HITZ BI HEPTAMERON LANAZ

Betiko zalantza egin ohi zaigu euskal literaturaz dihardugunean; hau da, zer da euskal literatura? Euskaraz egiten dena? Ala euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez ere egiten dena? Kolore guztietako erantzunak aurkitzen ditugu, ez ditut hemen aipatuko, baina nago oraindik gure herriak bizi duen egoera ez-normal bati erantzuten diotela denek. Oraindik ez dakigu -edo ezin dugu- Euskal Herriko hizkuntza nagusietan bizitzen elkarren kontra jo gabe. Bada, halako zalantza egiten zait Nafarroako Margarita erreginak idatzi zuen Heptameron liburua gogora ekartzean. Anguleman jaio zen Margarita Nafarroako Enrike II.aren emaztea izan zen, XVI. mendean, biak ala biak artean independentziari eusten zion Nafarroako zatiaren errege-erreginak. Margarita Nafarroako gortean izan zen denboran berau Europako kultur gunerik garrantzitsuenetako bat bilakatzen ahalegindu zen; baita lortu ere, hainbesteraino ezen urte dezente geroago Ingalaterrako Shakespearek berak “Navarre shall be the wonder of the world” esaldi entzutetsua bota zuen, Margarita erreginaren gorte errenazentista hura gogotan. Hala ere, badakigu jakin historiak zer ekarriko zigun, Nafarroa independiente hura ere desagertu zen, gure errege-erreginak arrotz bihurtu ziren, emakumeak -kultuenak ere, Margarita bezala- ahanzturara zigortu zituzten emakume izate hutsagatik. Horren ondorioz edo, Heptameron hau Frantziako literaturaren harribitxi bat da, eta ez Euskal Herrikoa. Edonola ere, hala balitz, gure narratiba laburraren libururik garrantzitsuenetariko baten aurrean geundeke.

Heptameron hirurogeita hamabi nobela edo istorio laburrek osatzen dute, frantsesez idatziak. Lehenengo argitalpenak 1558 urtean ikusi zuen argia Parisen, Histoires des Amans fortunez titulupean. Urte bete geroago lanaren egilea ondo adierazten zuen bigarren argitalpen bat agertu zen: Heptamerón des Nouvelles de trés Illustre et trés Excellente Princesse Marguerite de Valois. Hein batean Boccaccioren Decameron liburuaren eskemari jarraitzen dio. Liburuak marko literarioa eskaintzen du istorioak garatzeko. Pirinioetako Cauterets herrian elur ekaitz bat dela-eta gelditutako gortesau batzuk, denbora ematearren edo, elkarri istorioak kontatzen hasten dira, amodiozkoak eta erotikoak.

Heptameron, beraz, literatura erotikoaren ezinbesteko tituluetako bat ere bada, Nafarroako erregina izan zen Margaritak idatzia, eta narratiba laburraren liburu esanguratsua inondik, agian gure literaturan ohore handiagoa beharko lukeena. Eta benetan harritzen nauena, oraindik liburu hau euskaraz eman ez izana zinez adierazgarria da.