MANEX ETA KANPOTARRA

Katu handiaren pasadizoak beste gertaera bat ekarri zion burura Manexi. Izan ere, duela zenbait urte, ukuilua oraindik berritu gabe zutenean, gau batean, eguna argitu baino lehentxeago, mutikoak ohatzean esnatu eta egundoko estualdia sumatu zuen tripan.

Esan beharra dago, garai hartan, ukuilua zaharberritu gabe egoteaz gain, etxebizitza ere halatsu zutela, alegia, berriztatu gabe eta lehenagoko modu zaharrean. Komunik ere oraindik ez zeukaten goian, horrexegatik, etxeko guztiek ukuilura joan behar izaten zuten, lehenago edo geroago, beren gorputzeko beharrak egitera, hau da, libratzera eta pixa egitera. Halaber, komeni da azaltzea, urte haietan, Manexen baserrian, beste gehienetan bezalaxe, eta, aurreko atalean ikusi ahal izan dugun moduan, bada, oiloak ere bazituztela beren oilarrarekin.

Gurasoak beti kontu handiz eta beldurrak airean egoten ziren azeri maltzurrarekin, behin baino gehiagotan akabatu zizkielako oiloren bat, edo txitaren bat, edo oilandaren bat, edota, arrautzak gustura asko lapurtu eta jan, kanpoan harrapatuz gero. Gauzak horrela, gauean, behintzat, oilarra eta oilo guztiak ukuilura sartzen ziren beren kabuz, atean zegoen katazuloan zehar, gero beren oilategiko hagara igotzeko zurubi txiki batean gora. Katazuloa, normalean, itxi egiten zuten gauean, zer gerta ere.

Egoera hartan, bada, Manex gauean, ohatzean esnatu eta halako tripako mina sentitu zuenean, jesus batean jaiki eta ukuiluko eskaileretan jaitsi zen kaka egiten saiatzeko, egundoko kakagalea nabaritu baitzuen. Etxeko denak lo zeuden, baita ukuiluko animaliak ere; isiltasuna erabatekoa zen, eta, horrexegatik, hain zuzen ere, nahiago izan zuen argirik ez piztu, iskanbilarik ez sortzeko aziendaren artean. Esan bezala, gaua zen eta giroa ilun zegoen, baina egunsentirako ez zen asko falta.

Mutikoa, ohiko lekutik egunkari orri batzuk hartu, kokoriko jarri eta libratzen saiatu zen. Halako batean, hantxe kanporatu zuen barruan zeukan beherako guztia; ederreko lasaitua hartu zuen gorputz osoan gizajoak! Gero, egunkari paperarekin ipurdia garbitu eta zutitu egin zen.

Baina, bat-batean, oiloak karakaka, oilarra kukurrukuka eta zalapartaka hasi ziren, eten gabe, jauzika eta izuturik. Hura entzunda, Manexek amen batean ukuiluko argia piztu zuen, ikusteko zer gertatzen ari zen han. Zer ikusiko, eta azeria oilar eta oiloen artean ez zuen topatu, ba? Ordurako oilo bat lepotik helduta zeukan eta baita itota ere.

Manex ziztu bizian hasi zen lasterka azeria zegoen aldera, oiloa askatzen saiatzeko.

–Alde hemendik, piztia madarikatua! –oihu egin zion.

Mutikoa hurbil ikusita ere, azeria hegaztia eramaten ahalegindu zen, baina, presarekin, katazuloa zeharkatzerakoan, hildako oiloak, izkina batean trabatu eta ahotik ihes egin zion azeriari; lurrean gelditu zen oilo gaixoa. Azeri maltzurrak Manex atzetik zeukan lasterka, eta, oso penatuta gelditu baldin bazen ere oiloa hantxe utzita, halako janari ahogozagarria, azkenean kanpora hanka egin behar izan zuen ziztu bizian, mutikoak harrapatuko ez bazuen.

Manexek oraindik adorea izan zuen ukuiluko atea ireki eta ebasle frustratuaren atzetik joateko.

