ETXEBIZITZAREN ESPEKULAZIOA EKARRI DU KORONABIRUSAREN KRISIAK IRUÑEAKO ALDE ZAHARRERA

  • Orain arte turistentzako alokatzen ziren pisuak gehiegizko prezioetan eta araudiaren kontrako baldintzetan eskaintzen ari direla antzeman dute
  • Bizitzeko Alde Zaharra, AZ Ekimenaren barruan etxebizitza eta gentrifikazioaren gaiak lantzen dituen plataformak, halako egoerak salatzeko deia egin du

Azken asteetan, koronabirusaren ondorioz sortutako krisiarekin batera, nabarmen hazi dira gehiegizko baldintzetan eskainitako alokairuzko etxebizitzen iragarkiak, Idealista eta Fotocasa bezalako plataforma digitaletan. Hala antzeman du Bizitzeko Alde Zaharra plataformak; orain arte turistentzako alokatzen ziren pisuak bizitzeko ohiko alokairu gisara eskaintzen hasi dira, gehiegizko prezioetan, eta indarrean den alokairuaren araudia hausten duten baldintzetan. Momentuz, halako 21 kasu antzeman dituzte Alde Zaharrean, eta beste 15 Zabalgunean, baina argi dago gehiago ere agertuko direla.

Turistifikazioaren fenomenoa baliatuz, haien etxebitzekin espekulatzeko hautua hartu zuten hainbat etxejabek bere momentuan, interes ekonomikoa lehenetsiz auzoaren ongizatearen aurretik. Orain, krisi egoera baliatuz, etxebizitza horiek neurrigabeko prezioetan eskaintzen hasi dira: antzemandako kasuetan, hain zuzen ere, 650 eta 2800 euro arteko prezioetan eskaini dituzte logela bat eta sei artean dituzten etxebizitzak. Baina prezioarena ez da gehiegikeria bakarra: Bizitzeko Alde Zaharrak antzemandako eskaintzek etxebizitzarako irisgarritasun eskubidea urratzen dute, alokairuzko etxebizitza arautzen duen 7/2019 Erret Dekretu-Legea hautsiz. Izan ere, besteak beste, hilabete bat baino gehiagoko fidantzaren ordainketa, bi hilabete baino gehiagoko ordainketa berme gordailu gisara edota udan zein sanferminetan zehar etxebizitza utzi behar izatea bezalako baldintzak ageri dira eskaintza horietan. Gauzak horrela, “errenta altu frogagarriak dituzten pertsonak” izatea, “kontratu iraunkor eta diru sarrera frogagarriak” edukitzea, “6 hilabete edo gehiagoko” fidantzak ordaintzea, “hilabete bat fidantza gisara, eta 6 hilabeteko errentari dagokiona berme gisara” ematea, “gutxienez hiru urteko kontratua” sinatzea, edota maizterrak etxebizitza “irailetik ekainera” bitartean bakarrik erabili ahal izatea da hauteman dituzten baldintza horietako batzuk.

Bizitzeko Alde Zaharra plataformarentzat premiazkoa da egoera hau salatzea, bai eta bizitzeko egokia izango den auzo baten alde jokatzea ere. Horregatik, iragarkiak jasotzen dituzten plataformen aurrean salatu ditu aipatutako irregulartasunak; plataforma horiek, dena den, ez dute inolako neurririk hartu, eta haien erantzukizuna ukatu dute, “iragarleen eta interesatuen artean bitartekaritza lanik ezin” dutela egin edota “neurririk hartzeko nahikoa tresna eta eskumen ez” dutela argudiatuz, eta beraz, salatutako gehiegikerien konplize bilakatuz.

Egoeraren aurrean, Bizitzeko Alde Zaharrak antzematen dituzten irregulartasunak salatzeko deia luzatu die auzokideei, dagokion autoritateen zein era publikoan eman dezaten horien berri. Era berean, arau hauste horien jakinarazpena bizitzekoaldezaharra@gmail.com posta elektronikora ere bidaltzeko eskatu dute.