MANEX ETA ANIMALIAK

Urteak aurrera joan ziren pasatzen eta Manex nerabezarora ere iritsi zen, eta, horrekin batera, noski, bere ikuspuntuak, pentsamoldeak eta iritziak ere, pixkanaka-pixkanaka aldatzen joan ziren; bere nortasuna sendotzen. Lehen pentsatzen zuen guztia, gerora ez zuen dena berdin-berdin oldozten eta baloratzen; aldaketa nabarmenak izan zituen bere psikean. Formakuntzak, hezkuntzak eta ikaskuntzak eragin handia izan zuten bere buruaren garapenean eta bilakaeran.

Manexek, konparaziora, ordura arte normaltasun osoz ikusi eta onartu zituen ehiztarien, baserritarren eta arrantzaleen jokabide guztiak, txiki-txikitandik horrela ikusi baitzuen bere inguruan, normal, ohiko eta zilegi. Inoiz ez zitzaion bururatu zalantzan jartzea etxean eta ingurumari osoan ikusi eta ikasi zituen gauzak, esate baterako, ehiza, arrantza eta antzeko jarduerak.

Oroimena zuenetik gogoratzen zuen etxekoak –aita, eta anaia zaharrenak–, osabaren bat, auzokoak eta herrikoak nola aritzen ziren, batzuetan arrantzan eta beste batzuetan ehizan. Horretarako, gainera, hainbat eta hainbat tresna erabiltzen zituzten: eskopetak, karabinak, tiragomak, lika, baheak, tranpak, zepoak, lakioak, amuak, kanaberak, sareak, pozoiak eta abar. Manexentzat zeharo ohikoa izan zen ikustea, nola batzuek hala besteek ere, botatzen eta harrapatzen zituzten erbiak, basurdeak, orkatzak, azkonarrak, basahuntzak, azeriak, muxarrak, katagorriak, zozoak, usoak, kurriloak, hegaberak, eskinosoak, mikak, birigarroak, hontzak, satorrak, saguak, arratoiak, sataginak, muskerrak, sugandilak, sugeak, arrabioak, igelak, zapoak, txipak, amuarrainak, loinak, karramarroak, izokinak eta abar, eta abar, hau da, ia-ia mugitzen zen jainko guztia.

Harrapakin eta ehizaki haiek, batzuetan jateko aprobetxatzen zituzten, beste batzuetan disekatu eta etxea apaintzeko, beste kasu batzuetan dirua kobratzeko basapiztia kaltegarriak zirelakoan, beste batzuetan akabatzeko plazer hutsarengatik, eta, azkenik, beste animalia batzuk hiltzen zituzten pozoitsuak izateagatik, eta, beraz, arriskutsuak zirelako ustean.

Baina txikitan, hura guztia ikusi eta ikasi bazuen ere, hazten joan zen neurrian, Manexi, pixkaka-pixkaka, zalantza berriak hasi zitzaizkion sortzen bere baitan. Dagoeneko dena ez zitzaion iruditzen hain natural eta zilegi; pentsatzen hasi zen, beharbada, animalia gehiegi erailtzen zirela ongi justifikatu gabe, eta, agian, ez zela guztiz etikoa izanen jatea hainbeste haragi, arrain eta itsaski, munduan beste hainbat eta hainbat barazki, fruta, perretxiko, landare osasungarri eta abar egonda, eta, gainera, hain gustagarriak izanda. Beste alde batetik ere, bera ohartzen zen oso erakargarria zela ehizan eta arrantzan aritzea, eta, nola ez?, denetik jatea, nahiz eta horrek animalia batzuk hiltzea ekarri; tentazioa nonahi zegoen.

–Arraioa!, ez zekiat ze egin behar dudan! Hau izorratzea hau! Dios!, ze erabakiko dut nik azkenean? –ziren Manexek bere buruari sarritan egiten zizkion galderak, momentuz, erantzun garbirik aurkitu gabe.

Jakina den bezala, nerabezaroa eta pubertaroa oso garai aldakorrak eta nahasiak izaten dira, eta Manexi ere halakoxeak suertatu zitzaizkion, hots, aldaberak, korapilatsuak eta zalantzakorrak, gai gehienekin, gainera.