–Ospa hemendik, lapur zikina, eta ez itzuli hona gehiago! –esan zion mutilak, haserre eta suturik, lauoineko buztan-luzeak alde egiten zuen bitartean. Tarteka-marteka gelditu eta baserri aldera begiratzen zuen behin eta berriz, oiloa galdu izanaren tamala adierazi nahiko balu bezala.

Ordurako eguna argitzen hasita zegoen. Ondorioz, Manexek etxera itzultzea erabaki zuen, lotan jarraitzeko, baina ukuilura sartzerakoan, hara non egin zuen topo aitarekin, une hartarako ganadua gobernatzera joana baitzen.

–Baina, Manex, ze habil hemen? Nondik heldu haiz orduotan? Ze gertatu da? –galdetu zion aitak harritu bezain kezkaturik.

Begira, ba, azeria sartu eta oilo bat hil egin du; hortxe dago. Orduan ni kanpora atera eta atzetik joan naiz uxatzeko. Oraindik hantxe dago, hesi ondoan, oiloen zain, lotsagabe malapartatu hori! –bota zion aitari, urduri eta sosegurik gabe.

Hori entzun bezain laster, aitak akuilu bat hartu eta kanpora joan zen arrapaladan, azeri hiltzaileari kargu hartzeko. Bai, izan ere, oraindik hantxe jarraitzen zuen patxada ederrean, oiloren bat noiz aterako zain, baina Manexen aitak ikusi bezain azkar, biraoka eta juramentuka hasi zitzaion.

Madarikatu alaena! Alde egin ezak hortik, demonio zerria! Ikusiko duk harrapatzen bahaut, oilobusti horrek! –mehatxu egin zion gizonak haserre bizian, eta, jarraian, akuilua jaurti zion airean, bere indar guztiekin.

Egoera hura ikusita, eta, azeri litxarreroa ohartuta une hartan ezinezkoa zela deus onuragarririk lortzea, amore eman eta joan egin zen handik, beste momentu egokiagoren bat berriz ere iritsiko zitzaion itxaropenean.

Aita-semeak ere mugitu egin ziren handik; etxe alderantz jo zuten. Ukuiluko lurrean zegoen hildako oiloa jaso eta etxebizitzara igo ziren. Manex lo pixka bat gehiago egitera joan zen ohatzera, eskolara abiatu baino lehen, eta, aita, ordea, ukuilura berriro, azienda gobernatzera.

Mutikoak, eguerdian, eskolatik etxera bazkaltzera itzuli zenean, ez zuen deus berezirik espero, baina, hara non!, gurasoengandik ustekabe goxo bezain atsegina jaso zuen, alegia, goizean zehar, amak hilda zegoen oiloa lumatu, garbitu eta gozo-gozoki apailatu egin zuen sukaldeko sutegian, Manexi deus ere esan gabe. Lehen platereko eltzekaria bukatutakoan, eta, baserritar txikiak batere susmorik izan gabe, bat-batean, amak, platerean, oiloaren izter eta hegal atsegingarri bana plantatu zizkion; mutikoarentzat gustukoenak zirenak.

–Puska hauek biak hiretzat, Manex! –esan zion amak jarraian, gozoro.

–Niretzat? Baina, zer dela eta? –semeak, harrituta–. Gaur ez dugu jaieguna, ez da hala, ama?

–Ez, ez diagu, baina egunsentian ongi baino hobeki irabazi duk sari hau, azeria uxatuta, bestela, auskalo zenbat hegazti izorratuko zizkigun basapiztia maltzur horrek.

–Ze ongi! Eskerrik asko, ama! Hau poza! –mutikoak pozak txoratzen, eta, segituan, jateari ekin zion arrunt gogotsu eta etenik egin gabe.

–Hemendik aurrera, arreta handiagoa izan beharko diagu katazuloarekin; gauero-gauero oso ongi itxi egin beharko diagu, berriz ere ez gertatzeko egunsentian bezala, eta, gaurgero, hi izanen haiz horren arduraduna, Manex; ze iruditzen zaik? –Galdetu zion aitak, alai.

–Niri primeran, aita, batez ere, honelako sari eta opariak ematen badizkidazue–. Bukatu zuen txikiak, poz-pozik.