HORMA BELARRA

Horma belarra. Izen botanikoa Parietaria officinalis da, Urticaceae familiakoa. Landare honi parietaria, horma belarra, pareta belarra, gibel belarra, odolbelarra, rompepiedras, hierba para el hígado, hierba para orinar, hierba para las piedras del riñón eta abar deitzen zaio. Parietaria generoak 20-30 espezie ditu. Manuel Larramendik orma-belarra deitzen dio (Diccionario trilingüe. Donostia. 1745). Lacoizquetak dio lapurtarrek odol-belharra deitzen diotela (Diccionario de los nombres euskaros de las plantas. Iruña. 1888). Parietaria latinezko paries (pareta, horma) izenetik dator eta officinalis ere latinetik dator (farmazietan eta belar dendetan saltzen den sendagaia).

Horma belarra landare belarkara eta bizikorra da, 70 zentimetro luze izan daiteke. Zurtoin zurkara, gorrixka, zuzena edo makurtua, iletsua. Landarea, pareten zirrikituetan sortzen da. Hosto alternoak, bigunak, peziolatuak, koskagabeak, iletsuak, arrautza eta lantza itxurakoak, gainaldea berde distiratsua, azpialdea berde matea, nerbiazioa oso nabarmena. Loraldia, eskuarki, martxotik urrira arte, hala ere, edozein urtarotan, eskualdearen arabera, loratu ahal da. Lore berdexkak edo gorrixkak, bosna edo seina multzokaturik, hostoen galtzarbeetan sortzen dira. Txikiak, hermafroditak gehienak, eta periantio tutu-formakoa. Lore emeak ere baditu, bakanak betiere, hauek periantio lobulatua dute. Lau estamine, estilo bakarra eta estigma lumatsua. Fruituak oso txikiak, intxaur-formakoak, beltzak, distiratsuak, konprimatuak. Pareta zaharretan, hormetan eta harkaitzen arrailetan sustraitzen da, baita horien oinetan ere. Hortik datorkio izena: horma belarra, pareta belarra. Halaber, ezpondetan eta lahar artean sortzen da.

Parietariak Mediterraneoko lurretan du sorburua. Egun, ipar hemisferioko gune heze eta epeletan sortzen da: Asian, Europan, Ipar Amerikan eta Afrikako iparraldean, inguru tropikalak ez diren lekuetan.

Parietariaren sendatzeko ahalmena antzinatik ezaguna da. Euskal Herrian, herri medikuntzan, oso erabilia eta estimatua da. Landare osoak gatz potasikoak, taninoak, flabonoideak, osagai mikatzak eta muzilagoak ditu.

Pixeragile gisa, landare osoaren infusioak, sustrairik gabekoak, hartzen dira. Landarearen eragin diuretikoa handia da. Propietate hori potasio nitratoari eta flabonoideei zor die. Giltzurrun-kalkuluak tratatzeko, bederatzi egunez, baraurik, infusio-katilukada bat hartzen da. Jarraian, aste bat atseden hartu, eta berriro tratamendua egin. Infusioak egiteko 25-30 gramo litroko erabiltzen dira.

Halaber, Euskal Herrian, herri-medikuntzan, hepatitisa eta gibeleko beste gaitzak tratatzeko askotan hartzen da (gibel belarra, hierba para el hígado deitzen zaio). Infusioaren zaporea gozatzearren, infusioak limoi- edo laranja-urez zein eztiz lagunduta hartu ahal dira.

Giltzurrunetako eta gibeleko gaitzak tratatzeko landarearen kanpoko aldea, freskoa edo lehorra, erabiltzen da. Infusioak hartzen dira. Zenbait lekutan, landarearen egosketaren ura hartzen da: hogei egunez, egunero zurrut txiki bat eginez. Beste lekutan, landarea egosten da, gau guztia utzi, eta hurrengo goizean, baraurik hartzen da. Horrela hiru egunez, jarraian beste hiru egunez atseden hartu, eta berriro hasi. Zenbait lekutan, gibeleko gaitzei aurre egiteko horma belarra eta hepatika (Hepatica nobilis) batera hartzen dira, biak nahastuz eta infusioak eginez. Beste lekutan, horma belarrarekin eta berbenarekin, biak nahastuz, infusioak egiten dira.

Erabilera topikoan, gorputzeko kanpoko ataletan alegia, zauriak, erredurak eta zafardak (ubeldurak, kontusioak) tratatzeko erabiltzen da.

Bestalde, kontuan hartu behar da landare honen polenak askotan alergia eragiten duela; udaberriko eta udako prozesu alergikoak, alegia: konjuntibitisa, muki-jarioa, asma-sintomak, doministikuak eta abar.

Parietariaren hostoak, bestalde, entsaladatan, zopa moduan zein barazki-menestratan hartzen dira gaitz horiei guztiei aurre egiteko.

Pello Iturria Sarasibar