GEOLOGIA 1- FISIKA 0

Fernando Plazaola

Artikulu honetan saiatuko naiz erakusten XX. mendeko, eta bereziki mendearen lehen erdiko fisikaren nagusitasuna ez zela arlo guztietara heldu. Izan ere izenburuak dioen bezala Geologiak gol galanta sartu zion fisikari garai horretan.Hala ere, eta bigarren artikulu batean azalduko denez, XX. mendearen laugarren laurdenean, fisikaren arrakasta edo eraginkortasuna hain handia izan ez zenean, fisikak partidua enpatatzea lortu zuen.

Artikulu hau bi ataletan banatuta dago, orain irakurtzen hasi zarena XX. mendea arte iritsiko da, eta gutxi gorabehera, hilabete bat baino arinago plazaratuko dena XX. mendeko aurkikuntzei buruz arituko da. Gainera bi ataletako artikulu honi, lehen aipatu dudan bezala, beste bat jarraituko dio, “Geologia 1 -Fisika 1” izenburua izango duena.

Albert Einsteinek, 1905. urtean, apurtzaileak izan ziren 5 artikulu argitaratu zituen. Horregatik 1905 urteari “Albert Einsteinen urte miresgarria” deritzo. Izan ere, horietako batean, “Einstein, A. (1905). «Zur Elektrodynamik bewegter Körper», Annalen der Physik (Berna) 17: pp. 891-921” artikuluan hain zuzen, Erlatibitate Berezia Teoria garatzen du. Teoria honetan garaturiko ekuazioek oso kolokan jarri zituzten hain gureak diren hainbat kontzeptu, hala nola besteen artean, denboraren absolututasuna (hain barneratuta dugun denbora bat eta bakarra dagoela eta bi gertakizunen arteko denbora behatzaile guztiek berbera neurtzen dutela); aldiberekotasuna; espazioaren uzkurdura; abiaduraren muga maximoa edo unibertsala edo masa eta energiaren baliokidetasuna (E=mc2 ospetsua).

Erlatibitate Berezia Teoriaren plazaratzeak iraultza galanta eragin zuen, baina aipatu beharra dago garai hartan Lur planetaren adina zein zen inork ez zekiela.Izan ere Lurraren adinari buruzko eztabaidan bide berriak urratzen hasiak ziren eta eztabaida sutsua zegoen.

Solvaylehen 3 kongresuak 1911, 1913 eta 1921 urteetan ospatu ziren. Lehenengoan erradiazioaren eta quantaren teoriari buruz aritu ziren, bigarrenean materiaren egiturari buruz eta hirugarrenean atomo eta elektroiei buruz, baina oraindik inork ez zekien zein zen Lurraren adina.

Albert Einsteinek, 1915. urtean, Erlatibitate Orokorra Teoria argitaratu zuen. Teoria honek ere iraultza itzela ekarri zuen. Honek ere oso kolokan jarri zituen hain gureak diren hainbat kontzeptu, hala nola grabitate-indarraren kontzeptua; Newtonen ostean denak “ezagutzen” dugun distantziara eragiten duen

grabitate-indarrarena

Erlatibitate Orokorra Teoriaren arabera grabitate-indarra ez da existitzen. Baina, nola liteke? galdetuko diozu zeure buruari irakurle. Sagarrak, orain ere, zuhaitzetik zorura jausten dira!!! Erlatibitate Orokorra Teoriak esango dizu masek espazio-denboraren geometria aldatzen/kurbatzen dutela (kasu honetan Lur planetaren masak) eta horren ondorioz sagarrak zuhaitzetatik zorura beti jausten direla, hots, Erlatibitate Orokorra Teoriak eskolan irakatsi diguten grabitate-indarra espazio-denboraren geometriarekin lotzen/baliokidetzen edo hobe, ordezkatzen du. Ordezkapena ez da semantikoa, izan ere Erlatibitate Orokorra Teoriak proposaturiko eremu-ekuazioak Karl Schwarzschild-ek egoera ez tribial batean ebatzi zituen lehen mundu gudako Errusiako frontean zegoelarik. Einsteini bidali zion eskutitzean, 1915eko abenduaren 22an datatua, honela zioen “Ohar zintezkenez, tiro gogorrak jasan arren, gudak nahiko adeitasunez tratatu nau, aukera eman bait dit, guztitik aldenduz zure ideien esparruan ibilaldi bat eman ahal izateko”. Eskutitzean ageri zen Einsteinek proposaturiko erlatibitate orokorraren ekuazioen lehen ebazpen zehatza, eta ebazpen honek zulo beltzei bide zuzena eman zien. Hala ere, lan honek ez zuen erakargarritasun handirik jaso, garai hartan inork ez baitzuen uste, postulatzen zuen hain masa handiko objekturik existitzen zenik (gorputz/izar horretako ihes-abiadura, argiaren abiadura baino handiagoa behar zuen izan). Urte asko pasa behar izan ziren bere ideia seriotasunez hartua izateko, 1960. hamarkadaren amaiera arte itxaron behar izan zen, John Archibald Wheeler zientzialariak 1967an astro ilun posible horiek “zulo beltz” deitu zituen arte.

