ZAPATARIARENA

Zer egin bota berriak behar badituzu eta zapata-dendarik gertuena mila kilometrotara baldin badago? Ba botak zuk zeuk egin, noski. Erantzun horretara heldu ziren nolabait Amazoniako indiarrak, eta bota berriak egiteko modu erraza topatu zuten [1]:

  1. Negar egiten duen kautxu zuhaitz bat aurkitu [2].

  2. Negar malko horietan oinak busti oinak estali arte.

  3. Hogei bat minutu itxaron eta tatxaaan! Kautxuzko bota berriak dituzu!

Harrigarria, baina hala da. Ikus dezagun zehazki zer gertatzen den. Kautxuaren negar hori, latex-a da. Zuhaitzetik irteten denean, latex hori esne itxurako likidoa da eta soka luzexkak diruditen molekulez osatua dago [3]. Hasiera baten, zuhaitzetik irten berri, molekula horiek erraz mugi daitezke bata bestearekiko, baina aireko oxigenoarekin kontaktuan jartzean, erreakzio kimiko berezi bat gertatzen da: molekula luze horiek zenbait puntutan beste molekula batzueri lotuko zaizkie. Molekulek ezingo dute horren erraz mugitu, latexa zurrunduko da eta gomaren testurako bihurtu. Horra hor, zure bota berriak.

Baina kontuz! Jakin ezazu hurrengo egunean, Errauskineri gertatu zitzaionaren antzera, sorginkeria desagertu eta zure botak desegingo direla. Merkeegi diren hainbat zapaten patua al da hau ere? Beno, behintzat indiarren bota horiekin zer gertatzen den ondo ulertzen dugu. Molekula luze horien eta aireko oxigenoaren arteko erreakzioak jarraitzen du, eta erreakzio indartsua denez, molekulak itsasteaz gain, denborarekin haiek hausteko gai ere bada. Baina sorgin-ipuin honek bukaera alaia du. 1839. urte onean, Charles Goodyear-i latexa eta sufrea nahastea otu zitzaion (auskalo zergatik) eta bulkanizazioa deritzon prozesua asmatu zuen: latexa eta sufrea nahastean, oxigenoarekin gertatzen denaren antzerako erreakzioa gertatzen da baina ahulagoa denez, ez da gai molekulak hausteko. Eta askoz ere egonkorragoa den goma beltza lortzen da.

Goodyear-ek ez zekien latexaren egitura mikroskopikoa nolakoa zen. Baina izan zuen bai, hainbat zientzilariek izan dutena historian zehar eta zientzian guztiz garrantzitsua dena askotan: txiripa!

[1] Pierre-Gilles de Gennes eta Jacques Badoz. “Fragile objects: soft matter, hard science and the thrill of discovery’’. Copernicus (Springer Verlag), New York, 1996.

[2] Kautxu hitzak, “negar egiten duen egurra” esatea nahi duelako, ikus https://eu.wikipedia.org/wiki/Kautxu_zuhaitz

[3] Spaghetti plater batekin hau posible denentz froga dezakezu: spaghettiak egin berri direnean, spaghetti bati tira egin eta nahiko erraz atera dezakezu mordoilotik, baina spaghettiak apur bat lehortu eta elkarri itsasten hasiak badira, bakarrari tira egin eta harek beste spaghetti asko arrastraka eramango ditu.