PASMO BELARRA

Izen botanikoa Anagallis arvensis da. Primulaceae familiakoa. Landare honi pasmo belarra, amorru-belarra, izukeslea, gangrena-belarra, murajes, hierba para infecciones, mando-belarra eta abar deitzen zaio. Pasmo-belarra euskaraz. Oso izen egokia. Izan ere, gure aurrekoek landarea pasmo-ari aurre egiteko (infekzioari, gangrenari, zorneari, zikinkeriari aurre egiteko) erabiltzen zuten. Oso landare ezaguna Euskal Herrian. Aizkibelek dio (Diccionario Basco-español. Tolosa. 1885) izukeslea deitzen zaiola euskaraz, hau da, izua eta keslea (izua kentzen duena) edo baliteke itsua eta keslea izatea (itsumena kentzen duena, Dioscorides-ek esaten zuen bezala).

Anagallis izena, anagalein izen grezieratik dator. Barre-algara esan nahi du. Nonbait, oiloek gustura jaten dute, kanta-kantari, algaraz ibiltzen dira landarea jaten dutenean. Animaliek, ordea, oro har, ez dute jaten, gaizki egiten dietelako.

Urteroko landare belarkara. Etzana. Zurtoin karratuak, barreiatuak. Txortenik gabeko hostoak (hosto eseriak), aurkakoak edo hirunaka azaltzen dira. Glabroak, obalatuak, azpialdean puntu arre-beltzaxkak dituzte. Loreak, zurtoinaren eta hostoen elkargunean ateratzen dira. Lore pedunkulatuak, hermafroditak, banaka ateratzen dira. Pentameroak: bost sepalo eta bost petalo. Bi motako landareak: laranja koloreko loreak eta lore urdinekoak, hurrenez hurren, purpura- eta gorrixka-koloreko eraztuna dituztela. Oso politak. Bost estamine. Obarioa, soldaturiko bost karpelok osatzen dute. Estilo eta estigma bana. Lorautseztapena, eskuarki, intsektuek egiten dute. Udan loratzen da. Fruitua pixidio dehiszentea eta biribila, barruan hazi ugari ditu.

Europa guztian sortzen da. Afrika tropikalean eta beste zenbait lekutan bertakotu da. Soro, larre zein lugorritan ateratzen da, bide ertzetan, baratzetan. Hotza ez du gustuko. Bizi garen lur honetan ohiko landarea da, baina, sendabelar gisa, eremu euskaldunetan ezagutzen eta erabiltzen da, batez ere.

Sendatzeko, landare osoa erabiltzen da: hostoak, loreak, baita landare freskoaren zukua ere. Udan jasotzen da. Udaberrian ere, lekuaren arabera, loratzen da. Zenbait lekutan, udan jasotako landare osoa, ondo lehortu ondoren, txarrotan edo oihaletan gordetzen da. Eragin antifungikoa, birusaren aurkakoa, orbaintzailea, lasaitzailea, espektoratzailea, diuretikoa eta izerdiarazlea ditu. Barne bidetik, ahotik alegia, kontu handiz hartu behar da, toxikoa baita; hori dela eta, batez ere, bide topikoan (larruazalean) emateko erabiltzen da. Larruazaleko mikosiak, ultzerak, zauriak eta herpesa tratatzeko erabiltzen da. Arreta jarri zeren larruazalean kontaktu-dermatitisa (babak eta gorriuneak) eragin baitezake.

Landarearen saponinek eragin antifungikoa eta antibirila dituzte eta taninoek eragin orbaintzailea. Bestalde, landare osoak dituen glukosido batzuek eragin hemolitikoa dute eta saponinek urdailaren, hesteen eta bronkioen mukosa narritatzen dute. Lore gorriko landareek glukosido eta saponina gehiago dituzte lore urdenekoek baino. Halaber, lore gorriko landareen saponinak direla eta, eragin espektoratzaile handia dute. Horretarako, landare freskoaren zukua edo landare lehorraren infusioa, bakarrik edo beste landare espektoratzailerekin batera hartzen dira, betiere, dosi txikitan, hiru egunez. Zenbait lekutan, bederatzi egunez.

Pasmo-belarra, Euskal Herrian, bereziki, larruazaleko infekzio arazoei aurre egiteko erabiltzen da; gaizkoaturiko zauriak, ebakiak, kolpeak, itzeminak, erlakiztenak eta larruazaleko beste infekzioak tratatzeko. Larruazalean modu desberdinetan ematen da. Jarraian ikusiko dugun bezala.

Ukendu moduan, hau da, landarearen kanpo atal osoa, loreak eta guzti, gantza eta argizaria, su motelean egosi, iragazi eta potetan gorde. Zenbaitetan, ukenduari beste sendabelar batzuk gaineratzen zaizkio, hala nola, plantaina, berbena, asuna, San Robertoren zaingorria, ziguina, iodo belarra, baratxuria, tipula eta beste. Ukenduari pasmo-belarra gaineratzeko, bada beste modu bat, hauxe: kazolan gantza, argizaria, berbena, txikitutako bi-baratxuri ale eta xaboi-puxka bat. Jarraian, pasmo-belarra oihal batean bildu, xehatu eta zanpatu egiten da landarearen zukua ateratzeko. Zuku hori kazolara gaineratzen da ukendua egiteko.

Ukendurik egin gabe, bada beste modu bat zauriak tratatzeko: pasmo-belarra eta berbena (kolpebelarra) egosten dira eta ur horrekin zauriak garbitzen dira (gizakien eta animalien zauriak). Zenbait lekutan, akneari aurre egiteko kamamila gaineratzen zaie.

Era berean, zornaturiko pikortak eta erlakiztenak tratatzeko enplastuak eta kataplasmak erabiltzen dira. Enplastuak horrela egiten dira: pasmo-belarra eta berbena ardotan egosten dira, iragazi, eta xaboia eta irina gaineratzen zaizkie. Kataplasmak prestatzeko, berriz, landareak urean egosten dira, jarraian trapuaz bildu eta mindutako lekuan jartzen dira. Zenbait lekutan, hemorroideak kataplasma horiekin tratatzen dira.

Barruko infekzioei aurre egiteko, berriz, landarearen infusiak hartzen dira. Euskaldunek pasmoa deitzen diete barruko infekzio horiei. Infusioa landare lehor pixka batekin egiten da eta hiru egunez, gehienez, hartzen da. Batzuetan, infusio horri ilen kultibatua (kalendula) gaineratzen zaio eta bederatzi egunez, gehienez, hartzen da.

Eztarriko mina eta burutik beherakoak tratatzeko pasmo-belarraren infusioak hartzen dira. Herriaren jakinduriak aholkatzen duen bezala, landare lehor pixka bat erabiliz, eta hiru egunez jarraian. Infusio bera hartzen da odola arintzeko eta hesteak garbitzeko, hiru egunez ere.

Beste espezie bat badago, Anagallis foemina izenekoa, oso antzekoa, lore urdinak ditu. Euskal Herrian pasmo-belarra ezagutzen eta erabiltzen dutenek A. foemina espeziea ere ezagutzen dute, eta jakin badakite lore gorriak dituen pasmo-belarrak eragin handiagoa duela, eta askoz gehiago erabiltzen dutela.

Lore gorriko landareak eta lore urdinekoak. Lore gorrikoek eragin handiago. Naturaren misterioak, izadiaren lilura.