Karl Schwarzschild urtebete beranduago, 1916an hil zen, 42 urterekin, armadan hartutako gaixotasun larri baten ondorioz.

Erlatibitate Orokorra Teoriaren baieztapena Arthur Stanley Eddintong-ek burutu zuen. Eddington, Afrikatik hurbil dagoen Principe uhartera bidaiatu zuen 1919ko maiatzaren 29an gertatu zen eguzkiaren eklipse osoa aztertzera. Eklipsea gertatzen zen bitartean eguzkiaren ondoko izarren argazkiak atera zituen. Einsteinen Erlatibitate Orokorra Teoriaren arabera eguzkitik hurbil agertu beharko liratekeen izarrak apur bat desplazatuak egon beharko lirateke. Euren argia eguzkiaren eremu grabitatorioak kurbatuko lituzkelako. Efektu hau, garai hartan, eklipse batean ikus zitekeen soilik, eta behatu zutena bat zetorren Einsteinen Erlatibitate Orokorra Teoriarekin. Baieztapen honek, Einstein mundu osoan ezaguna egin zuen, izan ere, sekula izan den zientzialaririk ezagunena bilakatu zuen.

EguzkiarenEklipseOsoa 1919ko maiatzaren 29an                                                                                       Times, 1919-07-11

 

Harrigarria badirudi ere, kontatutako istorio guzti hori gertatu eta gero ere, oraindik inork ez zekien zein zen Lurraren adina. Inork ez zekien zein zen gu jasotzen gaituen Lurra noiz sortu zen.

Lurraren adinari buruz, ordura arteko iragarpen/aurreikuspenmamitsuenak, fisikariek eginak, ez zetozen bat Charles Darwinek proposatutako teoria ebolutiboarekin. Honek guganaino heltzeko, gure espezieraino heltzeko, denbora luzea pasatzea eskatzen baitu, eta aldiz, goian aipaturiko ezagutzaren aurrerapen guzti horiek eman zirenean, garai hartan proposaturiko Lurraren adinak ordurako oso errotua zegoen Darwinen teoria zalantzan jartzen zuen.

Goazen deskribatzea hasiera-hasieratik zein urrats jarraitu ziren egun ezagutzen dugun Lurraren adina, 4.500 miloi urte gutxi gorabeherakoa, ezagutu arte.

1.- XX. mendera arteko Lurraren adinari buruzko eztabaida

1.1.- Biblian oinarrituriko kronologiak

Erlijio judeo-kristaua bizi garen munduak hasiera bat izan zuela postulatzen lehena izan zen. Beraz, kultura horiek jotzat hartu zuten hasiera baten ideia, kreazioaren ideia, eta ez, betiko existentziarena, hots, existentzia eternalarena edo existentzia ziklikoarena (jatorri hinduko erlijioak dioten bezala, esate baterako).

