ZERGATIK XXI. MENDEAN MURGILDURIK EGON ARREN, ORAINDIK EDOSKITZE NATURALAZ HITZ EGITEN JARRAITU BEHAR DUGU?

Egileak: Uxua Flores eta Arantza Zabala

I. Atalburua

EDOSKITZEAREN HISTORIARI BEGIRADA BAT

Ez da ezagutzen zein jarrera izan zuten amek edoskitzaroari buruz historiaurrean. Baina dakiguna zera da, gaur egun gizakia desagertua egongo litzatekeela garai hartan amek ez baldin bazieten seme-alabei bularrik eman izan.

Bularra ematea izan da haur jaio berrien osasuna eta biziraupena bermatzeko aukera bakarra. Eta orain dela belaunaldi batzuk arte, bularrik ez ematea izan da hilkortasunaren arrazoi garrantzitsuena. Dena den, eta betidanik, emakumeek seme-alabak aurrera ateratzeko baliabideak aurkitu dituzte, beharrei egokituz.

Edoskitzaroari buruz jaso diren lehen gertakari historikoak, idazmena landu zuten herrialdetatik datoz. Mesopotamia eta Egiptoko herrialdetatik bereziki. Antzinako Egiptoko zibilizazioak amatasuna, haurtzaroa eta edoskitzaroa oso kontutan hartzen zituen. Horren adierazlea inudeei buruz aurkitzen den dokumentazio andana da. Zeinetan bularra ematearen porrotaren aurrean, amen ordez inudeek egiten zutela adierazten den.

Horrela, Mesopotamian azaltzen dira inudeei ordaindutako lanari buruzko lehen erreferentziak, Eshnunna Legean hain zuzen ere eta Hammurabiren Kodean (Kristo aurretik, 1760.urtea baino lehen egindako legeetan). Lege horren bidez, inudeen lana arautzen zen, hau da, beste emakume batena zen seme-alabari bularra ordainean ematea eta gutxienez haurrak 2 urte bete arte.

Ugaztunak etxekotzeak, esnea eta esne-eratorriak lortzea ekarri zuen eta ondorioz, gizakia elikatzeko aukera berri bat (orain dela 11.000 urte hasi zen Ekialde Ertainean, eta badirudi, Mesopotamian etxekotu zirela lehen ugaztunak eta lehena, ardia izan zela). 2000 urte geroago, ahuntza izan zen; behia berriz, orain dela 8.500 urte inguru etxekotu zen. Egipton berriz, orain dela 5.500 urte astoa etxekotzea lortu zuten eta 500 urte geroago, Ukrainian behorra eta Arabian dromedarioa.

Hala ere, Grezia klasikoan esate baterako, familian inudeak izatea oso normaltzat jotzen zen eta haurrari titia kendu ondoren ere, hezitzaile papera jarraitzen zuten egiten. Erromatar Inperio garaian berriz, familia nobleko emakume gehienek inudeen laguntza izaten zuten, haurrek urtea edo urte parea bete arte (dena den, norberaren seme-alabei bularra ematen zion ama bezalakorik ez zegoen, ondo ikusia zen ama hori).

Aldiz, Erdi Aroko ekarpen berezirik ez da jaso edoskitzaroari buruz.

Aro Modernoan (1453-1789) Errenazimendua sortzen da, Konstantinoplaren erorialdia (1453) eta 1492an Amerikako aurkikuntza ere gertatzen da. Ekonomiaren susperraldiarekin batera, etxebizitza handiagoak eraikitzen dira, eta horrek, promiskuitatea gutxitzen laguntzen du. Bestalde, enbor-familia ahultzen doa eta horren ordez, familia nuklearra sortzen da, guraso eta seme-alabez osatua eta ondorioz, haurren arretaz arduratuagoak.

Errenazimendu garaian esate baterako, Frantzia eta Italiako familia ahaldunenek inudeen laguntza izaten zuten eta nahiko ohikoa izaten zen edoskitzaro luzeagoa izatea.

