SUSPENTSOA EITB-RI

Hainbeste hamarkada igaro ondoren, guztiz etsigarria da euskaldunontzat ikustea nola EITBn jarraitzen duten bultzatzen askoz ere gehiago Espainiako hizkuntza eta kultura, arlo guztietan.

ETB2 sortu zutenean, bere sortzaileek, Eusko Jaurlaritzakoek, argudiatu zuten, alegia, horrela egin zutela, erdaldunak erakartzeko euskarara eta euskal kulturara, eta ia lau hamarkada iragan direnenan, jarraitzen dugu ikusten, lortu duten gauza ia-ia bakarra izan dela, askoz ere jende euskaldun gehiago eramatea erdal telebistara, hau da, ETB2ra ETB1era baino. Bide batez esanda, nik ETB2ri ezin diot deitu “euskal telebista”, gehien-gehiena espainieraz egiten duelako, euskaldunak Cervantesen hizkuntzan mintzatzera bultzatzen dituelako eta erreferentzia pilo ikaragarri bat Espainiatik hartzen duelako, Ipar Euskal Herriko biztanle gehienentzat guztiz arrotzak direnak.

Inor harritu liteke horretaz? Nik uste dut ezetz!; inola ere ez! Behin eta berriz ikusten dugunean hamaika aldiz gehiago inbertitzen dutela ETB2 eta ETB4n ETB1 eta ETB3n baino, frogatzen dugunean ETB1en ia ez dutela ematen fikziorik, leihaketarik, filmik (errepikatu gabe), so egiten dugunean informatiboak motzagoak direla, ETB1en programazioaren hiru laurdenak aspaldiko progama errepikatuak direla eta abar, buru pixka bat duen ororentzat ez da batere harrigarria, ez.

Gero, EITBn, berriz ere, eginen dizkigute Euskaraldiaren eta Korrikaren aldeko beren antzerkitxoak, eta, antza denez, ekitaldi horiekin arduradun nagusiak aseta gelditzen omen dira.

Nire ustez, EITBk bultzada txikiegia ematen dio bertako gure hizkuntzari, euskarari, eta handiegia espainierari; frantsesari, ez dakit.

Pentsatzen dut, honetaz guztiaz, askoz ere gehiago hausnartu behar luketela Eusko Jaurlaritzakoek, eta, ondorioz, oso aldaketa nabarmenak egin, onerako.