BEHIAK ETA UDABERRIA

Martxo bukaera aldean, normalean, udaberria etortzearekin batera, Manexen baserrian, behiak, bigak eta bigantxak etxetik kanpora ateratzen zituzten, udazkenaren bukaera, negu osoa eta udaberriaren zatitxo bat ukuiluan, ganbelaren aurrean, katez lotuta eman ondoren.

Normala den bezala, lehendabiziko ateratze hura ikaragarria izaten zen, alegia, abelgorriak ukuilutik ero moduan atera ohi ziren, pozaren pozez, ganbela ondoan katez lotuta hainbeste hilabete eman eta gero. Animalia haientzat, ia-ia berriz jaiotzea bezalakoa izaten zen, berriro kanpora atera eta izadi osoaz gustura gozatu ahal izatea: haizeaz, lurraz, belarrez, euriaz eta abarrez. Horrek guztiak berebiziko garrantzia zeukan haientzat, eta, horrexegatik, hain zuzen ere, jartzen ziren hain pozik eta erdi zoratuta. Ukuilutik atera bezain azkar, lasterka, jauzika eta marruka hasten ziren, beren alaitasuna eta gozamena adierazteko.

Baserri aurrean errekasto txiki bat zuten eta aurreraxeago lizardi ederra. Baina, lizardi polit hura bukatzen zen lekuan, aldapa handi bat zegoen; oso pikoa. Amildegia zela esan ere liteke, beste erreka handiago bateraino iristen zena. Arrazoi horrexegatik, hain justu ere, urtero, egun jakin hartan, kontu handiz ibili behar izaten zuten, animalia bakar bat ere gehiegi hurbil ez zedin malda hartara.

Gauzak hala zeudela, eguerdi hartan, larunbatarekin, behiak, bigak eta bigantxak hantxe zihoazen lasterka eta brinkoka, pozarren eta marruka, larrainetik aurrera, ukuilutik ateraz bat. Erreka txikia pasatu bezain azkar lizardi ederrera iritsi ziren. Hantxe zeuden etxeko gizonezko gehienak, behien zain, amildegitik babesteko.

–Zuek jar zaitezte hor, aldapa ondoan! –esan zien irmoki aitak hiru seme zaharrenei; hirurek akuilu bana zuten eskuan. Manex, zer gerta ere, aitaren ondoan zebilen–. Ez utzi behiak ertzera hurbiltzen! –Berriz ere oihu egin zien aitak mutilei.

Baina aziendak berean jarraitzen zuen, pozik eta alai, alegia, jauzika, korrika, bultzaka eta jostetan; abereek inori ez zioten jaramonik egiten.

Halako batean, ordea, rau!, tropeltxo batek amildegi piko aldera jo zuen, erdi borrokan, erdi jostaketan, eta behi handi batek, zurrunbilo hartan, adarrekin ukaldi bortitz bat eman zion bigantxa bati, asmo txarrik gabe, segur aski, baizik eta pozaren pozez zebilelako.

Uo, uo! Esti, atzera, petral, zikin urde arraioak! Geldi hor, madarikatuak! –Oihu egin zieten mutilek behin eta berriz animaliei, geldiarazteko, baita makilekin akuilatu ere, baina kukuak txit oker jo zien aldi hartan, eta bigantxa gaixoa hantxe joan zen, goitik behera, muturrez aurrera eta itzulipurdika, harkaitz, sastraka eta zuhaixken artean. Amildu egin zen zeharo. Beheko errekaraino iritsi zenerako, adar eta hezurrekin egin zituen harrabotsak ere ez ziren batere txikiak izan, alderantziz, izugarriak eta sekulakoak gertatu zitzaizkien; baserritarrak ikaratu egin ziren gertakari hura ikusi eta entzunda.

Goitik begiratuta, zalantzarako ez zegoen leku handirik: lepo hezurra eta hanka bat edo beste ere hautsita nabaritzen ziren; beren tokietatik aterata. Argi zegoen zorigaiztoko animalia bertan zerraldo gelditu zela; odolustua, besteak beste.

Eta egoera zail hartan, zer egin? Aitak zera erabaki zuen, alegia, haragia behinik behin saiatu behar zutela aprobetxatzen. Horretarako, egin zuten lehenengo gauza honako hauxe izan zen, hots, gainerako behiak pixka bat baretu zirenean, uztarria hartu eta bertan lotu zituzten hartan ibiltzen ohituta zeuden bi behiak. Amildegi ertzera eraman eta hantxe lotu zituzten uztarrian, elkarren segidan, baserrian aurkitutako kate eta soka guztiak, hildako bigantxa zegoen lekuraino iritsi ahal izateko.

Bi seme zaharrenak arduratu ziren katea eta sokak luzatu eta beherantz jaisteaz. Halarik ere, zoritxarrez, lokarriak ez ziren beheraino iristen. Hura ikusita, aitak hirugarren semea, ondoko baserrira bidali zuen, soka gehiagoren bila. Manexek arreta eta harridura handiz jarraitu zuen gertaera guztia.

