DIZIPLINARTEKO ELKARLANA ZIENTZIAN: HAUR GOIZTIARRAK

Jakintza arlo ezberdinen arteko elkarlana hedatzen ari da. Izan ere, ohikoa da pertsona bat arlo batean trebea izatea, baina sarri arazo bati aurre egiteko beste ezagutza batzuen oinarria izatea ere beharrezkoa da. Hau kontuan izanda, diziplina ezberdinen arteko lankidetza sustatzea onuragarria izaten da. Honen adibide ugari topa ditzakegu gizarteko arazoei aurre egiterako orduan baita ikerkuntzan aurrerapausoak ematerako garaian ere: hizkuntzalaritza eta informatika arloen arteko lankidetza (Ixa taldea, 1988-2020); kognizioa, burmuina eta hizkuntzaren artekoa (BCBL, 2008-2020); gastronomia eta teknologiaren artekoa (Teknopolis, 2020); baita bioingeniaritza izenaz ezaguna den biologia, medikuntza eta ingeniaritzaren arteko kooperazioa ere, besteak beste.

Nola landu daiteke kasu erreal bat diziplina ezberdinen arteko lanaren bidez? Bioingeniaritzan murgilduko gara, bertan landutako adibide ikusiz: haur goiztiarren medikuntza-tratamendu batean hobekuntzak egiteko gailu teknologiko baten garapena.

Beharren bat al dago?

Ikerketa lan bat egiteko, lehenik eta behin, arazo egoera bat identifikatu ala ikertu gabe dagoen hutsune bat topatu behar dugu. Aztertuko dugun adibidean, medikuen kezka eta beharrak adituz haur goiztiarren inguruan hobekuntzak planteatzeko beharra zegoela ikusi zen. Beraz, hasteko gaiaren inguruan informazioa bildu zen iturri ezberdinak kontsultatuz eta ospitaleko profesionalekin hitz eginez.

Estatistikak begiratuz ikusi zen geroz erditze goiztiar gehiago gertatzen direla munduan (Munduko Osasun Erakundea, 2018). Erditze goiztiarra haurra 37 haurdunaldi aste igaro baino lehen jaiotzen bada ematen da. Jaiotza goiztiarraren arrazoien artean emakumeen adina geroz eta handiagoa izatea, ernalketa tratamenduen eragina, haurdunaldi anizkoitzak (bi haur ala gehiagokoak), infekzioak edota estresa aurki ditzakegu.

Haur goiztiarrek birikak guztiz garatu gabe izaten dituzte (1. irudia). Jaiotzean arnasa hartu ahal izateko beharrezkoa den substantzia bat, surfaktantea, haurdunaldiaren 24. eta 36. asteen artean ekoizten hasten da (Iñiguez eta Sánchez, 2008). Beraz, haur goiztiarrek surfaktante falta izatea oso arrunta da. Surfaktanterik gabe arnasa hartzeak esfortzu handia eskatzen du, fluido honen funtzioa biriken zabaltzea erraztea delako. Ondorioz, birikak kolapsatzeko arriskua dago. Egoera hau arnas hartzeko zailtasunaren sindromea, AHZS, bezala ezagutzen da (Abril, 2017, 6. orria). Kasu bakoitzaren arabera, erabili beharreko tratamendua ezberdina da (Castillo et al., 2015).

1. irudia. Biriken garapena haurdunaldian zehar. Iturria: Iñiguez eta Sánchez, 2008 (moldatua).

Batzuetan nahikoa da aire fluxu batekin laguntzearekin, baina kasu larrienetan (27 haurdunaldi astetik beherako haurretan) surfaktantea ere eman behar zaio haurrari jaio bezain laster (López de Heredia eta Valls i Soler, 2008). Surfaktantea modu efizientean emateko, haurrari hodi bat sartu behar zaio trakean barrena (2. irudia) eta hodiaren amaierako muturretik surfaktantea jariatu, bere biriketara zabaldu dadin. Baina tratamendu honek ondorio negatiboak izan ditzake haurrarengan. Alde batetik, tratamendu inbaditzaile honekin hodia sartu behar zaio trakearaino eta sartze eta ateratzearen maniobra arriskutsua izan daiteke jaioberrietan (Clark, et al. 2001). Beste aldetik, surfaktante dosia ez zaie gradualki ematen eta gorputzaren odol parametroetan bat-bateko aldaketak eragiten ditu honek (Kaiser, Gauss eta Williams, 2004).

2. irudia. Arnasbideen atalak. Iturria: Stanford Children’s Health, 2020 (moldatua).

