MANEX ETA TXABOLA

Irailaren bukaera alderako, Manexek azkenean gauzatu ahal izan zuen aspalditik zeukan ideia bat, hots, baserri inguruko lizar baten gainean txabolatxo bat egitea. Etxe aurrean zuten lizardiko zuhaitz bat aukeratu zuen eginkizun hartarako, simaur piloaren ondoko bat, etxetik ez oso hurbil.

Horretarako, aurreko bi asteetan, jo eta su aritu zen lanean txabola hura eraiki ahal izateko. Lehenik eta behin, ia hiru metroko esku eskailera bat egin behar izan zuen berak bakarrik, zurez eta iltzez.

Abuztu aldean, uda lehor samar baldin bazihoan, orduan baserritarrek lizar hostoa ematen zioten aziendari, uda hobeki irauteko. Manexen baserrian ere gauza bera egiten zuten ia-ia urtero, eta horrexegatik beren lizardiko zuhaitz guztiak lepatuta zeuden, hau da, lizar motzak eta zabalak ziren. Horretarako, lizar abarrak aizkora txikiarekin moztu, sorbalda gainean etxeraino edota etxe ondoraino eraman eta han hostoak kentzen zizkieten, abelgorriari emateko.

Baina itzul gaitezen harira. Aurreko arrazoi horregatik, Manexek aukeratutako lizarrak ere, lehendabiziko adarra oso etzana zeukan, ia-ia esan liteke horizontala zela. Hantxe bermatu zuen mutikoak bere zurubia, norbaiten laguntzarekin. Lizarrera igo eta erdiko adartxo bat edo beste moztuta, leku egokia gelditu zitzaion oholezko plataforma txiki bat egiteko. Gero, lizarraren adar zut batzuk aprobetxatuta, plastiko batzuekin paretak egin zituen, eta, azkenik, nola edo hala, teilatutxo bat ere jarri zion. Halaber, ate txiki bat, jakina, ezin zen faltatu.

Gauzak horrela, behin etxolatxo hura eraiki eta gero, Manex sarri askotan joaten zen hara, karabina aldean hartuta, ea zer edo zer botatzen ote zuen. Bolada hartan, aisialdia zeukan ia guztietan hara jotzen zuen. Orduak eta orduak ematen zituen han bere gauzatxoekin, ez zen batere aspertzen. Gogora dezagun, hantxe, aurre-aurrean, etxeko simaur piloa zeukala, eta, horren ondorioz, mota askotako hegazti ugari ibiltzen ziren maiz, janari bila, eta gertakari hura primerakoa zen Manexentzat, ehizan saiatu ahal izateko. Baina, bestela ere, baserritar txiki hura arrunt erraz entretenitzen zen han bakar-bakarrik, batzuetan, bere pentsakizunean, eta beste batzuetan, ordea, euria egiten zuenean, esate baterako, ba, hark ateratako soinua entzuten, eta bat eta beste.

Beste alde batetik, baserrian oilategia baldin bazuten ere, familia handia osatzen zutenez gero, -zortzi pertsona: sei seme-alaba eta gurasoak-, ba, beti ez ziren iristen arrautzak denentzat. Bolada hartan oso ohikoa izaten zen, afari-merienda egiterakoan, Manexek eta adinez bere aurreko anaiak arrautza frijitu bakar batekin konformatu behar izaten izatea, alegia, arrautza bat bakarra jaten zuten bien artean, txandaka, hau da, orain Manexek bustitzen zuen ogia gorringoan, jateko, eta hurrengoan anaiak; horrela, hurrenez hurren.

Baina, hala eta guztiz ere, bi anaiek gatazka latza zuten elkarrekin, hots, beraien artean. Izan ere, astean soil-soilik bizpahiru aldiz baino ez zuten jaten arrautza, eta egun haietan ere erdi bana, besterik ez; oiloek ezin zuten errun gehiagorik. Baina, gainera, Manexek, bihurria izanik, zer egiten zuen?, ba, ahal zuen guztietan, hau da, behar baino gehiagotan bustitzen zuen ogia gorringoan, jateko, baita berari egokitzen ez zitzaionean ere, eta horrela, anaia, jakina, haserretu eta sumindu egiten zitzaion; ez zen gutxiagorako. Anaiak dagoeneko ezin zuen jasan gehiago.

-E, hi!, Manex!, ze ari haiz, ordea? Orain ez zitzaian hiri tokatzen!, e?, tranpati halakoa! Hola jarraitzen baduk, gorriak ikusiko dituk! -anaiak ohartarazi zion, kexati eta biziki haserre.

