ERREGE MAGOAK

Ilbeltzaren bosta zen Manexen baserrian. Ordurako iraganak ziren Gabon gaua, Eguberri eguna, Urtezahar gaua eta baita Urteberri eguna ere. Eguberriak eta, beraiekin batera, opor egunak ere bukatzen ari ziren. Oporraldia bere amaierara iristen ari zen. Egun gutxi barru, berriz ere eskolara itzuli beharko zuen Manexek, gainerako haur guztiek bezalaxe. Ikuspegi hura ez zen oso pozgarria, baina, bueno, oraindik egun garrantzitsu eta handi bat zuen aurretik, alegia, Errege eguna, jostailu eta oparien egun bikaina. Gainera, kanpoan elurra zegoen eta hura oso gustukoa zeukan.

Hamabost egun eskas lehenago, Manex bere familiakoekin, hantxe ibili zen oso liluraturik, goroldio bila, baserritik bi bat kilometrora joanda. Beste egun batean, gorosti eder bat aurkitu nahian, basoan aritu zen, etxera eraman eta han eguberrietako apaindurak jartzeko. Gaur egun debekatuta dago espezie horretako zuhaixkak moztea baimenik gabe, baina garai hartan ez, eta jende askok huraxe bera egiten zuen, ederrenak moztu eta etxera. Jendea geroago hasiko zen pinuak jartzen eginkizun horretarako.

Esan bezala, ordurako, Eguberrien hasierarako, alegia, etxeko sarrera handian, jaiotza jarrita zuten, portalea zortzi egurrez egina eta goroldio orlegi ederrez estalia. Hantxe ziren Jesus haurtxoa, Maria, Jose, behia eta astoa, eta, kanpoan, gainerako irudi eta pertsonaia guztiak: artzainak, ardiak, arkumeak, oiloak, oilarra, Errege magoak, izarra, mendiak eta abar.

Gorostia ere oso ongi apainduta jarri zuten, kolore askotako argiekin, bolekin eta bat eta beste.

Baina, esan bezala, zoritxarrez, dagoeneko ospakizun handiko egunak eta oturuntza gehienak joanak ziren, hau da, igarota zeuden. Hala eta guztiz ere, zorionez, oraindik azken gau magikoa eta egun desiragarria gelditzen ziren, haur gehienentzat.

Esan bezala, ordurako ilbeltzaren bostean zeuden. Ilunduta zegoen. Jakina da Eguberrietan oso goiz gautzen duela. Bueno, ba, gauzak horrela, afaldu baino lehen, baserri inguruan, herriko mutil gazteen zintzarri hotsak entzun ziren pasatzen. Zein ote zen haien esanahia, auskalo. Erregeen etorrera? Baliteke. Segur aski, bai, baina, zehazkiago zer adierazi nahi zuten, gaur egun ez zaigu erraz gertatzen jakitea.

Dena dela, Manex zintzarrien hotsarekin baino askoz ere arduratuagoa zegoen Errege magoen etortzearekin berberarekin. Kezkatuta zegoela ere esan liteke, izan ere, kontu horren inguruan, ongi ulertzen ez zituen gauza asko ikusten eta sumatzen zituen, esate baterako, ezin zuen inola ere ulertu nola hiru Errege berberak egon ahal ziren hainbat hiriburu, hiri eta herritan aldi berean, nola banatu ahal zituzten beraiek bakarrik jostailu guztiak, gau bakar batean, ez etxe guztietan bakarrik, baizik eta eta baita baserri guztietan ere. Bere buruan ez zen sartzen holako konturik, nahiz eta irratiak eta telebistak hura esan; misterio handiegia zen berarentzat. Ezin zuen ulertu modu arrazionalean.

Beste alde batetik ere, harrigarria gertatzen zitzaion entzutea Errege magoak Ekialde Urrunetik etortzen zirela, baina beraien baserrira, ordea, hego-mendebaldean zegoen balkoitik sartzen omen ziren, hain zuzen ere; bitxikeria galanta! Baina, istorio denetan, gehien harritzen zuena zera zen, elurra zegoen urteetan kalea ikustea, hau da, baserri inguruko kanpoalde guztian ez topatzea gameluen hanka arrastorik. Etxeko ate eta leiho guztietan barna kanpora begiratu eta, hala ere, ez zuen gameluen aztarna txikienik ere ikusten; ezin zuen konprenitu. Nola joanen ote ziren, ba, hegan, ala? Manexek bueltak eta bueltak ematen zizkien gai hauei bere buru txikian, baina inola ere ez zen iristen beren logika ulertzera.

Beste alde batetik ere, Errege eguna igaro eta haurrak berriro herriko eskolan elkartu eta norbera bere opariak kontatzen hasten zirenean, Manex ohartzen zen aberatsen etxeetan opari gehiago eta garestiagoak uzten zituztela, behartsuen etxeetan baino, eta egikari hura ongi ez ulertzeaz gain, gaizki ere irizten zion egintza hari. Ez zitzaion bidezkoa iruditzen.

