MANEX ETA KATU ZAHARRA

Manex bizi zen baserrian, besteak beste, bazuten katu zahar bat, eskarmentu handikoa eta oso leiala zena. Asko eta askotan mutikoarekin joaten zen paseatzera, hura mugitzen zela ikusten zuen bezain laster.

Horrela, bada, ekaineko larunbat batean, eskolarik ez zuela aprobetxatuta, Manexek karabina hartu eta etxetik kanpora jo zuen, eguerdia pasatxoan. Katu zaharra ohartu eta berehalaxe joan zen mutikoarengana, lagun egitera. Segituan lizardi aldera abiatu ziren biak ala biak, oinez, noski.

Handik gutxira, harkaitz baten gainean, sugandila bat ikusi zuen mutiltxoak; eguzkitan, gorputza berotzen. Manex gelditu, karabina sorbaldatik jaitsi eta jarraian apuntatzen hasi zen. Sugandilak ez zuen zirkinik ere egin. Segundo gutxiren buruan tiro egin zion, eta baita jo ere. Katu zaharrak bere-berehala jauzi handi bat egin eta sugandila harrapatu zuen, hil baino lehen; aida batean murtxikatu eta jan egin zuen. Beste batzuetan kumeei eraman ohi zien, baina, antza denez, aldi hartan, tripa-zorriak izanen zituen.

Aurrerago jarraitu eta zozo bat ikusi zuen hegan, bidea zeharkatzen; hantxe utzi behar izan zuen joaten, agertu zen bezala, urruti baitzebilen. Geroago, belaze batean, birigarro bat edo beste ere ikusi zituen mutikoak, janari bila, baina haiek ere urrun ziren, eta, ondorioz, ez zuen batere aukera onik izan tirorik emateko. Hala ere, oraindik bazkalordurako denbora bazeukala iritzita, ehizan jarraitzea erabaki zuen; katu zaharra atzean, haren ondoan, ohi bezala. Halako batean, ordea, bideko hesian zarata azkar bat entzun zuen bere ondoan; ikaratu eta dena egin zen. Erreflexu onak izaki, jauzi handi bat egin zuen alde batera; katua erne, eta bizkarra altxatuta, zer gerta ere.

–Ze arraio izan ote da hori? –galdetu zion harrituta bere buruari; erantzunik ez, ordea.

Mutikoa, badaezpada ere, arreta osoz hasi zen begiratzen hesi aldera, baina, arrastorik ere ez!; ez zuen deus berezirik ikusi. Sor eta lor gelditu zen. Baina, katu zaharrak, ordea, zer edo zer sumatuta, aurrera egin zuen, hesi aldera, eta Manex orduan ohartu zen zer zegoan han, alegia, musker handi eta lodi bat, haren bere-berezko kolore berde biziarekin, eta, buztana, luzea. Mutikoa, berriz ere karabina hartuta, berehalaxe hasi zen apuntatzen, baina, une hartan bertan, muskerrak baserritarraren begietara begiratu, eta, aurrean zeukan arriskua asmatu izan balu bezala, istantean lekutu zen handik, bere burua gordetzeko. Mutikoak, zur eta lur, segituan ulertu zuen han ez zeukala zeregin handirik eta aurrera jarraitu zuen zorte hobeagoren bila.

Minutu batzuk oinez eman eta gero, herriko ezkila dorrean ordua entzun eta orduan konturatu zen bazkalordurako denbora gutxi falta zela, horregatik, segidan, etxe alderako bidea hartu zuen. Halako batean, sastraka baten ertzean, ziraun bat ikusi zuen sigi-sagan, sasi barnera sartzen ari zena. Mutiltxoa, ziztu bizian, berriro ere kanoi motzeko fusil arina hartu eta apuntatzen hasi zitzaion; beste behin ere ez zuen porrotik jaso nahi. Baina, tiro egin behar izan zionerako, narrastia ia-ia ezkutatuta zegoen laharren artean; apenas isatsaren azken muturra ageri zen; hortaz, tiro egin eta bai, jo zuen, isatsean, hain zuzen ere. Baina, animalia narrastari honen ezaugarri bat zera da, isatsetik helduz gero, berehala hausten zaiola, eta, aldi hartan ere berdin gertatu zen, hots, balinaren talkarekin buztana puskatu eta segituan dantzan hasi zen, gelditu gabe, jauzika, kirioen eraginez-edo. Katu zaharrak, janari ahogozagarri hura mugimenduan ikusi bezain laster, salto eginda harrapatu, ahoan sartu, eta, mauka-mauka, berehalaxe irentsi zuen. A zer pagotxa eguerdi hartakoa, katu beteranoarentzat!, lehenik, sugandilarekin, eta, gero, ziraun pintxoarekin!