XVII. mendean depresio ekonomikoa izan zen Europan, krisi eta nahasmendu garaia, zeinetan haurrek ez zuten laguntza askorik jaso. Batetik, autoritarismoa eta absolutismoa nagusitu zen, bestetik, erlijio arteko gatazkak eta etengabeko liskar belikoak izan ziren. Eta azkenik, goseteak eta gaixotasunek okertzen zuten ahul zegoen edonor. Beraz, populazioa nabarmen gutxitu zen.

XVIII. mendean hasten da haurren elikadurari buruzko konfigurazio modernoa. Garai hartan, populazioaren handitzea bermatzeko asmoz, jaiotzaren aldeko politikak hedatu ziren. Haurtzaroa babestearen aldeko mezuak eman ziren, umezurtz-etxe gehiago eraiki ziren eta horietako asko medikuek gestionatuak izan zirenez, elikadurak osasunean eta hilkortasunean zuen eragina baloratzeko aukera izan zuten.

Mende horretan esate baterako, amaren esnerik ez bazegoen, asto-esnea ematea aholkatzen zen, eta horren faltan berriz, ahuntz, ardi edo behi-esnea.

Ildo beretik, Kimikaren garapena ere oso garrantzitsua izan zen. Esnearen osagaiak ezagutu eta elikadura artifiziala arautzeko aukera eman zuelarik.

XIX. mendean berriz, industriaren garapenari esker eta ezagutza zientifiko eta teknikoen erabileraren poderioz, hainbat gaixotasun epidemiko gutxiagotu ziren. Horri esker, Europako populazioaren hazkuntza nabarmena gertatu zen, esaterako, 1850. urtean 270 miloi biztanle izatetik, 1900. urtean 405 miloi biztanle izatera pasa ziren.

Baina, industriaren garapenaren albo kalte bat artisautza munduaren etengabeko gutxitzea izan zen. Eta ondorioz, herri txikietako jendeak hirietara alde egin zuen, landa eremuak populazio gutxirekin utzi arte. Gainera, emakumeak fabrika eta lantegietan hasi ziren lanean eta honek, seme-alaben hazkuntza eta zainketa oztopatu zuen. Horrela, inuderik izateko aukerarik ez zutenek, amaren esnea eman ordez behi-esnea ematen hasi ziren.

Horrez gain, haurren desnutrizioa eta izurriteak egon ziren eta arrazoi nagusia baldintza higieniko eskaseko hirietako pilaketa izan zen. Bestalde, garraio sistema hobeak izan arren, eta eguneko esnea landa eremutik hirira iristeko aukera izan arren, gaixotasun infekziosoak zabaltzeko arriskua ere zegoen. XIX. mende erdia aldera, esnearen kutsadura ekiditeko asmoz, esne kondentsatua eta geroxeago esne pasteurizatua sortu zen.

XX. mende hasieran esne-hautsa egitea lortu zen eta ontziratze prozeduraren bidez komertzializatua izan zen. Denboran zehar, esne-formula artifizialak hobetzen joan dira, bularreko esnearen mailara gerturatuz.

Esne mota berri honen kontsumoa igotzearekin batera, 40. hamarkadan inudeen desagertzea ekarri zuen.

Baina 60 eta 70. hamarkadaz geroztik gizartearen zenbait sektoreetan izugarrizko aldaketa gertatu zen. Batzuetan, inongo beharrik edo arrazoirik gabe amagandiko edoskitzearen ordez, elikadura artifiziala erabiltzeko joera indartu zen. Eta bularra ematearen tasak egunetik egunera gutxiagotzen ari zirela ikusirik, Illinoiseko emakume talde batek 1956. urtean “Esnearen elkartea” sortu zuten. Talde honen helburua honakoa zelarik: bularra eman nahi zuten amei laguntza eta babesa ematea.

XX. mende bukaerako eta XXI. mende hasierako egoeraz III. atalean hitz egingo da. Bertan, gaur egungo haurren elikadura, nutrizioa eta edoskitze naturala indartzeko neurriak aztertuko dira.