BARATXURIA

Baratxuria, Allium sativum L. Alliaceae. Jose María de Lacoizquetak dio (Diccionario de los nombres euskaros de las plantas. Imprenta Provincial. Iruña. 1888) baratxuria bara (buru hitzatik eratorria) eta txuria hitzetatik datorrela, hau da, buru zuria esan nahi duela.

Landare belarkara, zurtoina 20-200 zentimetrokoa. Hosto berdeak, luzeak, lantza-itxurakoak, zurtoina besarkatzen dute. Lore zuriak edo arrosak, unbela esferikotan bilduta. Fruitu txikia, kapsula formakoa, lakainez osaturiko eta mintz mehe zuri edo arrosa batez estalitako erraboil biribila da. Erraboila hamar bat baratxuri-ale zuriz osatuta dago.

Udazkenetik udaberrira arte erein daiteke. Baratxuri berria (hostoak) edo baratxuri-atalak jaten dira. Hostoak, kimu berriak alegia, erein eta hiru bat hilabete pasatu ondoren jan daitezke, zaintzuriak balira bezala. Baratxuri-atalak, berriz, sei bat hilabete itxaron behar da jaten ahal izateko.

Ugalketa erraboiloen bidez egiten da. Baratxuri-atalak ekoizteko, negua baino lehen erein behar da. Nafarroan leku askotan landatzen da. Faltzesko baratxuria oso ezaguna da. Faltzesen, urtero, udaren hasieran, baratxuri eguna ospatzen dute. XVII. mendetik lantzen da herrian.

Baratzetan landatzen da. Jatorriz Asiakoa, duela lau mila urte jadanik ezagutzen zen. Antzinako egiptoarrek, janari zein sendagai gisa, askotan erabiltzen zuten. Udaberriaren azkenean eta udaren hasieran jasotzen da. Baratxuri buruekin (erraboilekin), hostoekin eta zurtoinekin txirikordak egiten dira; baratxuri-txirikordak alegia, kontsumorako prest.

Euskal Herrian, batez ere, artrosiari eta erreumari aurre egiteko hartzen da. Gordina jaten edo beratzen jarrita egindako prestakina; esaterako, 400 gramo baratxuri eta 250 mililitro alkohol, 15 egunez beratzen utzi, egunero emeki astinduz. Prest dagoenean, baraurik eta urez diluituta, prestakin horren hogei tanta egunero hartzen da. Halaber, baratxuriak uretan egosi eta ur hori hartzen da, edo baratxuriak anisean beratu eta anis horren zurrut bat eguneko hartu. Era berean, limoi-zukuaz eta baratxuri-atalez egindako orea, kataplasma moduan zein igurzketak egiteko erabiltzen da, baratxuria errubefazientea baita.

Era berean, ospelak, garatxoak, maskurrak, babak, zauriak, hotzikarak (ezpainetako herpesa), hagineko mina tratatzeko, baratxuri puska batekin kalteturiko lekuetan igurzketak egiten dira. Halaber, baratxuriak oliba-olioz zartaginean berotzen dira, eta olio hori erabiltzen da goian esandako gaitzak tratatzeko, baita zauriak eta erlakiztenak tratatzeko ere. Baratxuria, bestalde, herri medikuntzako ukendu askotako osagaia da. Izan ere, askotan, intsusari, kamamilari, iodobelarrari, belarbeltzari, pasmo-belarrari edo berbenari gaineratzen zaie.

Herri medikuntzan, baratxuriak ere zizareak botatzeko erabiltzen dira. Horretarako, baratxurien infusioak edo esneaz egindako egosketak prestatzen dira.

Baratxurien konposatu sulfuratuak direla eta landareak eragin terapeutiko anitz baditu. Horietako konposatu bat aliina da. Baratxuria mozten edo txikitzen denean, sulfuroxido hau alizina bilakatzen da, eragin terapeutikoa duena, hain zuzen. Baratxuria sukaldatzen denean, beroarekin, alizina hondatzen da. Egosketaren ondoren, bestalde, beste konposatu batzuk sortzen dira, eragin terapeutikoa dutenak, esaterako, eragin antigatzatzailea edo kolesterolaren aurkakoak.

Lehenengo Mundu Gerran, ohiko antiseptikoak ez zituztenean, zauriak desinfektatzeko erabiltzen zuten. Euskal Herrian esaera zahar bat badago, “baratxuria, zazpi gaitzen kontrako janaria”. Eragin antiseptikoa, bakterizida, antibirala, antifungikoa du. Frogatuta dago tentsio arteriala jaisten duela. Hipertentsioari aurre egiteko askotan hartzen da. Era berean, baratxuriak glukosa, kolesterola eta triglizeridoen maila odolean jaisten du; hori dela eta, aterosklerosia prebenitzeko hartzen da. Halaber, heste-floraren antiseptikoa da.

Kontuan izan, halaber, plaketa-antiagregatzailea ere bada, beraz, koagulazio arazoak edo odoljarioak dituzten gizon-emakumeek, baratxuriak kontuz hartu behar dituzte.