Gauzak hala, eta antzeko gertakariak urtero-urtero ikusita, azken Eguberri haietan probatxo bat egitea erabaki zuen gure mutikoak. Alegia, gurasoek esaten zioten hiru Erregeak, hau da, Meltxor, Gaspar eta Baltasar, etxeko balkoian barna sartzen zirela areto nagusira: jangelara. Orduan, urte hartako ilbeltzaren bostean egin zuena zera izan zen, ilundu ondoren, inor konturatu gabe, isilean eta arreta handiz, balkoian josteko hari bat jarri zuen alde batetik besteraino, Errege magoak handik barna pasatzerakoan, puska zezaten.

Horrela, bada, afaldu ondoren eta Errege magoei jangelan jarri beharreko gauza guztiak jarri eta gero, konparazio batera, galleta batzuk jateko, botila bat pattar, edontziak erdi beteta, zapatak garbi-garbiak, aulkiak esertzeko, balkoiko atea pixka bat irekita eta abar, Manex segituan joan zen ohatzera, gaua ahalik azkarrena igaro zedin. Baina, ilbeltzaren bosteko gauak gure mutikoarentzat beti eternalak izaten ziren, arrunt luzeak, bukaezinak batez ere lokartzen zen arte. Hantxe ibiltzen zen, lehenik alde batera biratu eta gero bestera, lo hartu nahian, baina zenbat eta lehenago loak hartzea nahi izan, orduan eta gehiago kostatzen zitzaion. Ondoren gora begira jarriko zen ohatzean, baina horrela ere loa ezin bildu. Azkenik, noizbait lortzen zuen lokartzea, baina, agian, handik bizpahiru ordutara berriz ere esnatu eta konturatzen zen gaua oraindik bukatu gabe zegoela, eta, orduan, berriro ere sufritu egin behar. Gaua amaiezina gertatzen zitzaion; eramangaitza.

Baina, bueno, gauak ere azkenean noizbait bukatu behar eta hura ere halaxe amaitu zen, eta Manex esnatu bezain laster, urduri eta ilusioz beterik, brinko batez jaiki eta arrapalada batean joan zen zapatak zeuden lekuraino; jangelara. Eskatutako jostailu guztiak –bizpahiru– hantxe topatu eta segituan hasi zen etxekoei irrikaz erakusten eta beraiekin jostatzen, pixa egiteko eta aurpegia garbitzeko ere batere denborarik hartu gabe.

Lehendabiziko eromen momentu haiek igarotakoan, Manexek tarte txiki bat hartu zuen jangelako mahaira begiratzeko eta berehalaxe ikusi zuen, beti bezala, goiz hartan ere, hiru edalontziak hutsik zeudela eta jarritako galleta gehienak ere janda. Une batez zera pentsatu zuen: “a zer-nolako betekada hartuko zuten Errege magoek gau honetan, gainerako etxe guztietan ere, hemen bezainbeste jan eta edan baldin badute!”. Jarraian, disimuluz eta bestela bezala, balkoira hurbildu zen, kanpoko aldean, bezperan, berak alderik alde jarritako josteko haria, ikustera hautsita zegoen ala ez. Ooooo! Hura desilusioa! Haria hantxe zegoen oso-osorik, batere hautsi gabe. Balkoi azpiko elurra ere ukitu gabe zegoen, inolako aztarna eta arrastorik gabe, eta berdin-berdin baserriko inguru osoan. Hura etsipena! Huraxe zen eztabaida eroa Manexek bere buru barruan zeukana! Ez zekien zer pentsatu, baina bere burua, jakina, oso nahasita sumatzen zuen. Horrek guztiak bere zalantzak eta harridura areagotu baino ez zituen egin.

Dena den, handik bi egunetara berriz ere eskolara joaten hasi behar eta mutikoak ez zuen denbora alferrik emateko; dena ongi aprobetxatu beharra zegoen. Horregatik etxeko hainbat lekutan jarraitu zuen jostaketan jasotako jostailu berriekin, jangelan, sarrerako gela zabalean, sukaldean, ukuiluan eta abarretan. Hala eta guztiz ere, geroago amarekin logelan topo egin eta honako hauxe galdetu zion:

–Aizu, ama! Opariak benetan Errege magoek ekartzen al dituzte?

Bai, noski! Zer, ba?

Ez dakit, baina gauza arraro asko ikusten ditut.

Zein adibidez?

Ba, konparaziora, esaten duzue Errege magoak gameluetan etortzen direla, baina gure etxe inguruko elurra ez dago batere zanpatuta; gameluen hanka arrastorik ere ez dago inon. Nola liteke hori, ama? –semeak, harriturik.

A, bueno, hori Erregeak magoak direlako duk, Manex; horregatik ez duk harritu behar –bota zion amak.

