ANTIBIOTIKOEN ERABILERA ARDURATSUA

Joan den urtarrilaren 13an, Farmazialarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak “HazDispensación: Nodofarma Asistencial-aren bidezko Dispentsazio Zerbitzua” antolaturiko ekimena, estatuko zenbait farmaziak abian jarri genuen. Ekimena urtarriletik ekainera bitartean egingo dugu, Cinfa Laborategiaren kolaborazioarekin. Hiru izango dira jorratuko ditugun talde terapeutikoak: antibiotikoak, hanturakontrako ez-esteroideaoak (HKEE) eta ahotiko antigatzatzaileak. Oraingo honetan, antibiotikoetara mugatuko gara, zenbait zehaztapen emanez.

Antibiotikoak bakterioek eragindako infekzioei aurre egiten dieten medikamentuak dira. Bakterio-mota desberdinak daude, eta antibiotiko desberdin asko ere bai. Antibiotiko batek deuseztatzen ahal duen bakterioari bakterio sentikorra deitzen zaio. Antibiotikoen erabilera desegokiak eragin dezake bakterioak horiekiko erresistenteak egitea.

Birusek eragindako infekzioak ez dira antibiotikoekin tratatzen. Infekzio biriko ohikoenak, besteak beste, hauek dira: eztarriko min gehienak, bronkitisa, eztul mota gehienak, hotzeriak, gripea eta gastroenteritisa.

Antibiotikoen eraginkortasun eta segurtasunik handiena bermatzeko, horien erabilera arduratsua egin behar da; antibiotikoak erabili beharrezkoak direnean bakarrik, medikuak, odontologoak edo albaitariak agindutako jarraibide posologikoak betez.

Antibiotikoen erabilera desegokiaren arriskuak hauxek dira: eraginkortasuna galtzea, aurkako erreakzioak agertzea eta bakterio erresistenteak agertzea.

Antibiotikoen erabilera egokiak, berriz, infekzioak tratatzen laguntzen du, eta bakterioak erresistenteagoak bihurtzen zailtzen du. Gaur, antibiotikoak modu egokian erabiltzen baditugu, bihar ere eraginkorrak izaten laguntzen ari gara.

Bakterio erresistenteek eragindako gaitzak oso larriak izan daitezke, horien tratamendua zailagoa delako.

ANTIBIOTIKOEKIKO ERRESISTENTZIA SAIHESTEKO PREBENTZIO-NEURRIAK

Antibiotikoekiko erresistetziari bi modutan egin ahal diogu aurre: infekzioak prebenitzen eta antibiotikoak modu egokian erabiltzen.

1.- Infekzioak prebenitzeko neurriak:

Eskuak ongi garbitu; elikagaiak modu higienikoan prestatu; gaixo bazaude, beste gizabanakoekiko harremanak mugatu; txertaketa egutegiari jarraitu; sexu-harreman seguruak izan.

2.- Antibiotikoak modu egokian erabiltzeko neurriak:

Medikuak edo odontologoak antibiotikorik preskribatu ez badizu, ez hartu; hartu antibiotikoa medikuak edo odontologoak esandako moduan, eta zalantzarik baduzu, kontsultatu zure medikuarekin, odontologoarekin edo farmazialariarekin; sobera geratutako medikazioa, farmaziako SIGRE edukiontzira bota; ez eskaini antibiotikoak inori; zure maskotak direla eta, albaitariari galdetu.