Bibliak ez du adierazten zein den Lurraren adina, baina Irlandako elizaren James Ussher artzapezpikuak (1581-1656), 1650. urtean “Annales Veteris Testamenti, a prima mundi origine deducti, una cum rerum Asiaticarum et Aegyptiacarum chronico, a temporis historici principiousque ad Maccabaicorum initia product tratatua idatzi zuen eta bertan Testamentu Zaharreko genealogiak jarraituz (ikus James Barr [1]) ondorioztatu zuen Egutegi Julianoaren Kristo Aurreko 4004. urteko urriaren 23an (udazkeneko ekinoziotik hurbil) mundua sortu zela. James Barr-ek Ussheren lanean hiru periodo desberdin identifikatu baditu ere, azalpena errazteko asmoz lan honetan 5 periodo erabiltzen ditugu:

1.- “Aro modernotik Kristoren jaiotzarainokoa”. Periodo hau, denok oso ondo ezagutzen dugu. Hala ere, kreazioa noiz izan zen ondorioztatzeko Kristo noiz jaio zen ondo jakin behar zen. Ussherrek hartu zuen Kristo,KA5 urtean jaio zela. Kristoren jaiotza KA 5 urtean hartu zuen, Anno Domini-ren sortzaileak, Dionysius Exiguus-ek, errore bat egin zuela suposatzen zelako.Izan ere Josephusen arabera Herodes KA 4 urtean hil bazen, Mateoren ebanjelioa zuzena dela hartuz urte hori baino beranduago ezin zitekeen Kristo jaio.

2.- “Kristoren jaiotzatik Babiloniako Amel Marduken erregetzaraino”. Kalkulu hau egiteko Babiloniarren, Grekoen eta Erromatarren iturriak erabili zituen Amel Marduk erregetzara noiz heldu zen jakiteko, KA 562n hain zuzen ere.

3.-“Babiloniako gatibutasunetik Salomonen tenpluaren aldiraino” James Barr-ek dio periodo hau dela guztietatik kalkulatzeko zailena. Judearen erresumak bat bestearen segidan jarriz 430 urte batzen dira, baina erresuma horien artean gainezarpenak ageri direla kontutan hartu zuen eta balio hori 424 urtetara gutxitu zuen: KA 588tik KA 1012raino.

4.- “Salomonen tenpluaren alditik Abrahamen migrazioraino” tarte honetarako Ussherrek 910 urte kalkulatu zituen, KA 1012tik KA 1922raino.

5.- “Abrahamen migraziotik Kreazioraino” James Barr-ek dio periodo honen luzera ez dela zaila kalkulatzen,Genesis5 eta 11 liburuetan ageri diren leinu/familia desberdinen data kronologikoak jarraituz. Ussher-ek periodo honen iraupenak 2082 urtekoa zela ondorioztatu zuen, KA 1922-KA 4004 tartekoa hain zuzen. Hots, gai izan zen deduzitzeko kreazioa KA 4004 urtean gertatu zela.

Ussherrek ez zuen kalkulua kreazioaren urtera mugatu soilik, urte sasoia (eztabaida handiak eman zituena bera bizi zen bitartean) eta eguna ere mugatu zituen. Izan ere, egutegi judutarra erabili zuen kreazioaren lehen eguna udazkeneko ekinokziotik hurbil zegoen igande batean gertatu zela ondorioztatzeko, urriaren 23an hain zuzen ere.

Garai hartan Ussherrek Kreaziorako proposaturiko data nahiko hurbil dago, Bibliako genealogietan oinarritutako proposamen gehienekin. Adibidez, adierazgarri bi, Jose ben Halafta-k KA 3761 urtea kreaziorako eta Bede-k KA 3952emanikoak dira.

Egun dugun ezagutzatik begiratuta inozokeriak iruditzen zaizkigu kalkulu hauek. Denboran atzera egin dezagun, eta jar gaitezen haien haragitan. Nondik gatoz?, nora goaz?, orain ere egiten ditugun galderak dira.Baina are sakonagoak ziren garai haietako kuriositate intelektual handiko pertsonetan, gaur dugun ezagutza baino askoz ere murritzagoa baitzuten. Beraz, saia gaitezen orduko pertsonak oraingo irizpideekin ez epaitzen. Izan ere, oso ondo ezagutzen ditugun garai haietako bi zientzialari/filosofo natural/fisikari, eta eskolan fisika irakastean inpresio ikaragarria guregan sortu zutenak, Johannes Kepler eta Isaac Newton hain zuzen, oso ongi ezagunak biak, mota honetako kalkuluak ere egin zituzten. Johannes Keplerrek KA 3992an kreazioa gertatu zela ondorioztatu zuen 1614an idatzitako “Devero Anno, quo aeternus Dei Filius humanam naturam in Utero benedictae Virginis Maria eassumpsit” artikuluan eta Sir Isaac Newtonek KA 4000n gertatu zela dio 1728 urtean idatzitako “The Chronology of Ancient Kingdoms Amended” izenburuko artikuluan.

