KONPOSTELARAKO NIRE BIDEA (eta 4)

2019ko uztailaren 7an, Donibane Garazi ederretik abiatu nintzen, makila baten laguntzaz, oinez eta bakarrik. Nafarroa osoa zeharkatu ondoren, uztailaren 15ean Euskal Herritik atera eta Logroñora iritsi nintzen. Uztailaren 19an Burgosera. Horrela dut gogoan, eta baita bidelagun eraman nuen kaieran idatzirik.

San Juan de Ortega – Burgos, uztailaren 19a.

Gaur, zazpietan, hasi naiz eta atsaldeko oren batean aliatu naiz Burgos herrira. Gaurko etapa ez da batere interesanta izan, mendixka pixka bat oren batez eta gero kasik dena asfaltoa Burgoseraino. Asfaltoko lorea…(Egan taldearen kantua).

Nada, keutz, nothing, una mierda. Zinez neretzat ez da etapa izigarria, sei orenez egin dut zazpiren ordez liburuaren araberan eta horrek hobekiago naizela erran nahi du. Hau positiboa da, bisitatu Burgos eta ikusiko. Katedrala biziki haundia eta ederra ikusi dut. Sartzea zazpi eurotan, ez neretzat. Sartu naiz hala ere uzten zuten tokietan eta bai, ederra da! Aspaldiko eraikuntza zahar bat XIII. mendekoa, mila berrehun eta hogoita batean hasi dute eta XV. mendean bukatu, kasik berrehun urte eraikitzeko eta bazakiten lan haundi batzuk eta ederrak egiten, zein preziotan hori beste historia bat. Afaldu dut eta lo.

Burgos – Hornillos del Camino, uztailaren 20a.

Gaur bidaiaren hamalaugarren eguna. Hornillos de Camino da etaparen bukaera. Bost oren emateko ordez, beste oren erdi bat gehiago eman dut, behar bada kaxetak hartu gabe egin baitut eta mina pixka bat sentitu dut. Bidean ikusi dut bost ehun kilometro baino gutiago gelditzen zirela Santiagoraino.

Pareta hau utzita, Rabetik pasa naiz, gorabeherak, dena ogi pentzeak inguruan, den-dena berdina ez da puntarik ikusten zeruertzean, bukaerarik gabekoa. Basamortua ematen du, kaminoa beizik gelditzen da. Emazte bati entzun diot hemengo jendeek erraiten zutela toki hontan ez zela jainkorik, pentsa zer den toki hau, kilometroak deus gabe.

Bide hontan Martxela ezagutu dut. Koreakoa da eta elgarrekin egin dugu bide parte bat. Erran daut bere izena katolikoa zela, ainitz fededun bazirelako bere herrian; ez nakien eta uste nuen budistak zirela edo holako zerbait Korea herrian. Arrosario bat badu eskutan eta horrekin egiten du bidaia. Momentu batean bide bazterrean gelditu gira eta harri koskor baten gainean jarri, banana bat proposatu diot baita ere ur pixka bat. Ez zuen gehiago urik eta nuen erdia eman diot eta segitu dugu gure martxa. Azkenean malda behera luze baten ondotik Hornillos del Camino herrira alaitu gira. Ez da deus, pintxo bat hartu dugu elgarrekin eta bakotxa bere aldetik joan da, jakinez beti badela zer egin etapa bukatzen denean. Egunero bezala logela xekatu, beti bada hauta, aterpetxe munizipala, aterpetxe pribatua, pentze ona edo hotela. Ondotik puskak garbitu eta idorrarazi hari baten gainean, dutxa eta pausa pixka bat ahal bada. Azkenean, ikasten da garbiketa eta guzti. Batzuek irri egingo lukete ni hola ikusiz aferak garbitzen…

Bihar berritz hasiko naiz ibuprofen hartzen. Atseko zortzietan afaldu dut eta bederatzitan lo egitera joan naiz. Bihar igandea, uztailaren hogoita bata, bigarren astea bukatzen dudana…

Hornillos del Camino – Castrojeriz, uztailaren 21a.

