‘IRATI’, PAUL URKIJOREN AZKEN LANA, CANNESEKO JAIALDIKO MARCHÉ DU FILM ATALEAN PARTE HARTZEKO AUKERATU DUTE

  • Errementari’ filmeko zuzendariaren azken proiektuak Fantastic 7 foroan parte hartuko du. Plataforma horren helburua unibertso fantastikoa lantzen duten zinegileen talentua sustatzea da eta, horretarako, laguntzak eta finantzazioa bilatuko dituzte.

  • Gasteizko zinegilearen azken proiektuak K.o. VIII. Mendean, Erdi Aroko garai ilunean, girotutako abentura historiko-fantastikoa kontatzen du. Beste sei lanekin batera aurkeztuko dute, ekainaren 24an eta 26an.

Sitgeseko Jaialdiak ‘Irati’, Paul Urkijoren film proiektu berria, aukeratu du Canneseko Marché du Film merkatuko Fantastic 7 foroan parte hartzeko. ‘Errementari: el herrero y el diablo’ pelikularen zuzendariaren lana estatu-mailako genero fantastikoaren ordezkaria izango da ekainaren 24an eta 26an egingo diren saioetan. Plataforma horren helburua unibertso fantastikoa lantzen duten zinegileen talentua sustatu eta aurkeztutako proiektuak ekoiztu ahal izateko laguntza eta finantzazioa lortzea da.

Iaz, Juanma Bajo Ulloaren ‘Baby’ lanak hartu zuen parte Fantastic 7 plataforman, eta bigarren edizio honetan, munduko zazpi jaialdik aukeratutako genero fantastikoko zazpi proiektu aurkeztuko dira. Sitgeseko jaialdiak hautatu du Gasteizko zuzendariaren lana, Canneseko Marché du Film-ekin eta Blood Window plataformaren sustatzaile Bernardo Bergeretekin batera.

Irati’ filmarekin, ‘Errementari’ pelikularen zuzendariak Erdi Aroan girotutako istorioa aurkeztuko du. VIII. mendean, kristau eta musulman gerlari talde bat Pirinio paganoko baso sakonetan barneratzen da, Carlomagnok Orreagako batailan galdutako altxorra berreskuratzeko asmoz.  Irati izeneko emakume gazte misteriotsu bat gidari dutela, izaki mitologikoz beteriko mundu batean murgilduko dira gudariak. Bertan, “izena duen guztia, bada”.

Ekoizpen fasean dauden lanentzako laguntzak

Fantastic 7 ekimena iaz aurkeztu zuten Canneseko Jaialdian, proiekzioa duten egileen lanak merkaturatzeko aukerak bilatzeko asmoz. Aurten, pandemiak sortutako egoera konplexua izan arren, berriro gauzatuko da foroa Marché du Film online topaketaren baitan. Ekainaren 24an, asteazkena, goizez, proposamenak aurkeztuko dira, eta hilaren 26an, ostirala, egun osoan zehar, ‘Speed Meetings’-ak egingo dira, proiektuen egileen eta produktore interesatuen arteko pitch box batean.

Fantastic 7 egitasmoaren bi jardunaldiak Marché du Film merkatuaren web orriaren bidez jarraitu ahal izango dira. Hauek dira forumean aurkeztutako beste sei filmak: ‘Foreign Cop’ (Maxim Bessmertny), ‘Huesera’ (Michelle Garza Cervera), ‘I Have To You’ (Tim Kasher), ‘Illicit’ (Minji Kang), ‘Three for Eternity’  (Rami Yasin) eta ‘Violation’ (Madeleine Sims-Fewer & Dusty Mancinelli).