1.2.- Naturalistak

Beraz, XVII-XVIII mendeetako kronologiek, Biblian oinarritutako metodoetan garatuak, Lurraren adina 6.000 urte inguruan jartzen zuten. Gainera, aipatu beharra dago tradizio Judeo-kristauek Lurra eta unibertsoa gertaera bakar batean sortu zirela hartzen zutela.

XVIII. mendearen erdi aldera Mikhail Lomonosov (1711-1765)zientzialaria lehena izan aditzera ematen Lurra bere kaxa sortu zela, Unibertsoaren beste zatiekiko independente, eta bata bestea baino ehundaka milaka urte lehenago sortua [2]. 1779 urtean Buffoneko Konteak esperimentu baten bidez Lurraren adina neurtzen saiatu zen. Berak sinisten zuen Lurra hasierako egoera bero batetik apurka-apurka hozten egon zela eta, horregatik, Lurraren antzeko konposizioa zuen globo txiki bat egin zuen eta globoaren hozte abiadura neurtu zuen. Hemendik estimatu/zenbatetsizuen Lurraren adinak 75.000 urte inguru izan behar zituela.

Lomonosov eta Buffon izan ziren XVIII mendean Lurraren adina era zorrotz batean zenbatesten saiatu zirenak bakarrak. Gainontzeko naturalista gehienek berriz, ez ziren arduratzen Lurraren adinari buruz.Izan ere, denbora oso luzea pasa zela oraingo egoerara heltzeko zioten. Azken ikuspegi hau oso ondo adierazita ageri da James Hutton-ek 1795an argitaraturiko “Theory of the Earth” liburu klasikoan [3]: “Ez dugu hasiera baten lekukorik topatzen, eta amaiera baten arrastorik ere ez”. Izan ere liburu hau Uniformitarismoa Teoriaren oinarria izan zen.

Periodo geologikoen kronologiak Huttonen garaikideek kezkatzen zituen. Hainbatetan arrokek ezagutzen ez ziren organismoen fosilak zituzten, eta batzuk interpretatu zuten arroka-geruzaz geruza ageri ziren organismoen aldaketak organismoen garapena adierazten zutela. 1790 urtean, William Smith naturalistak,aipaturiko fosilak kontutan hartuz, honako hipotesi hau plazaratu zuen: Oso kokapen desberdineko bi arroka-geruzek, antzeko fosilak edukiz gero, onargarria da esatea arroka-geruza biak adin berdinekoa/antzekoak direla. Ideia hauetan oinarrituta naturalistak estrapolazioak egiten hasi ziren periodo geologikoen denbora-tartea zen batesteko. Zoritxarrez, egiten zituzten zenbatespenak naturalisten araberakoak ziren, euren artean oso desberdinak,geruzak osatzeko behar den denboraren inguruko asmakizun gordinak besterik ezin bait zituzten egin. William Smithen ilobak, John Phillips-ek, bere osabaren hipotesia jarraituz, Lurraren adina 96 milioi urtekoa izan behar zuela ondorioztatu zuen. Biblian oinarritutako kalkuluek baino adin askoz luzeagoa proposatu zuen.Beste naturalista batzuek aipatu berri diren hipotesiak erabili zituzten Lurraren historia eraikitzeko, nahiz eta ez jakin zenbat denbora behar zuten geruza estratigrafikoek finkatzeko.