–Ez dakit, ez dakit, ba, ama! –esan zion mutikoak, inolako konbentzimendurik gabe–. Eta gau bakar batean nola banatu ahal dituzte haur denen opariak leku guztietan, baserrietan, herrietan, hirietan eta hiriburuetan?

–Esan diat, ba, lehen ere, Errege magoek magia egiten dutela, maitea!

–Bai, baina magia egin ahal baldin badute, orduan zergatik uzten dizkiete haur batzuei opari gehiago eta hobeak beste batzuei baino?; hori ez da bidezkoa, ama! –galdetu zion zorrozki semeak amari.

–Ai, bihotza!, galdera asko egiten dituk. Handiagoa haizenean, orduan ulertuko dituk hobeki gauza horiek guztiak –erantzun zion amak estu eta larri, ataka zail hartatik nola edo hala ateratzearren.

Manexek josteko hariaren pasadizoa ez zion aipatu amari, zer gerta ere, –ez zen asusartu– eta, ondorioz, hasieran bezain zalantzakor eta susmoti gelditu zen, baina ez zuen hitz gehiagorik esan. Berdintsu geratu behar.

Gauzak hala, bi egun haiek igaro eta eskolara joaten hasi zen gure mutikoa. Normala den bezala, haur bakoitzak jasotako opari eta jostailuen berri eman zien inguruko lagunei. Orduantxe ere, Manex ohartu zen alde nabarmenak zeudela batzuetatik beste batzuetara: neska-mutiko behartsuenek opari gutxiago eta kaxkarragoak jaso zituzten aberatsenek baino. Zergatik ote? Hura ere handixeagoa zenean jakin beharko zuen, noski.

Handik astebetera, neguko egun eguzkitsu batean, eskolatik jostaldira atera zirenean, Manex Joxerekin topatu eta hauxe galdetu zion azken honek:

Manex!, etorri nahi al duk nirekin etxera, gaztainak jatera? –izan ere, Joxeren etxean bezperan gaztaina erreak jan ondoren sobratzen baldin baziren, honen amak oparitu egiten zizkien jostaldian joaten ziren haurrei.

Bai, bai! Gustura asko, gainera! Ze ongi! Eskerrik asko, Joxe!

Etxerako bidean, Manexek aprobetxatu nahi izan zuen Joxeri galdetzeko ea zer ekarri zioten Errege magoek, eta egin ere, halaxe egin zuen.

Aizak, Joxe! Eta hiri ze ekarri diate, ba, Erregeek aurten? –Joxe Manex baino zaharxeagoa zen; eskolako azken ikasmailan ari zen.

Erregeek niri? Niri Erregeek ez zidatek deus ere ekartzen! Niri gurasoek ekartzen zidatek.

Bueno, hori bazekiat! Niri ere gurasoek gauza asko ekartzen zizkidatek, baina nik Errege magoen egunean esan nahi diat, ilbeltzaren seian; ze ekarri ziaten hiri?

–A!, baina oraindik ez dakik, ala? –Joxek, harrituta.

–Ze jakin behar nian, ba? –Manexek, jakin-minez.

–Ba, Errege magoak gurasoak direla, motel! Gurasoek gu engainatu eta beraiek egiten zizkigutek opariak, Erregeak direlakoan.

–Seguru al hago, Joxe?

–Bai, zeharo seguru!

Eskolako zereginak bukatu ondoren, Manex baserrira itzuli bezain azkar, amarengana hurbildu eta, urduri, ziplo bota zion:

–Ama, eskolako Joxek esan dit Errege magoak zuek zaretela; hala al da? –galdetu zion semeak amari, beldurrak airean.

–Bai, halaxe duk, bai. –Azaldu zion amak, poliki–. Azkenean jakin duk egia, e? Lehenago edo geroago gertatu behar zian; aukeran, agian, goizegi jakin duk, baina ze eginen diogu, ba? Esan nian handitzen hintzenean jakinen huela, eta, begira, azkenean jakin duk, ba, egia osoa, gizajo horrek!

–Ooooo! Hau pena! Eeeez! –oihu egin zuen mutikoak atsekabetuta eta nahigabeturik, lurra ostikoz joaz.

Orduan konturatu zen bere susmoek bazutela oinarri sendoa, benetan; ez zebilen hain gaizki. Une hartantxe ulertu zituen zeuzkan zalantza eta kontraesan guztiak. Halaber ohartu zen inozentzia puskatxo bat behin betiko galdu zuela. Handik aurrera ez zen horren haurtxoa izanen, onerako eta txarrerako, eta, horrek beldur eta ziurgabetasun pixka bat sorrarazten zizkion bere baitan. Hala ere, gorabehera haietatik guztietatik pozbide txiki bat behintzat atera zuen Manexek bere onerako, alegia, jakin eta ulertu zuen haur behartsuenak ez zirela gelditzen opari gutxiagorekin eta kaxkarragoekin Errege magoen erruagatik, baizik eta haien gurasoek ez zeukatelako diru gehiagorik, erosketak egiteko.