TXIKORIA-BELARRA

Txikoria-belarra, Taraxacum officinale, Weber, Asteraceae. Beste izenak ere baditu: diente de león, pixa-belarra, sorgin belarra, taraxacum, galkidea, lumabelarra, kardabera, amargón, mando-belarra, achicoria silvestre, meacamas, achicoria eta abar. Jose María de Lacoizquetak (Diccionario de los nombres euskaros de las plantas. Imprenta Provincial. 1888) dio chicoria deitzen zaiola Bertizaranan; izan ere, entsaladatan jaten da eta toniko eta elikagai ona dela dio. Halaber, Aizkibelek (J.F.Aizkibel. Azkoitia, 1798-Toledo, 1865. Diccionario Basco-Español. Tolosa. 1865) dio galkidea deitzen zaiola euskaraz (gari eta kidea): garia bezala udaberrian sortzen baita. Taraxacum hitz grekoa da: taraxos (gaixotasuna) eta akos (sendagaia).

Eurasiarra, Grezian omen du jatorria. Gaur egun, munduko leku askotan sortzen da: Ipar Amerikan, Hego Amerikan, Hegoafrikan, Indian, Australian eta abarretan. Euskal herrian oso sendabelar ezaguna aspalditik; belardi eta bide-ertzetan ohiko landarea dugu.

Landare belarkara, bizikorra, sustraia ardatz-formakoa da, gutxi-asko lodia, mamitsua, kanpoalde arrea, barrua zuria. Zurtoin loredunak, 5-40 zentimetroko goierakoak, zilindrikoak, hutsak, barruan latex zuri-zuria dute. Hostoak sustraiaren oinetik ateratzen dira, erroseta basal bat eratuz. Hosto pinnatisektak, lantza-itxurakoak, lobulu triangeluarrak, eseriak, horzdunak, berde distiratsuak, zapore mikatzekoak zurtoinak bezala. Hostoen lobuluak lehoiaren hortzen antzekoak dira, horregatik diente de león deitzen zaio. Zurtoinen muturrean infloreszentziak, kapituluak, brakteak eta estipulak dituzte. Lore horiak, hermafroditak (estaminak eta pistiloa lore berean), autopolinizatu ahal dira. Kapituluen barruan fruituak garatzen dira. Azken hauek ile-kardilaun bana dute, akenio obalak dira, grisaxkak edo horixkak. Loreak heltzean, haziek esfera zuri bat eratzen dute eta haize pitin batekin, askatu, barreiatu eta hegan egiten dute. Lurrera erortzean, ausaz, landare berri bat sortuko da. Nork ez dio horrelako esferatxo arin bati putz egin, hazi lumadun ñimiño horiek nola hegan egiten duten ikusteko? Guri, txikitan, landare honekin jolasten ibiltzen ginenean, gero, gauean, ohean pixa egingo genuela esaten ziguten. Halaber, bolatxoari putz egin baino lehen, nahi bat eskatzen baduzu, desio hori beteko dela esaten da. Proba egin!

Taraxacum udaberri eta udazkena bitartean loratzen da. Nonahi ateratzen da, larre, ezponda, lugorri, bide-ertzetan, edozein lekutan.

Txikoria-belarra duen eragin sendatzailea ezaguna da aspalditik. Sendagai gisa, hostoak eta sustraiak erabiltzen dira. Terpenoak, erretxinak, taninoak, muzilagoa, flabonoideak eta gatz mineralak ditu.

Hostoak eta sustraiak, hobe freskoak, egosiak zein infusioak, diuretiko gisa, hidropesia eta gernu-erretentzioa tratatzeko eta giltzurrun-harriak botatzeko oso erabiliak izan dira. Era berean, eragin koleretikoa eta kolagogoa dute: ikterizia, gibeleko gutxiegitasuna, behazun-harriak, zirrosia, dispepsiak eta flatulentziak tratatzeko hartzen dira, baita odoleko glukosaren eta kolesterolaren maila jaisteko ere. Halaber, erreuma eta hezueria, baita obesitatearen tratamenduetan ere. Horrez gain, libragarria ere bada. Bestalde, landareak duen eragin arazgarria dela bide, larruazaleko gaitzak tratatzeko erabiltzen da, hala nola, aknea, ekzema eta erlakiztenak.

Behazun-bideak buxatuta badaude ez hartzea gomendatzen da. Bestalde, konposatu mikatz asko ditu, hori dela eta arazo gastrikoak eragin ditzake, bihotzerrea kasu.

Udaberrian, landarearen hosto freskoak, mikatzak izan arren, entsaladatan zein beste barazkirekin egosita, menestra moduan, jaten dira, eragin araztailea baitute. Landareak aukeratzeko orduan, kutsatu gabeko lekuetan sorturikoak hartuko ditugu. Bestalde, zurtoinen latex zuria garatxoen eta zaurien aurkako sendagai bikaina da.

Gainera, txigorturiko sustraiak kafearen ordezko gozo eta osasungarriak dira. Horrela prestatzen dira: sustraiak ondo garbitu ondoren, xerratan moztu eta txigortu; jarraian eho, eta kafea bailitzan prestatu.