Bueno, bada, gauzak horrela, eta, jadanik, baserritik hurbil zeudela, momentu hartan katu zaharra Manexen aurrean zihoan, etxera iristeko presarengatik edo auskalo zergatik, baina, langa baten ondora ailegatzear zirenean, bat-batean, katua bidezidorraren erdi-erdian gelditu eta bizkar osoa altxatu zuen, ileak tente-potente jarrita; lurrean itsatsita bezala, bidexkaren bi aldeetako belar handien artean. Mutikoa harritu egin zen.

Tira, ba, mugitu, katua! Segi hortik aurrera! Ez izan astuna eta kendu paretik, demonio petrala! –oihu egin zion, aho bete hortz eta haserretzen hasita, ikusirik ez zela higitzen.

Baina katuak kasurik ez eta ibili nahi ere ez, ordea; hantxe zirauen irmoki. Manex urduritzen hasita zegoen, bazkaltzeko ordua iristen ari zelako. Azkenean, baina, hanka batekin katu zaharra bultzatu eta aurrerantz bota zuen, haren nahiaren aurka. Baina, une hartan, ordea, zerbait larri gertatu zen hantxe, hau da, katua aurrera joaterakoan jauzi bat egin zuen, baina, hala eta guztiz ere, sugegorri handi batek heldu eta pozoia injektatu zion gorputzean animalia txikiari.

Puf! Miau! –oihukatu zuen lauoinekoak, putz eta purrustada bana egin ondoren, eta, jarraian, ziztu bizian atera zen iheska baserri aldera, ezkutatzera.

Mutikoa izugarri ikaratu zen sugegorri luze eta potolo hura hantxe ikusita, bere ondo-ondoan. Izerdi hotz batek, aida batean gorputz osoa zeharkatu zion, eta, segituan, Agustin morroiaren kasua etorri zitzaion burura. Nonbait, narrastia kiribilduta egonen zen bidezidor erdian, katuaren aurrean, bere burua defendatzeko prest, behar izanez gero, eta, huraxe da, hain zuzen ere, gertatu zena.

Manexek erreakzionatu ordurako, narrastaria zeharo aienatu zen hesian; bere arrastorik ere ez zen gelditzen. Haiek horrela, Manexek bazkaltzera joatea deliberatu zuen, triste eta goibel.

Ze moduz ehizaldia, Manex? –galdetu zion amak sukaldean ikusi bezain azkar, beste deus ere jakin gabe.

Ongi. Hainbestean… –erantzun zion semeak, kopetilun samar, beste inolako xehetasunik azaldu gabe; beretzat gorde zuen ezbeharraren sekretua.

Bazkalondoan, ordea, segidan ekin zion katu zaharraren bilaketari: ukuiluan, ganbaran, baratzean eta abarren, baina inon ere ez zuen haren arrastorik topatu. Oso atsekabetuta gelditu zen, baina, hala ere, ez zen animatu inori kontatzera katu zaharrarekin gertatu zitzaion zorigaitza; bere kolkoan gorde zuen dena, eta, hark egonezin handia sorrarazi zion barruan.

Egunak joan eta egunak etorri, azkenean aitak topatu zuen zoritxarreko katua, hilda, ganbarako belar onduaren artean, usteltzen hasia, alegia, goiko belarra ukuilura botatzera joan zenean, usain txarra aditu zuen koltxilaren ondoan, eta, hantxe topatu zuen animaliaren gorpua, belarraren barruan. Dirudienez, haraxe joanen zen, minaren minez, babes bila, pozoiak bere eragina egiten zuen bitartean.

Azkenik, berri txar hura jakin bezain azkar, Manexi burutik pasatu zitzaion, zer gertatuko ote zatekeen, katua bere aurrean garaiz geratu izan ez balitz, auskalo!, sugegorriak agian berari eginen zion hozka; ezin jakin. Puf, zer hozkia! Nahiago izan zuen horretan ez pentsatu. Nolanahi ere, katu zaharrarekin zorretan sentitu zen.