XERAR URRUTIA ETA SORGINEN GERRIKOA

Xerar Urrutia. / argazkia: Jean Louis Chaulet / Sud-Ouest

Urruñan bada herritar bat betidanik euskararen eta euskal kulturaren saltsa guztietan ibili dena: Xerar Urrutia Jorajuria, 1959an sortua. Kantaria, kanta-egilea, idazlea… beste gauza askoren artean. Herriko ikastolan lehen lehendakaria, Berttoli kultura elkarteko sortzaileetako bat, Ziburuko Piarres Larzabal kolegioko lehendakari izana, Euskal Herriko Mus Txapelketako arduradunetako bat, tobera-idazlea, karrikaldi antolatzailea, Hegoak musika taldeko kidea, Kuxkuxtu txarangakoa eta abar luzea.

Bakarka bi disko plazaratu ditu: Zu eta Zu-bi, eta jadanik bost liburu plazaratu: Askatasunaren egarriz izeneko kanta eta olerki bilduma 2013an, Urruñako Zintzarrotsa izeneko tobera, urruñarrek 2014an jokatu zutena, Gure Lurra historia liburua 2018an, Nire Konpostelako bidea, Izarlandako Done Jakuera egindako bidaia kontatuz 2019an eta berriki, 2020an, plazaratu duen Euskal gerriko sakratua izeneko eleberri historiko-mitologiko miresgarria.

Oraingo honetan, eta erran bezala, Xerar Urrutia eleberri historiko batekin agertu zaigu Baionako Maiatz argitaletxearen bitartez. Harrigarria da urruñarrak arloz eta generoz aldatzeko duen erraztasuna, kantuetatik diskoetara, diskoetatik toberetara, toberetatik kontakizunetara, eta orain, jauzi handia eginez, XVII. mendean oinarritu istorio eder batekin datorkigu.

Istorioaren haria 1660. urtean hasten zaigu, Urruñako baserri batean, eta euri zaparrada handi baten azpian. Hor bizi dira Joanes eta Katixa anai-arrebak, hamaika eta hamar urteko haurrak direnak. Erreka bazterrean kutxa bat topatuko dute eta bertan izanen da euskaldun zaharren gerriko sakratua, gure arbaso zaharrek ama-lurrarekin zuten lotura magikoa irudikatzen duena eta aspaldian galdua zena. Hortik aitzina, istorioa korapilatuko da gerriko horren inguruan.

Jakina da, gure arbaso zaharrek izadia gurtzen zutela, eta haientzat naturan ziren elementu guztiak sakratuak zirela, bai harriak, bai mendiak, bai zuhaitzak, bai errekak eta ibaiak, bai lurra eta itsasoa eta baita, nola ez, izadi miragarri horretan bizi ziren indar edota pertsonaia magikoak, jainko-jainkosak deitu izan ditugunak ere. Mari edo Maia zen euskaldunen jainkosa handia, ama-lurra sinbolizatzen zuena, eta bere baitan amatasuna, emetasuna eta emankortasuna biltzen zituena. Gure asaba zaharrek Euskal Herriko mendietan bizi zela uste zuten, eta hari deitzen zioten bizitzan arazoren bat zuten aldiro.

      

Eleberri labur honetan izadiarekiko kultu zaharrak, Marirekiko sinesteak eta ama-lurrarekiko maitasunak zama handia hartuko dute eta Xerar Urrutiak asmatu istorioaren nondik norakoa gidatuko dute hastapenetatik bukaeraraino.

Joanes eta Katixa ez dira pertsonaia bakarrak izanen, jakina, baina hori zuk, irakurle, aurkitu beharko duzu liburua irakurtzean. Hori bai, XVII. mendeko euskal gizartearen gertaerak, ekintzak eta botereak bertan azalduko zaizkigu argitasun handiz: orduko jauntto eta apezen arteko tirabirak eta agindu-nahiak, haien arteko konkurrentzia, euskal arrantzaleek Ternura egiten zituzten bidaia luze eta neketsuak, euskal baleazaleen eta eskimalen arteko harremanak, Lapurdiko Biltzarra, frantses handikien bekaitza eta Lapurdi osoa arrotz legeaz menderatzeko nahikari zitala, euskal akelarreak, sorgin edo belar-egileen kontuak, errito zaharrak, hilketa eta sarraski handiak… Horiek denak ezagutu ahal izanen ditugu eleberri zirraragarri eta interesgarri honetan.

Eleberri hau kantu bat dela erran daiteke, euskal kultura zaharrari eskainitako kantu eder eta ozena. Istorioan izan ditugun urrats gaiztoak, auzo arrotzek inposatu legeak, gure patu okerra, azken finean, baztertu edota zuzendu nahiko lukeena. Herri hau desitxuratu dute, bere sineste naturalista-animistetatik urrundu gaituzte, bihotza eta nortasuna ebasten etengabeki saiatu eta saiatzen dira, diruaren morrontza inposatu digute, gure mintzaira desagerrarazten ahalegindu eta ahalegintzen dira inolako lotsarik gabe, gure sustraiak errotik mozten aritu eta aritzen dira, euskaldunak garela ere ukatu nahi digute… hau da, historiaren liburutik ezabatu nahi gaituzte betiko. Eta horien guztien kontra altxatzen zaigu Xerar Urrutia, maltzurkeria horiek guztiak izan, badirela, onartuz, baina historiaren norabidea aldatu nahian. Biharko gizon-emakumeek euskaraz idatzitako hilobiak ikustean ez dezatela erran: Hemen Herri bat izan zen!

Zaila dugu, urruñarraren liburuan, gordintasun osoz azaltzen zaigun bezala, baina euskaldunok ditugun bizitzeko grina, irauteko nahia, eta euskaldun izateko desira hor dira, eta horiek islatzen dizkigu egileak, esperantzari leiho zabal bat utziz. Gerriko sakratua aitzakia da, estakurua, gure berpiztearen seinalea. Eta ziur naiz, , —liburuan Urrutiak iradokitzen digun bezala— mende luzetako iraupenak biharko garaipena ekarriko digula. Nehork ez du erranen Hemen Herri bat izan zen!, Hemen da Euskal Herria bizirik eta garaile! baizik. Geroak ikusiko! Gu anartean, Xerar Urrutiaren eleberri honen bigarren zatiaren zain gara. Hori ere, atsegin eta zirrara handiz irakurriko dugu.