SASKI BASKONIA TXAPELDUN!

Orain dela egun batzuk, Baskonia saskibaloi taldeak norgehiagoka garrantzitsu bat irabazi zuen eta orduan euskal herritar asko biziki poztu ziren, eta, nola ez, baita arabar ugari ere, baina, bereziki, gasteiztar asko ere asko izan ziren gogotik alaitu eta pozak txoratzen jarri zirenak, halako punturaino, non jende anitz elkartu eta pilatu egin baitzen hiriburuan, modu neurrigabe eta arriskutsu samarrean, garaipena ospatzeko.

Bestalde alde batetik ere, badakit aipatutako kirol taldea 1959an fundatua dela, eta, hortaz, badaramala denbora dezente Gasteizen kokatuta eta errotuta. Hala eta guztiz ere, eta nahiz eta ni ez naizen kirol horren zale, euskal irrati eta telebista guztietan, Baskoniako entrenatzailea eta jokalariak beti entzuten ditut espainieraz mintzatzen, hau da, konkistatik aurrera inposatu ziguten kanpoko hizkuntzaz, eta, antza denez, denak zoriontsu eta uros agertzen dira gertakari horren aurrean, inolako kezka eta ardurarik izan gabe; inor ez dut axolaturik sumatu, eta horixe da, hain zuzen ere, niri bitxi gertatzen zaidana, hots, Espainiako inperioak bere garaian, arma hilgarriak errukirik gabe erabiliz eta bortxazko konkista anker baten ondoren lortutakoa, kasu honetan, gogora dezagun, besteak beste, Gasteizko setioa: Gaztelako Erresumako armadak 1199-1200 bitartean egin zuena, Alfontso VIII.a buru zuela, Nafarroako Erresuman erregea Antso VII.a zenean).

Esan bezala, Gasteizko saskibaloi talde txapeldun hori, dirudienez, gazteleraz entrenatzen da, gaztelaniaz egiten ditu taktikak eta estrategiak, espainieraz prestatzen ditu partiduak, erdaraz jokatu eta ospatzen ditu garaipenak eta abar. Kanpotik, behinik-behin, horixe hautematen da. Euskaldun bakarra, ematen du, Josean Kerejeta lehendakari lazkaotarra dela. Gainera, jokalari gehienak erosiak direla nabarmentzen da, beren etnia eta hizkuntzengatik, eta nik hori ez daukat batere gustuko kiroletan, azoka bat ematen duelako. Argi eta garbi utzi nahi dut nik ez dudala deus ere atzerritarren eta migranteen aurka, baina inola ere gustatzen ez zaidana da kanpoko jokalariak erostea bakar-bakarrik onak direlako, eta, gainera, gero ikusten dugu, gehienak, behintzat, soil-soilik bertakotzen direla gure inbaditzaileen kulturan eta hizkuntzan; badakit errurik handiena ez dela beraiena. Horrexegatik, hain zuzen ere, suertatzen zait niri guztiz harrigarri eta txundigarria, egiaztatzea gasteiztarrek-eta nola ikusi ahal dituzten beren buruak islatuak eta irudikatuak, halako kirol talde erdaldun batean. Baina, jakina, hamaika ikusteko jaioak omen gara eta hau ere honelaxe hartu beharko dugu. On egin eta bejondeiela!

Hemen jarritakoa niri iritzi soila baino ez da, inor iraindu gabe esandakoa; orain, nahi duenak esan dezala berea, begirune berberarekin.