ITZULI PAREKIDE BAT : POSIBLE DA !

IEHGK-ko Gizon eta Emazteen arteko berdintasunaren aldeko Batzordeako prentsa ohar bidez, gizarte zibilak Elkargoko ordezkariei dei egiten die parekotasuna %100ean bermatzeko hautua egin dezaten Elkargoko kontseilu exekutiboan eta kontseilu iraunkorrean ! 

Itzuli parekide bat : posible da ! Urtarrilaren 30ean, Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluak (IEHGK) bizi publikoko berdintasunaren aldeko Manifestua publikarazi zuen, Gizon eta Emazteen arteko berdintasunaren aldeko Batzordeak antolatutako Foroaren ondotik. Gizarte zibilak hautetsiak herriko bozetan eta Elkargorako izendapenetan berdintasunaren alde engaiatzera gonbidatzen zituen. Herriko bozetako emaitzek aitzinamendu batzuk erakusten badituzte ere, bidea oraindik luzea da… Epe laburrean, ihardukitzeko tenorea da ! Heldu diren egunetan Euskal Hirigune Elkargoan iraganen den hirugarren itzulia erreusitu beharko da: Elkargoko kontseilu exekutiboan eta kontseilu iraunkorrean ahal bezainbat emazte izendatu beharko da. Gizarte zibilak Elkargoko ordezkariei dei egiten die parekotasuna %100ean bermatzeko hautua egin dezaten !

Mezu honi loturik, 50/50 Manifestua:

Euskal Hirigune Elkargoak, Tokiko bizitzan emazte eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko europar gutuna 2018an sinatu zuelarik eta 2019ko ekainean Ekintza Plana ezarriz, mezu garrantzitsua igorri dio horren zain zen gizarte zibilari. Herri hauteskundeak direla eta gizarte zibilaren eragileek ekintza zehatzak egin ditzaten eskatzen diete hautetsiei, hala lehen bozkaldiaren aitzinean nola bigarren edota hirugarren bozkaldietan!

Legeak parekotasunaz jokatzera behartzen du 1000 biztanletik gorako herrietan. Ez du, halere, beste herrietan, zeinahi neurritakoak izanik ere, parekotasuna ezartzea debekatzen. Halatan, bada, lehen bozkaldian % 100ean parekotasunaz jokatzera ausart gaitezen!

Parekotasuna muturreraino eraman dezagun! Genero bakarreko ordezkaritzak alde batera utz ditzagun! Zergatik ez lanen auzapezorde emazte bat, ekonomia auzapezorde emazte bat, finantzen auzapezorde emazte bat edota haur txikien auzapezorde gizonezkoa, edo hezkuntza auzapezorde gizonezkoa edo gizarte gaien auzapez gizonezkoa! Emazteak eta gizonak pareko kopurutan tokiko bizitza politikoaren erantzukizunaren aitzinean!

Hauteskundeen 3. bozkaldia Euskal Hirigune Elkargoaren Elkargo Kontseilurako 233 hautetsiak izendatzea izanen da. Herri bakoitzak emazte bat hauta dezake ordezkari. 158 herriek hautu hori eginez gero, parekotasuna argixko izanen da Euskal Elkargoaren Elkargo Kontseiluan, Kontseilu Iraunkorrean eta Batzorde Eragilean. Euskal Elkargorako 117 emazte hautatzea: egin liteke ! Baionan bildurik, urtarrilaren 16 honetan, Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluak proposaturik, gizarte zibilaren 100 herritarrek herri eta herriarteko hauteskundeak Ipar Euskal Herrian berdintasuna izatearen aldeko aukera bilaka ditzaten gonbidatzen dituzte lurraldeko hautetsiak.

Argibidea:

https://societecivile-paysbasque.com/eu/