MANEX ETA KATAKUMEA

Manex bizi zen baserrira, noizbait butano gasa ere iritsi zen sukalderaino. Baina, ohartuta batzuetan sukaldean lurruna jartzen zela, hau da, zenbait jaki egosterakoan, sukaldeko sabaia eta paretak baporez bustitzen zirela, orduan, sukaldetik ganbarara zulotxo bat eginda, hodi estu eta motz bat jarri zuten, hogeita hamar bat zentimetrokoa, gutxi gorabehera, handik lurrun gehiena gora joan zedin.

Gauzak horrela zeudela, urte bateko negu bukaera aldean, zera gertatu zen, alegia, siloko belarra ukuilura eskorgan eramaterakoan, bada, tresna haren gurpilak katakume bat harrapatu zuela, hots, gurpila gorputz erdiaren gainetik pasatu zitzaion, eta, jakina, eskorga belar astunez beteta zihoan; bizkarrezurrean kalte larriak eragin zizkion. Beraz, katakumeari ondorio txarrak ekarri zizkion istripu hark: handik aurrera ez zen normaltasunez hazi, mehe-mehe gelditu zen eta egoera makalean; hark guztiak behin betiko elbarritasuna sorrarazi zion.

Hura horrela, eta katakumea era kaskar hartan geratuta, lauoinekoak oso gustukoa izaten zuen sukaldera joatea, lagunartean sentitzeko. Egunez bai, onartu eta utzi egiten zioten hantxe egoten, sukaldean, baserritarren artean, baina, gauez ez, gauean, aterarazi eta ukuilura edota ganbarara bidaltzen zuten, han lo egin zezan.

Baina, katakume hura gorputzez makala baldin bazen ere, buruz ez, burua oso ongi hornitua zeukan, ordea, eta gau batean zerari erreparatu zion, alegia, ganbaran zegoen bitartean, konturatu zen sukaldeko hoditxo hartatik pertsonen ahotsak ateratzen zirela. Katakumeak zer eginen eta, jendearen konpainian egoteagatik, honako burutazio hau izan zuen, hau da, burua hodian sartu eta goitik behera joan zen, familiakoekin egotearren.

Hala ere, tutuak, beheko aldean, hagatxo bat zeukan, alderik alde horizontalean gurutzatzen zuena, eta, seguru asko, hartantxe egonen zen finkatua delako hodia, sabaian, horma ondoan. Kontua da, gau hartan baserriko familia afaltzen ari zen bitartean, katutxoak bere burua bota ondoren, sukaldeko sabaian agertu zela, buruz behera, hagatxo hartan trabatuta. Ateratako zaratatxoarekin, familiakoak harritu egin ziren eta berehala gora begiratu zuten. Sor eta lor ikusi zuten han agertu zena; ezusteko bisitaria!

–Hara!, begira zein den hor, alajaina! –oihu egin zuen txundituta aitak.

Esan bezala, hodi txiki hura, gas sukaldearen gainean zegoen eta handik lurreraino, bi metro pasatxoko altuera gutxienez izanen zen, hortaz, katakume elbarri harentzat ez zen azaren azpiko orria, horrexegatik, amari bururatu zitzaion lehenengo gauza zera izan zen, erratza kirtenetik hartu eta katutxoaren azpian jarri, hura hara pasa zedin, eta, halaxe gertatu zen, alegia, katakumea poliki-poliki erratzera igaro eta orduan Manexen amak, kontu handiz, lurreraino jaitsi zuen.

Halaxe sartu zen, bada, sukalderaino katutxo buruargia gau hartan. Handik aurrera, jokabide hura ohitura bihurtu zen katakumearengan, eta, etxekoek, astiro-astiro, gero eta afektu eta txera handiagoa hartu zioten animaliatxoari.

Katakumeak itxura eskas eta penagarri samarra zeukan: mehea, okerra, atzeko hanka bat erdi arrastaka eramaten zuena, ilea kaskarra eta abar, baina, hala eta guztiz ere, baserritar haien errespetua eta maitasuna jakin izan zuen irabazten.

Egunak eta asteak aurrera zihoazen eta katuaren gaueko bisita ia-ia sistematiko bihurtu zen; etxekoek afaltiar bat gehiago bezala hartu zuten. Grazia eta dena egiten zien; sinpatiko gertatzen zitzaien, eta, gutxi baldin bazen ere, beraiekin afaltzen zuen zer edo zer, hondarren bat.

Esan bezala, katua txikia zen eta ezegokia bere itxura, baina, jakina, denbora aurrera joan ahala, pixkaka-pixkaka hazten ari zen eta baserritarrek ez zekiten ongi noiz arte jarraitu ahalko zuen pasatzen tutu estu hartan zehar, baina, bueno, dagoenean bonbon eta ez dagoenean egon, pentsatzen zuten. Ikusi egin behar zer gertatzen zen aurrerago. Momentuz, gorabehera haiek ari ziren bizitzen eta gustura zeuden.

Gau jakin batean, beste askotan bezalaxe, afaltzen ari zirenean, hantxe agertu zitzaien katakumea, sabaiko zuloan, ohiko moduan, buruz behera, norbaitek lagundu ziezaion handik jaisten.

Manex, Manex, begira, hortxe zagok katutxoa berriz ere! Hartu erratza eta jar iezaiok parean, jaisteko, ama lanpetuta dago eta! –eskatu zion aitak segituan; ama afaria zerbitzatzen ari zen.

Lehenengo aldia zen Manexek halako lana egiten zuena, baina etxekoei makina bat aldiz ikusita zegoen. Beraz, aulkitik jaiki, erratza hartu eta katakumeari jartzen hasi zen; ez zirudien hain zaila ere. Baina, katu elbarria erratzera pasatzen hasi zenean, Manexek kirtenaren oreka galdu eta animalia, aida batean, goitik behera joan zen, halako zorte txarrarekin, non txerrientzako egosten ari ziren patata zaharren pertzera bete-betean erori baitzen; oso denbora gutxian hil zen zoritxarreko katakumea, ura irakiten ari zen eta. Huraxe izan zen animaliatxo gaixoaren azken errematea. Egia esateko, behin ere ez zuen oso zorte handia izan bere bizitza laburrean. Biharamunean baratze ondoan lurperatu zuten. Denak penaturik eta atsekabetuta gelditu ziren, baina are gehiago oraindik, ahal bada, Manex, errudun sentitzen zelako.

Nire errua izan zen, ama, erratzari behar bezala ez eusteagatik! –zioen gizajoak, negar batean, bere burua zigortuz, katutxoaren gorpu txiki eta desitxuratuari lur ematen zioten bitartean.

Lasai, maitea, nahi gabe izan baitzen!; ez zuan hire errua izan! Halakoxe patua izanen zian gaixoak! Animo!, eta gainera, gure etxean ez duk inoiz katurik faltatuko, bihotza! –saiatu zen ama adoretsua, seme nahigabetua kontsolatzen.

Katurik ez zaigu faltatuko, ez, baina, katutxo hau errepika ezina zen, eta hau ez da sekula santan itzuliko! –argudiatu zuen Manexek negar zotinka, eta, horretan, gainera, arrazoi osoa zuen.