MAIATZAREN 30EAN MURAL ERRALDOI BATEKIN OSPATUKO DUGU IRUÑEAKO ALDE ZAHARREKO EGUNA: BIDALI ZURE ARGAZKIA!

Egoera ezezaguna bizi dugu, pandemia bat, eta bere deseskalada. Ezin dugu elkar ukitu, besarkatu, koadrilan egon.. Ezin ditugu gure auzoko txoko ezezagunak bisitatu, ez eta kalean egon, kalderete handiak egin, kalejiran atera, erraldoiak ikusi, krossean korrika atera, taloak egin edo txorientzako habiak eraiki.. Ezin dugu orain arte Alde Zaharreko Egunarekin eta aurreko egunekin lotzen genituen gauza horiek guztiak egin, baina asko egin dezakegu. Jai Batzordeak, normaltasunik gabeko egoera honen aurrean, Alde Zaharreko Egun ohiko bat ez antolatzea erabaki du, baina auzokide guztiak ikusarazi eta batuko dituen ekintza bat bultzatu nahi du: denon argazkiekin osatutako mural handi bat eratzea. Ez dugu nahi inork huts egiterik: bidali ezazu zure argazkia, lehen planoan eta fondo txuriarekin, 647 487 108 telefonora, edota azjaiak@gmail.com helbidera, maiatzaren 23a baino lehenago.

Egoera ezohiko honetan, egingo genituzkeen gauza gehienak egin ezinda gabiltza, baina pandemiaren une latzenetan auzo honetan zerbait egin badugu, aktibo egotea izan da. Kaleak animatu dituzue, tronpetekin, gitarrekin, pianoekin, ahots hutsezko kontzertuekin, irratiekin, bertsoekin… Inoiz ez dira hain apain egon gure terraza, balkoi eta leihoak. Egindako kartel, bandera eta pankartek, -batzuk aldarrikapenez beteak, besteak laguntza eskainiz- kolorea, alaitasuna eta animoa eman diote jende askori.

Gutxi izan dira irekitako dendak, eta ireki dutenek ordutegi mugatuekin ireki dute, baina berriro ikasi dugu haiengana jotzen, berriro ezagutu ditugu, elkarri gomendatu, eta haiek, gertutasun eta konpromisoz, haien jarrerarekin, gustura sentiarazi gaituzte. Faltan bota ditugu gure denda gogokoenetako asko, eta faltan bota ditugu tabernak, irabazia bilatzeaz gain auzoarekiko kezka ere badutenak, askotan gure bigarren etxea ere izan direnak, eta orain, akaso, inoiz baino gehiago baloratzen ditugunak.

Infiniturainoko ilarak egin ditugu, baina eutsi dugu, errespetatu ditugu, eta elkargune ere bilakatu zaizkigu, aurpegi berriak ikusteko parada, jendea ezagutzekoa, konplizitate keinuak eta zaintzaz eta animoz betetako elkarrizketak izateko aukera.

Gure txikiek etxetik atera gabe eman dituzte asteak, korrika egiterik izan gabe, bizikletan ibili gabe, eskolara joan edota lagunak ikusteko aukerarik gabe. Matxinatu zaizkigu, negar egin dute, eta haserretu dira, baina barre ere egin dute, jolastu dira, kozinatzen ikasi dute, etxetik “ikasi” dute, eta une askotan, helduok baino indartsuago ere izan dira. Etorkizun ederra dugu aurrean.

Eta zer esan pertsona helduez, birus honek gehien erasan dituen horietaz, gehien pairatu dutenez, norbere larruan ez bada gertuko pertsonengan. Haien burua etxean itxita ikusi dute, salbuespen egoeran, askori gogoraraziz iragandako gerrak, ahaztu gabeko horiek.

Orain, pasiatzen hasi gara, korrika egiten, ibiltzen, buelta bat ematen, eta kotxerik gabe ari gara, trafikorik gabe, zaratarik gabe, arriskurik gabe, beste garai batean ezinezkotzat joko genukeen egoeran. Hori izan zen Alde Zaharraren Egunaren hastapenetako aldarrikapenetako bat, “Auzokidearen Eguna” deitzen zen garaietan.

Egoera latz honen hasiera-hasieratik eratu zen auzoan Zaintza Sarea, eta egun, 200 bolondres baino gehiagok eskaini dugu gure burua beharra dutenak laguntzeko. Gutxira sortu zen Josi eta Josi, eta 20 lagun baino gehiago ari dira oihalezko maskarillak egiten, auzoko dendek oparitutako materialekin, nahi duen orori musutruk emateko. Auzoko Auzolab-en buru belarri aritu dira babeserako pantailak egiten, gure dendariei eta Erizaintza Elkargoari emateko.

Eta ez dugu bakarrik sare bat eratu zaintzarako, lanerako, babeserako. Hortik harago, ez dugu desiratzen dugun auzoa ahaztu, eta jasotako eraso bakoitza salatzera atera gara, izan alokairuzko etxeetako kontratuetako legez kontrako abusuak, izan tabernetako terrazek espazio publikoa inbaditzeko arriskua, izan inolako beharrik gabeko inbasio militarrak. Alokairuzko etxebizitzaren inguruko aholkularitza gunea bultzatu dugu, auzoko denda txikien aldeko kanpaina abiatu dugu, Piparrikako produktuak jantoki sozialen esku utzi ditugu… Hilabete hauetan, hainbeste gauza egin dugu, banaka zein modu kolektiboan, ezen ezin baitugu ukatu barnea betetzen digun sentimendua, HARROTASUNA.

Maiatzaren 30ean kalera atera nahiko genuke harrotasun hori, eta auzokide guztiak ikusarazi. Mural handi bat egin nahi dugu horretarako, zurekin batera egindako mural bat, zure argazkia eta egunez egun Alde Zaharra bizirik mantentzen dugun denonak jasoko dituena. Horregatik egiten dizugu deia, zure argazkia bidali dezazun 647 487 108 telefonora, edota azjaiak@gmail.com helbidera.

Auzoko Egun honetan zu zara protagonista, zuk erabakiko duzu nola bizi, nola gozatu, nola partekatu. Zu zeu!