Hirugarren semea soka gehiagorekin itzuli bezain laster, behera bota zizkien anaiei, maldaren bazterretik. Haiek auzokoaren lokarriak jaso eta segituan beren kate eta sokei erantsi zizkieten, korapilo sendoak eginez. Jarraian, bigantxa lotu zuten sokaren azken muturraz, bularretik pasatuta, besoen azpitik, eta, azkenean, lakio handi bat eginda.

Goian, uztarriko behiak, prest zeuden tiratzen hasteko. Aitak, abereen aurrean jarri eta akuiluarekin uztarri gainean indarrean joaz “aida, behiak, aida!” esan zien ozenki.

Zuek gogotik akuilatu atzetik, e! –agindu zien aitak Manex eta beste semeari, sendoki. Behiak atezuan ziren.

Bien bitartean, beste bi seme zaharrenak, behean, erreka ondoan ari ziren bigantxa hila, nola edo hala, gora joan zedin laguntzen eta bideratzen. Metro batzuk gora egin zituen; denak pozten hasi ziren, nahiz eta jakin, hala eta guztiz ere, galerak ikaragarri handia izaten jarraitzen zuela.

Segi hola, mutilak, segi! –animatu zituen aitak goitik, oihuka.

Baina, behiek egindako bat-bateko tiraldi indartsuarekin, ohartu orduko, bigantxa eta soka, harkaitz eta zuhaixka batzuen artean trabatu, eta, tamalez, lokarriak nonbaitetik, amen batean puskatu egin ziren; bigantxa, berriz ere, beherantz, errekaraino! Eta uztarriko behi parea, inertziarekin eta lurrean zegoen aldapa behera pixka baten laguntzarekin, muturrez aurrera joan zen lurreraino, halako balbearekin, non adarrak belardian sartu ondoren, biak ipurdiz gora joan eta lurrean tripaz goiti gelditu baitziren; hankaz gora, zutitu ezin zirela, uztarriak eta bere uhalek uzten ez zielako. Aita ere larri-larri libratu zen; txiripaz ez zuten behiek zapaldu. Pasatu zuen beldurra ez zen nolanahikoa izan. Eta hura ikusita, kristorenak eta bi esaten hasi zen, amorrazio bizian:

Zorte madarikatua! Dios, ederretik libratu nauk! Baina, baina, zer ostia gertatu da? Arraio mila demonio! –bota zituen aida batean, haserre baino haserreago–. Pikutara dena! Alukeria galanta!

Baina, lehendabiziko espantuzko uneak igaro, eta pixka bat lasaitzen hasi zenean, berehalaxe konturatu zen behiek hantxe jarraitzen zutela, beren hartan, hau da, ahoz gora, zerura begira eta zutik jarri ezin zirela. Manex zur eta lur zegoen gertaldi harekin guztiarekin. Aita istant batean mugitu zen, ordea.

Tira, mutilok, lagundu niri! –adoretu zituen ondoan zeuzkan semeak, eta, haiek, segituan men egin.

Hiruren artean, bere-berehala askatu zituzten uztarriko hedeak, eta, orduan, behiak bertantxe ziplo joan ziren lurrera; bakoitza bere aldera. Segidan zutitu eta deus gertatu izan ez balitz bezala gelditu ziren; hausturarik ez, nahiz eta berebiziko arriskua pasatu. Gerora, handik bazter batera lekutu ziren.

Ordurako, behean, erreka ondoan ziren bi seme zaharrenek, gora egin zuten, ikusteko zer deabru gertatu ote zen han, lizardian. Azkenean, aitak, panorama etsigarri eta ezintasunezko hura ikusita, amore eman eta bigantxa erreskatatzea bertan behera uztea erabaki zuen. Denen artean, erabilitako gauzak jaso –katea, sokak, uztarria– eta baserrirantz abiatu ziren, tresna haiek beren lekuetan uztera. Jarraian, inguru haietan zebiltzan gainerako behi, biga eta bigantxak elkartu eta euntze batera sartu zituzten, bazka zitezen. Baserritarrak, bitartean, etxera, bazkaltzera, nahiz eta ordurako jateko gogoa nahiko galduta eduki.

Biharamunean, baserritarrak jaiki zirenean, berehalaxe ikusi zuten sai saldo handi bat erreka parean, hegaldatzen, gora eta behera: batzuk, aseta, alde egiten, eta, bestetzuk jaisten, beren sabelak haragi goxoz betetzera. Ordu gutxiren buruan, oso-osorik jan zuten bigantxa gaixoa, lehoiek bezalaxe. Eguerdirako hezurdura baino ez zen gelditzen han. Baserriko gizonezkoek pena eta tristezia handiz ikusi zuten espektakulu tamalgarri hura.

Tira, mutilok, goazen hemendik lanera! –esan zien aitak semeei, atsekabez beterik.

Urte hartako udaberrian oso hasiera txarra izan zuten abereekin. Zorteak gogorki jo zituen.