-Ba!, beldur gutxi niri hire mehatxu ustelek! -Manexek, harroxko.

Anaiak ez zion deus ere esan une hartan, baina gogoan hartu, bai, gogoan osoro ongi hartu zuen gertaera hura, lehenago edo geroago, nolabaiteko mendekua hartzeko. Gauzak horrela, anaia hura oso erne ibili zen, jakiteko ea noiz izanen zuten aukera jateko hurrengo arrautza frijitua, bien artean. Azkenean, egun batean, jakin zuenean ilunabar hartan izanen zutela hurren arrautza frijitua, lehenik eta behin, anaia joan zen ziurtatzera Manex lizar gaineko txabola barruan zegoela. Ziurtatu bezain laster, isil-isilik lizar ondora hurbildu eta goikoa ohartu gabe, esku eskailera kendu eta azkar-azkar alde egin zion, isiltasunean. Jarraian, etxera arineketan joan eta amari zera esan zion:

-Ama, Manexek tripak ez dituela oso ongi eta arrautza osoa nik jan ahal dudala esan dit, nahi baldin badut, behintzat. Geroxeago etorriko omen da kamamila edatera; ez larritzeko!

Amak sinistu eta horren arabera jokatu zuen, arrautza frijitua, oso-osorik, anaia horri eman baitzion, eta horrek gustura asko jan zuen dena, noski, platera erabat garbi eta distiratsu utzi arte. Jan-edanaz bapo egin eta ederki aseta gelditu zenean, hau da, behin mendekua ongi hartu eta gero, orduan Manexen txabolaren lizar aldera jo zuen, eskailera berriz ere bere lekuan pausatzera. Zurubia behar zen tokian kokatu eta segituen ekin zion ihesari anaiak, baserri aldera, Manex lurrera jaitsi baino lehen, izan ere, ordurako, Manex aspertuta eta nazkaturik zegoen itxoiteaz. Lehenago ere, eskailera bere lekutik kanpo zegoela konturatu bezain laster, oihuka eta zalapartaka hasi zen Manex amorru bizian, baina orduan ez zion inork entzun, etxeko guztiak afari-merienda hartzen ari zirelako sukaldean, eta, hura, txabolatik urruti samar zegoen.

Oraingo honetan, ordea, zurubia berriz ere bere lekuan ezarrita zegoela ohartu bezain azkar, Manex biraoka eta madarikazioka hasi zen anaiaren aurka, sutan eta haserre bizian, eskaileran behera zihoan bitartean, mendekuren baten bila, baina, ordurako, anaia, baserriko sukaldean zen, amatxoren ondoan, badaezpada ere.

-Hator hona, oilobusti txatxua! Ikusiko duk harrapatzen haudanean!, txiki-txiki eginen haut, lotsagabe alaena! -bota zizkion Manexek anaiari biziki haserre, purrustaka.

Behean zihoanean ere, berdintsu jarraitu zuen Manexek kalapita harekin, garrasika eta mehatxuka, halako zoritxarrarekin, non simaur piloaren parean maldizioka igarotzerakoan, berriz ere etxeko euli arrunt bat zintzurreraino sartu baitzitzaion, barru-barruraino. Ezin kanporatu eta berriro ere, bere nahiaren aurka, urdaileraino irentsi behar izan zuen, nazka eta goragalearen artean, anaia, aldi berean, madarikatu nahi izan zuenean.

Egoera tamalgarri hartan iritsi zen Manex sukaldera, erdi itota eta ia-ia negarrez, anaiari jarraikirik.

Amak, Manex egoera penagarri hartan ikusita, berehalaxe zera esan zion:

-Hator, hator hona, gizagaixo hori! Zer daukak?, tripako mina, ez da hala? Lasai, bihotza, lasai, berehalaxe prestatuko diat eta, larranbilo sendagarri on bat! Egon hadi pixka batean, lehen anaiak esan baitit zer gertatzen zaian. Segituan ekarriko diat, trankil!

Manex ez zen deus ere esatera ausartu, ongi bai baitzekien zerbait protestatuz gero, anaiak segidan aterako zizkiola, arrautza frijituekin egindako makurkeriak eta gaiztakeriak, eta hura ez zitzaion inondik inora ere komeni; isilik egon behar!

Manexek, ilunabar hartan, oso ongi ikasi zuen, <Begia begi truk> eta <Hortza hortz truk> atsotitzen esanahia.