1830-33 urteen artean Charles Lyell(1797-1875) geologoak “Principles of Geology” liburuaren 3 bolumenak argitaratu zituen [4] eta aipaturiko lanei indar teoriko galanta eman zien. Lyellek behin eta berriro zioen arroken osatzea eta beste ezaugarri geologikoena higatze eta erreformatze aldaketa-abiadura konstante batez denboran barrena gertatzen zela. Naturalistek ez zuten Lyellek plazaraturiko nozioak erabili Lurraren ezaugarrien adina kalkulatzeko, prozesu geologikoei buruz zegoen data oso urria baitzen. Lyellek hainbat naturalista,uniformitarista bihur zedin konbentzitu zuen. Hau da, uniformitaristek ez zuten onartzen arin osatzen ari zen Lurra gazte bat existitu zenik, ez eta ere katastrofe geologikoen ondorioz aldaketa bortitzik sortu zenik ere. Izan ere, arroketatik eta hezurretatik atera daitekeen informazioa periodo geologiko bakoitzak, beharbada, ehundaka milioi urte iraun duela, eta lurraren adinak balio horien biderkaketa beharko luke izan aditzera ematen du.

Charles Lyell geologoa (1797-1875).

1.3.- Fisikariak lanean

Glasgow-ko William Thomson (1824-1907) fisikariak (beranduago Lord Kelvin izendatuko zutena) 1862an kalkulatu zuenean Lurraren adina 20 eta 400 milioi urte artekoa zela naturalistak zur eta lur geratu ziren.

Thomson uniformitarismoaren aurkakoa zen, hauek ziotena oso gerta ezina irizten zion eta uniformitaristei erantzunez honela zioen “Lur planeta hau, milioika urte lehenago, globo gorri beroa zen …”. Berak eta orduko beste hainbat fisikarik uste zuten Lurra hasiera batean urturik zegoela; azala hoztu eta solidotu egin zela, baina barneko nukleoa bero irauten zuela. Gero eta Lurraren barnerago sartu, gero eta tenperatura handiagoa.

William Thomson fisikaria. Lord Kelvin izendatua (1824-1907).

Lurraren adina deduzitzeko Thomsonek suposatu zuen Lurra, hasiera batean, tenperatura homogenoa zuen esfera erabat urtua edo funditua zela eta orduz geroztik azaletik hozten ari zela,beroa eroankortasun termikoaren bidez garraiatzen zelarik. Bere burutapenak zioen, denbora pasa ahala, Lurraren azaleraren gradiente termikoa gutxitzen joango zela, eta gradiente horren datu esperimentalak erabiliz, Lurraren adina lor zitekeela. Hau da, hasiera bero horretatik gaurko eguneko egoerara iritsi arte zenbat denbora pasa den kalkulatu zuen. Lurrak duen berotasun guztia, Eguzkiaren ekarpen txiki bat salbu, Lurra osatzean gertaturiko grabitate-kontrakzioaren/uzkurduraren ondorio zela susmatu zuen. Gero, Lurrak beroa zein ondo garraiatzen duen eta zenbat bero behar den Lurra urtzeko edo bere tenperatura kopuru batean altxatzeko ikertu zuen. Ziur zegoen Lurra apurka-apurka era uniformean hoztu zela, energia espazioko huts hotzera erradiatuz, termodinamikaren bigarren legeak dioena jarraituz. Jean Baptiste Joseph Fourierren bero-eroankortasunaren teoria erabiliz Lurraren tenperatura banaketaren eboluzioa aurresan zuen. Egindako kalkuluak Eguzkitik jasotzen den beroa eta marea-marruskaduraren eraginak lortuz baieztatu zituen.

Zenbatetsiko tartea hain zabala da (20-400 milioi urte), ziurgabetasun asko eta ezberdinak zituelako segidan aipatutako parametroetan:

  1. Arrokaren urtze-tenperatura ez zuen ezagutzen. Lurraren barneko tenperaturari balio bera esleitu zien.
  2. Arroken eroankortasun termikoak.
  3. Arroken bero ahalmen espezifikoak.

Kalkulu honetan ez zuen kontutan hartu Lurraren barneko konbekzioa (bere aburuz Lurraren barnean konbekzioa bidera dezakeen likidorik ez dago).Beroaren konbekzio termikoak Lurraren goi mantuaren tenperatura altuago bat mantentzea denbora luzeagoan onartzen du, eta Lurrazaleko gradiente termiko handi batek luzeago irauten du.