Arazo honen aurrean medikuen nahia metodo seguruagoa, eta era berean surfaktantea biriketara ondo zabaltzen duena, topatzea da. Ildo honetatik, tratamendu ez inbaditzaile eta gradualagoak badaude (Castillo et al., 2015). Baina hauen desabantaila nagusia da biriketara iristen den surfaktante kantitatea baxuagoa dela. Izan ere, hodia ez da trakearaino sartzen, epiglotisaren sarreran uzten da (2. irudia). Gainera surfaktantea tanta txikiz osatutako laino moduan ematen da, aerosol moduan (3. irudia).

3. irudia. Surfaktante aerosola. Iturria: Goikoetxea, 2015.

Zein helburu finkatu eta nola hasi ikerketa?

Beraz, osasun arloko langileen nahia haur goiztiarrak jaio eta berehala behar duten osasun tratamendua hobetzea zen. Zehazki, beste gailu mota bat diseinatu nahi zuten surfaktantea modu seguruan emateko haur goiztiarrei, baina efizientziarik galdu gabe. Baina, nola ekin gailu bat diseinatzeari beraiek medikuntza arloan adituak izanik?

Osasun arloari buruzko jakintzez gain diseinu eta teknologiari buruzko ezagutzak beharrezkoak zirenez, ingeniariekin kontaktuan jarri ziren. Honela lanbide ugarietako pertsonez osatutako bilera antolatu zen: biokimikariak, biologoak, medikuak, ospitaleko teknikariak, aerosoletan adituak eta ingeniariak bilduz. Bertan proiektuaren helburuak finkatu ziren: surfaktantea aerosol moduan ematearen efizientzia neurtzea eta aerosola sortzeko gailuaren diseinua hobetzea surfaktantea biriketara hobeto zabaltzeko.

Medikuntza arloko jakintzak eta ingeniaritzako esperientzia batuz helburu horiek landu ziren. Biokimikari, biologo eta medikuen lana beraien kezkak azaldu eta anatomiako ezagutzak ingeniariei helaraztea izan zen, baita neurketetan lagundu, ingeniarien ikerketa prozesua nola zihoan aztertu eta emaitzen eztabaidan parte hartzea ere. Ingeniariek neurketa esperimentalak eta kalkuluak egin zituzten. Era berean, emaitzen analisia egin eta gailu berriaren diseinurako jarraibideak proposatu zituzten. Beraien iparrorratza egoerei konponbide bat bilatzea izan ohi da. Aerosol adituak, berriz, ezinbesteko euskarria izan ziren aerosolen neurketa eta analisia gauzatzeko. Denen arteko elkarlana kudeatzeko proiektuan zehar bilerak egin ziren.

Zer burutu ikerketan zehar?

Ikerketa mota ezberdinak daude eta arloaren arabera erabiltzen den metodologia ezberdina da. Bioingeniaritzako adibide honetan neurketa esperimentalak eta ordenagailu bidezko simulazioak gauzatu ziren. Laburki, burututako neurketen bidez surfaktante aerosola sortzeko aparatu ezberdinak aztertu ziren, hauek sortutako aerosolaren ezaugarriak behatuz (Goikoetxea et al., 2014). Pauso bat haratago joanez, haur jaioberri baten neurriko biriken goiko arnasbideen modelo bat fabrikatu zen (4. irudia) 3D inprimagailu batekin eta, aerosol ezberdinak sortuz, bertara iritsitako surfaktante kantitatea neurtu zen. Honela, surfaktante aerosol bakoitzaren efizientzia ondorioztatu zen.

4. irudia. Haur jaioberriaren arnasbideen modelo sinplifikatua. Iturria: Goikoetxea, 2015.

Beste aldetik, ordenagailu bidez aerosol berriak simulatu (5. irudia) eta nolako jokaera izango luketen aurreikusi zen (Goikoetxea, 2015). Honi esker, aerosolaren ezaugarri egokienak aurkitu ziren surfaktantea biriketara hobeto zabaltzeko. Emaitza hauekin proiektuaren helburua lortu zen: aerosola sortzeko gailuaren diseinua hobetzeko argibideak finkatzea. Hau da, gailu berriak sortu beharreko aerosolaren tanten tamaina eta surfaktante emaria zenbatekoak izan behar diren jakitea lortu zen.

5. irudia. Ordenagailuz eginiko surfaktante tanten fluxuaren aurreikuspena. Iturria: Goikoetxea, 2015.

Etorkizunean zer?

Ikerketa lerro honetan hurrengo pausoa, proiektu berri baten bidez ingeniariek aerosol hori sortzeko gailua diseinatu eta fabrikatzea izan daiteke. Ondoren, medikuntza arloko profesionalek tratamendu berri baten aurrean jarraitzen duten protokoloaren bidez gailu berria probatuko lukete tratamendua martxan jarri aurretik, azterketa kliniko bat eginez. Gaur egun haur goiztiarren egoera hobetzeko helburuarekin ikerkuntza ezberdinek abian jarraitzen dute, bide ezberdinak aztertuz (Aramendia et al., 2019; Bianco et al., 2019).

