahiz eta ez dirudien kazetariak jatorrizko artikulua izpiritu kritikoz irakurri duenik. Agian elefante asiatikoek gaitasun matematikoak dituzte, oso posiblea da, baina ikerketaren zientzilari horiek, gaitasun zientifiko gutxi dituztela, hori ere askoz posibleagoa da. Edo sinekdokeak eta antzerakoak gustoko dituztela. Zientzilari horiek egin dutenari, latindarrek “pars pro toto” zeritzaten. Baina literaturan zilegi dena ez da haizu zientzian: elefante bakar baten ezaugarriak populazio osora orokortzea okerra da. Zinez, elefantekeriak astakeriak baino handiagoak dira.

 

[1] Irie, N., Hiraiwa-Hasegawa, M. & Kutsukake, N. “Unique numerical competence of Asian elephants on the relative numerosity judgment task”. J Ethol (2018). https://doi.org/10.1007/s10164-018-0563-y
[2] Ikus: http://www.elinberri.eus/2018/09/06/erle-kontuak/
[3] https://www.elperiodico.com/es/ciencia/20181023/los-elefantes-asiaticos-tienen-las-mismas-habilidades-matematicas-que-tu-7105073
[4] https://commons.wikimedia.org/wiki/File:Elephant_show_in_Chiang_Mai_P1110469.JPG.
Creative Commons Attribution Share Alike lizentzia. [GFDL (http://www.gnu.org/copyleft/fdl.html) or CC BY-SA 3.0 (https://creativecommons.org/licenses/by-sa/3.0)].