EKIAREN BESTA ZUBEROAN

2010. urtean, Junes Casenave-Harigilek liburu ttipiño bat plazaratu zuen Astobelarra argitaletxearen bitartez. Aroa izena zuen eta eguraldiaz, senda-belarrez, euskal mitologiaz eta abar mintzatzen zen bertan. Zuberoako herri-jakintzari buruzko altxor ttipi eta izugarri aberatsa dela erran daiteke. Liburu honetan Ekiaren bestaz, hau da, Jondane Johane bestaz, azalpen interesgarriak ematen ditu, zuberotarrez prefosta! Nik ulergarriagoa izan dakigun euskara batuaz ezarri dut. Jondane Johane besta edo xarnaterak izena du. Horratx:

“Bezperan, gazteek ekarri egur eta adaxkekin, su bat pizten da plaza erdian. Jende guztiak hor dira: haurrak, gazteak, adinekoak, zaharrak. Sua pizten delarik, oihu eta irrintziak egiten dituzte. Gero garrak hein bat gora direlarik, gazteak eta haurrak su gainetik aritzen dira jauzika, batzuk larri-larri ibiltzen dira, besteak trebeago, denak ahal bezain gora jauzi eginez. Jauzi egitean denek oihu egiten dute: Belagile zaharrak oro erra eta berriak ez kontserba.

Junes Casenave-Harigile

Sua itzali ondoren, gelditzen diren errautsekin gurutze bat egiten dute lurrean. Gero denak beren etxeetara doaz.

Goizean, ateburuan, lore xorta bat ezartzen da. Zurezko gurutze arrunt bati Jondane Johane lore, arrosa eta beste zenbait, lotzen zaio. Etxeko aitzinaldean, aldiz, urritzez eta eta elorri zuriz egindako xorta ezartzen da. Hor ez da lilirik. Ber gauza egiten da bordetan; han ere sarrerako alde gainean urritzezko eta elorri zurizko xorta jartzen da, eta beste bat horma zulo batean edo loturik. Xorta bera ezartzen da baratze bazterrean.

Eguna argitzean, denak errekara joaten dira. Han aurpegia garbitzen dute, eta gero ez dute idortzen. Iturburua baldin bada, hara joaten dira. Gero ibiltzen dira, oinutsik, ihintzez bustiriko belarretan. Goiz horretan ere, biltzen dira zenbait sendabelar: milaxiloa, idibegia edo bixileta, erlebelarra, hazteibelarra, peldoa eta beste, hala nola intxaur hostoak zangoetako mina sendatzeko.

Ez ohiko gauza bat ere egin daiteke. Hona: haur batek baldin badu eritasunen bat, sendatzeko bi Johane behar dira. Jondane Johanez, goizean goiz joaten dira oihanera. Haritz gazte bat erdibitzen dute, zutik, moztu gabe. Haur eria haritzaren goiko bi aldeetara igoarazten dute, erranez: To Johane. Emak Johane. Hori dena hamar aldiz egin behar du. Joan baino lehen, haurraren eritasuna adar batetik zintzilik geldituko da.

Aro gaitzaren kontrakoa. Gamere-Zihiga Irondoko auzategian, eta pagadi handi baten barruan, bada kapera bat Jondane Johaneri eskainia. Eraiki omen zuten babazuzak eta harriak maiz izaten baitziren hango lurretan. Geroztik, halako mehatxu bat delarik, egunez ala gauez, pagadiko nagusia badoa kaperara eta sarraren aitzinean, kanpotik ezartzen du Jondane Johanen irudia. Eta geroztik, horko auzoek ez dute ez txingor eta ez harri erauntsirik ezagutzen.

Laminen kontuak. Laminak Jondane Johane goizean loriatzen dira. Orduan, garbitzen dira iturburuetan. Hala nola, talde handian, Iratiko gainaren beheko aldean, Txistapeko iturriaren sorbegian.

Jondane Johane goizean, Larrañeko üztarbeko harpe aintzinera agertzen zen lamina bat. Üztarbeko seme batek ikusi zuen. Urte batez itxaron zuen, atzeman behar zuela eta etxera eraman, harrapatuko zuela. Azkenean atzeman zuen eta bizkarrean etxera eraman, baina lamina mugitzen zen. Bidean mutilari edozein kabala agertzen zitzaionean, suge, abere itsusi eta, ibiltzeko traba egiten zion. Erreka zeharkatu behar izan zuenean, han laminak ihes egin zion.”

Honaino kontatu dugu Junes Casenave-Harigilek bere liburuan maisukiro azaltzen diguna. Gaur egun Zuberoan antzeko su-metak eta lore edo belar sortak ipintzen dira, ateburuetan, bordetan, baratze aitzinetan…

Baina badira bestelako usadioak ere. Jondane Johane bezperan, hainbat mendi gailurretan su-meta handiak pizten dituzte: Betzülan, Maidalenan, Barazean, Gaztelainen, San Antonin, Zalhagainen, Aihargon… suzko lerro ikusgarria eginez. Suzko lerro hau jadanik nafarroa beherean sartzen da, Orgamendian eta Behorlegin ere su-meta handiak egiten baitituzte. Su horien inguruan jendeak biltzen dira eta Mixel Etxekoparrek egin Jondane Johane dantza egiten dute suaren inguruan. Gero solasak, kantuak, dantza-jauziak… izaten dira eta bukatzeko, sua beheititu delarik, ohiko jauziak aldez alde.