Adibide honekin ikusi dugunez, diziplina ezberdinen artean lan egitea aberasgarria izan daiteke. Aurrerapausoak ematea errazten du, baita arlo ezberdinen ikuspuntu eta ezagutzez baliatzea ere. Beste zein egoeratan izan daiteke erabilgarria diziplinarteko elkarlana? Erabili daiteke lan egiteko modu hau gizarteko gaur egungo arazo egoera baten aurrean? Jakintza arlo ugari daude eta onuragarria izan daiteke bide berrietara irekitzea. Anima gaitezen elkarrekin lan egitera!

Erreferentziak

Abril, N. (2017). Neonatologia unitateetan ospitaleratuta dauden eta arnas hartzeko zailtasunaren sindromea duten ume goiztiarrei zuzendutako arnas fisioterapia mota eta gorputz-jarrera desberdinen berrikusketa bibliografikoa. Gasteizko Erizaintza Unibertsitate Eskola. https://addi.ehu.es/handle/10810/22542

Aramendia, I., Fernandez-Gamiz, U., Lopez-Arraiza, A., Rey-Santano, C., Mielgo, V., Basterretxea, F.J., Sancho, J., eta Gomez-Solaetxe, M.A. (2019). Experimental evaluation of perfluorocarbon aerosol generation with two novel nebulizer prototypes. Pharmaceutics, 11, 19. https://doi.org/10.3390/pharmaceutics11010019.

BCBL. (2008-2020). Basque Center on Cognition, Brain and Language zentroa. https://www.bcbl.eu/the-center/?lang=eu

Bianco, F., Ricci, F., Catozzi, C., Murgia, X., Schlun, M., Bucholski, A., Hetzer, U., … Salomone, F. (2019). From bench to bedside: in fitro and in vivo evaluation of a neonate-focused nebulized surfactant delivery strategy. Respiratory Research, 20, 134. https://doi.org/10.1186/s12931-019-1096-9.

Castillo, F., Elorza, D., Gutiérrez, A., Moreno, J., Bustos, G., Gresa, M., López de Heredia, J., … Franco, M.L. (2015). Recomendaciones para la asistencia respiratoria en el recién nacido (III). Surfactante y óxido nítrico. Anales de Pediatría, 83(5), 354.e1-354.e6.

Clark, R.H., Gerstmann, D.R., Jobe, A.H., Moffitt, S.T., Slutsky, A.S., eta Yoder, B.A. (2001). Lung injury in neonates: Causes, strategies for prevention and long-term consequences. Journal of Pediatrics, 139, 478-486. https://doi.org/10.1067/mpd.2001.118201

Goikoetxea, E., Murgia, X., Serna-Grande, P., Valls-i-Soler, A., Rey-Santano, C., Rivas, A., Antón, R., … Gomez-Solaetxe, M.A. (2014). In vitro surfactant and perfluorocarbon aerosol deposition in a neonatal physical model of the upper conducting airways. Plos One, 9(9): e106835. https://journals.plos.org/plosone/article?id=10.1371/journal.pone.0106835

Goikoetxea, E., (2015). Evaluación de una técnica de nebulización para la administración de surfactante en la población neonatal. Establecimiento de las pautas para el diseño de un nuevo dispositivo. Universidad de Navarra, Donostia. http://dadun.unav.edu/handle/10171/38392

Iñiguez, F., eta Sánchez, I. (2008). Desarrollo pulmonar. Neumología Pediátrica, 3(2), 148-155.

Ixa taldea. (1988-2020). Aurkezpena. http://ixa.eus/aurkezpena

Kaiser, J.R., Gauss, C.H., eta Williams, D.K. (2004). Surfactant administration acutely affects cerebral and systemic hemodynamics and gas exchange in very-low-birth-weight infants. Journal of Pediatrics, 144, 809-814. https://doi.org/10.1016/j.jpeds.2004.03.022

López de Heredia, J., eta Valls i Soler, A. (2008). Síndrome de dificultad respiratoria. Hospital de Cruces, Barakaldo. Capítulo 31 de Protocolos de Neonatología de la Asociación Española de Pediatría.

Munduko Osasun Erakundea. (2018). Nacimientos prematuros. https://www.who.int/es/news-room/fact-sheets/detail/preterm-birth

Stanford Children’s Health. (2020). Aparato respiratorio en los bebés. https://www.stanfordchildrens.org/es/topic/default?id=the-respiratory-system-in-babies-90-P05517

Teknopolis. (2020). Gozo eta teknologiko. https://www.eitb.eus/eu/get/multimedia/screenview/id/6967285/tipo/videos/telebista/