Thomsonen lanak geologoak larritu zituen,oso eroso baitzeuden mugagabeko denboraren ideiarekin. Ez zitzaien batere gustatu Fisikari bat, ospe handikoa izan arren, berea ez zen Ikerketa esparru batean sartzea (hau ez da orduan bakarrik gertatu, oso zabaldua dago. Orain ere gertatzen da ikerkuntzaren esparruan, eta beste hainbat arlotan ere), baina ez zituzten aurka egiteko argumenturik. Thomsonek estatu kolpe bat eragin zuen: metodo kuantitatiboen mesedetan, geokronologia kualitatiboa birrindu zuen.Thomsonen zenbatespena Lurraren adinari buruzko estandarra bilakatu zen mendearen amaiera arte; plazaratzen ziren beste emaitza guztiak zenbatespen hauekin alderatzen ziren.

Thomsonen kalkuluek Geologoak bezain beste edo gehiago Biologoak asaldatu zituen.Charles Darwinek (1809-1882) “On The Origin of Species” liburu famatua, 1859 urtean argitaratu zuen [5], eta plazaraturiko teoriak dio ezagutzen dugun dibertsitate biologikoa lortzeko, hautaketa natural geldoa behar dela. Darwinek Thomson “odious espektrotzat hartzen zuen. Darwinek eta beste biologoek postulatua zuten organismo konplexuek 40 milioi urte baino gehiago beharko luketela garatzeko. Baina organismo bizirik ez eta fosilik ere ez zuten oinarririk ematen kalkulu independente bat egiteko,kalendario biologikoa geologian oinarritzen baitzen.

Thomsonek lorturiko emaitzak Darwinen jarraitzaile sutsuenekin borrokan jarri zituen, John Tyndall eta Thomas H. Huxley zientzialariekin bereziki.Azken honek,1869anLondonekoGeologicalSociety“ elkarterako bere presidentetzarako hitzaldian argudiatu zuen geologo moderno batek ez zuela gehiago insistituko uniformitarismo absolutu batean, baina uniformitarismoaren printzipioek aplika zitezkeela. Hori esan ostean bere erretorika Thomsonen aurka jarri zen. Admititu zuen “ez da baimendu behar prozesu matematikoen zehaztasuna, guztiz onartezina den agintaritza-itxura ematen duena, ondorioen gainetik jartzea, formulen orrialdeek ez bait dute datu solteetatik emaitza zehatzik lortzeko aukerarik”. Beharbada, Huxleyk aditzera eman zuen, Lurretik erradiatutako beroa, Thomsonek suposatu zuena baino motelago gerta zitekeela. Eta bere baitan kalkuluak onak ziruditela, baina hipotesi okerretan oinarritzen zirela.

EzkerreanThomas Henry Huxley geologoaren (1825-1895) karikatura,CarloPellegrinik irudikatua. Eskuinean George Howard Darwin astronomoa (1845-1912).

Emaitzak plazaratu ostean Thomson ez zen eztabaida honetan ibili zen bakarra. Hermann von Helmholtz mediku eta fisikari alemanak 1856 urtean eta Simon Newcomb astronomo kanadiarrak 1892 urtean, 22 milioi urte eta 18 milioi urte kalkulatu zuten, hurrenez hurren. Bi hauek, era independentean kalkulatu zuten zenbat denbora beharko lukeen hauts-nebulosa batek grabitazioaren eraginez Eguzkiak egun duen diametrora eta igortzen duen argitasunera kondentsatzeko.

Charles Darwinen semea ere, George H. Darwin (1845-1912), Cambridge unibertsitateko astronomia irakasle berau, eztabaidan sartu zen ere. Honako hau proposatu zuen:

  1. Ilargia “askatu” egin zela oso arin biratzen ari zen Lur urtu batetik.
  2. Ostean Lurraren biratze abiadura moteldu egin zela marea-marruskaduren eraginez .
  3. Kalkulatu/zenbatetsi zuen zenbateko denbora behar zen Lurraren egungo 24 orduko errotazio-periodora moteltzeko, hau da, egun dugun 24 orduko eguna edukitzeko.

