LO GUTXI EGITEAK HEZURRAK AHULTZEN DITU, MENOPAUSIA ONDOREN

2019/11/19 Etxebeste Aduritz, Egoitz – Elhuyar Zientzia ITURRIA: ELHUYAR ALDIZKARIA

Lo gutxiegi egiteak hezurren mineral-dentsitatea txikitzen eta osteoporosia izateko arriskua handitzen duela ondorioztatu dute, menopausia pasa duten emakumeekin egindako ikerketa batean.

Ezaguna da lo faltak hainbat kalte eragin ditzakeela osasunean, hala nola, obesitatea, diabetesa, eta arazo kardiobaskularrak. Orain, ikerketa berri honek beste kalte bat gehitu du zerrendara. Menopausia pasa duten 11.000 emakumek hartu dute parte ikerketan. Eta ikusi dute bost ordu edo gutxiago lo egiten duten emakumeek, gutxienez zazpi ordu egiten dituztenek baino mineral-dentsitate txikiago zutela hezurretan; eta batzuen eta besteen arteko diferentzia urtebete zaharrago izatearen parekoa zela.

Hainbat prozesu garrantzitsu gertatzen dira gorputzean lo gauden bitartean, eta hezur-ehunak berritzea da horietako bat. Eta, ikerketa honek iradokitzen duenez, nahikoa lo egitea funtsezkoa da prozesu hori ongi burutzeko.

Journal of Bone and Mineral Research aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

 

Lotura:

https://aldizkaria.elhuyar.eus/albisteak/lo-gutxi-egiteak-hezurrak-ahultzen-ditu-menopausia/

Lizentzia:

CC-BY-SA 3.0