Oinarri horiek kontutan hartuz,kalkulatu zuen balioa 56 milioi urtekoa izan zen.Thomsonen zenbatespenekin bat egiten zuen.

Geologo batzuek ere bat egin zuten Thomsonen zenbatespenekin, hala nola lehen aipatu dugun William Smithen ilobak, John Phillips-ek, bere osabaren hipotesia jarraituz, Lurraren adina 96 milioi urtekoa izan behar zuela ondorioztatu zuen. Archibald Geikiek ere, Eskoziako “Geological Survey”ko zuzendariak, higaduraren ebidentziak aztertu zituen eta ondorioztatu zuen Lurra ez zela 100 milioi urte baino zaharragoa.

1899 urtean Dublin unibertsitateko John Jolyk(1857-1933) teknika geologiko berri bat Lurraren adina neurtzeko plazaratu zuen. Ozeanoetako gatza guztia higaduren eraginez disolbatutako depositu mineraletatik zetorrela proposatu zuen. Halaber, proposatu zuen, ozeanoetako gatz-kontzentrazioa ezin zitekeela gutxitu. Beraz Jolyk gazitasunaLurraren adinarekin lotu zezakeen. Kalkuluetarako segidako urratsak jarraitu zituen:

  1. Kalkuluetarako beharrezkoak zituen Ozeanoetara urtero heltzen zen ur-kopuruaren eta bolumen unitateko gatz-kopuruaren balioak,garai hartan lor zitezkeen balio hoberenak erabili zituen.

  2. Ostean,ozeanoen gatz-kopurua urtero zenbat handitzen zen lortu zuen.

  3. Ozeanoaren gazitasuna ozeanoen bolumen osoaz biderkatu zuen.

  4. Biderkadura hori urteroko handipenaz zatitu zuen.

Era honetan, ezagutzen dugun egungo ozeanoak 80-90 milioi urte behar izan zituela garatzeko Jolyk kalkulatu zuen.

Gutxi gora behera garai berean geologo kopuru gero eta zabalago batek irentsi zuen Lurraren adina 100 milioi baino gutxiagokoa zela. Hala ere, kritikoak bazeuden ere, eta honako zalantza hauek aipatzen zituzten:

  1. Uzkurdura grabitatorioa bakarrik erabiltzen zela Lurraren edo Eguzkiaren beroa azaltzeko. Ezagutzen ez zen beste energia mota posible izan zitekeela.

  2. Batzuk zioten Lurra ez zela sekula urtu.
  3. Beste batzuk ordea aditzera ematen zuten Lurraren barnea oraindik urturik zegoela. Barne-likido batek berotasuna konbekzioz garraiatuko zukeen (Thomsonek hau ez zuen kontutan hartu, eta ez zuen onartzen).John Perry fisikariak, Thomsonen laguntzaile ohiak, Nature aldizkarian artikulu bat argitaratu zuen1895 urtean[6],non aipatzen duen Thomsonek erabili zuen Lurraren barneko eroankortasun termikoa txikiegia zela, handiagoa beharko zukeela. Lurraren barnean jariakina beharko lukeela zioen (Lord Kelvin, arrazoi desberdinengatik, hipotesi honen aurka zegoen).Hipotesi horren pean, Lurraren adina askoz luzeagoa lortu zuen, 96×108 urte = 9.600 milioi urte!!! Baina, argitarapen honek berehalako-inpaktu oso txikia izan zuen, Thomsonen emaitzekin bat ez zetorrelako eta halaber, Lurraren jariakinaren existentzia ez zuelako onartzen.

  4. Beste batzuk kritiko ziren higadura, sedimentazioa eta gazitasuna kalkuluetan erabilitako dataren balioekin.

Hala ere, XIX. mendea bukatzear zegoenean geologo gehienek onartzen zuten Lurraren adina 100 milioi urte ingurukoa zela. Eta hori Thomsonekin adiskidetu gabeko diferentzia asko zituztela. Baina, Thomsonen ospea garaiko zientzialarien artean oso handia zen. Izan ere, zientzian zuen ospeagatik, bereziki termodinamika esparruko lorpenei esker, “Lord” izendatu zuten lehen zientzialari Britaniarra izan zen. Lord izendapena 1892 gertatu zen, Lurraren adinaren eztabaida pil-pilean zegoenean. Beraz, Lurraren adinaren estimazioa oso errespetatua izan zen, eta Darwinen teoriaren aurkako oztopo handiena bilakatuzen. Aipatu beharra dago, Thomsonek (dagoeneko Lor Kelvin izendapenarekin) zenbatespen berriak,1897 urtean egin zituela. Balioak errefinatu ostean, adin-tartearen aurreko balioa 10 faktore batez gutxitu zuen eta Lurraren adinaren zenbatespen berria 20-40 milioi urtetan geratu zen [7] Hots, ebidentzia geologiko/biologiko guztiak kontutan hartu gabe, Thomson eskala geologiko are laburragoak aditzera eman zituen.

Beraz, XIX. mende amaieraren ezagutzak zioen Lurraren adina 100 milioi urte ingurukoa zela, eta Lord Kelvinen mende amaierako zenbatespenen arabera are laburragoa, 20-40 milioi urte tartekoa. Lord Kelvinen (William Thomson, Britanian Lord izendatutako lehen zientzialaria) ospea itzela zenez, bat egiten ez zuten zenbatespenak baztertuak ziren. Hau ez da historian gertatu den kasu bakarra, hainbatetan ospeak itzal ikaragarria egin dio zuzentasuna lortzeari (elektroiaren karga lortzeko Millikanen esperimentuaren balioa beste adibide bat da). Lurraren adinaren kasuan ere, era zabal batean onarturiko Lord Kelvinen emaitzak oso zalantzan jartzen zuen Darwinen teoria, edo hobe ez ziren bateragarriak Darwinen teoriarekin.

Ikusi dugun bezala fisikariak izan ziren Lurraren adina era kuantitatiboan lortzen hasi zirenak. Era oso desberdinak erabili zituzten, jatorri desberdinetatik abiatutakoak, irudimen handikoak, eta euren eraginagatik naturalistek ere bide berdinerantz jo zuten.

Artikulu honen bigarren atalean istorio honi amaiera emango diogu, eta bertan ikusiko dugu XX. mendearen hasieran gauzak erabat aldatu zirela. Erradioaktibitatearen aurkikuntzak gauzak erabat irauli zituen, ezaguna ez zen energia mota berri bat plazaratu bait zen. Fisikarien nagusitasuna hasiera batean garrantzitsua izan arren Geologoek lortu zuten egun ezagutzen dugun Lurraren adina lortzea 20. hamarkadaren amaieran.

Erreferentziak

[1]“James Barr, 1984-85. Why the World Was Created in 4004 BC: Archbishop Ussher and Biblical Chronology“, Bulletin of the John Rylands University Library of Manchester67:603–607.”),

[2] Mikhail Vasil’evich Lomonosov, “On the estrata of the Earth” Translation of “ O sloiakhzemnykh” by S.M. Rowland and S. Korolev. The Geological Society of America 2012. 41 p. (Special Paper; 485).

[3] James Hutton, 1788. «Theory of the Earth; or an investigation of the laws observable in the composition, dissolution, and restoration of land upon the Globe». Transactions of the Royal Society of Edinburgh (Edimburg). Vol. 1 (Part 2): 209-304.

[4] Lyell, Charles. “Principles of geology, being an attempt to explain the former changes of the Earth’s surface, by reference to causes now in operation”. London: John Murray. Volume 1 (1830), Volume 2 (1832), Volume 3 (1833).

[5] Charles Darwin, M.A.,1859. “On the origin of species by means of natural selection, or the preservation of favoured races in the struggle for life”. London. John Murray, Albemarle street.

[6] Perry, John (1895) “On the age of the earth,” Nature, 51: 224-227, 341-342, 582-585

[7] Burchfield, Joe D.(1990). “Lord Kelvin and the Age of the Earth”. University of Chicago Press, p.43.

Irakurtzeko gehigarriak

L.Badash, “The Age of the Earth Debate”,Scientific American, August 1989, pp. 90.

________