Igandea zela eta, erabaki dut zazpiak eta erditan jeikitzea eta zortziak eta erditan abiatzea ene bidaian. Bi aste ari naizela kurri bide hauetan, hirugarrena gaur hasten. Denbora ederra da eta segi. Dena hemen ere ogi pentzeak, horretaz bakarrik inguratua naiz, maitatu behar da holako luzetasuna, ber gauza ezker eta eskuin. Nun dira Euskal Herriko mendiak eta itsas bazter eder horiek? Bestalde gaur 32° egiten du bainan hemengo berotasuna idorra da. Maiz gelditu behar da ura edateko baita ere jateko. Ni bost edo sei aldiz gelditzen naiz fruituak jateko eta maiz aldiz ura edateko. Geldiketa batzuetan gosari on bat egiten dut patata tortilla, liranja jusa eta kafe esnea.

Azkenean, Castrojeriz herrira hurbiltzen naiz. Errege bat bezala gaztelu honen azpitik pasatzen naiz eta hiru kilometro urrunago herriaren sartzea. Atzo baratxuriaren besta zuten hemen eta gaur herriko lasterketa. Nik ezin parte hartu, badut aski eginik gaurko. Sarri itzuli bat eginen dut… Ibili naiz herrian barna, ez da deusik besta guzia atsaldeko bietan bukatua zuten. Pausatzera joan naiz eta zazpietan afaldu dut eta lo egitera joan naiz.

Castrojeriz – Fromista, uztailaren 22a.

Hasieratik malda gora egin izan behar dut, bederatziehun metro arte gure Larrun bezala eta gero malda behera %18 beherapenarekin, kasik malda baino gogorragoa. Arrastak eman behar iduzki altxatzen den denboran.

Ondotik San Nikolas izeneko ermita batean gelditu naiz eta italiar gazte batek kafea proposatu daut. Sinpatikoa eta erran daut hitz bat idazteko bere liburuan eta bera aste batendako hor zela boluntario bat bezala. Idatzi diot hitz bat eskertzeko eta galdetu daut zer hizkuntzetan idatzi nuen. Euskaraz bistan da eta agurtu gira. Boadilla aterpetxean gelditu naiz jateko eta pausatzeko. Ene ondoan gizon mehe bat hirurogoita bost urtetik goitikoa, bazuen gurutze bat lepotik zintzilik. Hitz egin diot eta erran daut kanadarra zela, hobekiago erranez Kebekekoa zela. Frantsesez

hitz egun dugu eta aipatu daut urtero kamino hau egiten zuela eta hori hamahiru urte hauetan segidan.

Erran daut ere alsaziar bat ezagutu zuela eta gizon horrek erran ziola bere Alsaziaren eta gure Euskal Herriaren artean Frantziak separatzen gintuela, ongi errana. Horregatik, apez honek, kasu egiten duela erran daut irriño bat eginez, Euskaldun batekin hitz egiten duelarik. Biziki sinpatikoa atxeman dut eta erran daut Aita Lionel deitzen zela eta bero familiakoak La Rochelle herritik joanak zirela duela hiru mende. Hortan utzi dut berak bukatu zuen bere gaurko bidaia, haatik nik beste bi ordu baditut Fromistaraino aliatzeko. Agurtu gira eta beste aldi bat arte.

Bidea segituz Canal de Castilla bere luzetasun osoan Fromistaraino egin dut. Entzun dut kanal honi esker herria berpiztu zela, laurehun urte txarrak pasatu ondoren. Ura ekarririk, kultura, turismoa, ekonomia berritz, biztanleak piztu dituzte. Urak bizia ekarri du eta ongi zaintzen eta baliatzen dute.Hor gurutzatu ditut turistak itsasontzi batean eni agurtzen buen camino oihukatzen. Eskerrak. Kanal honen puntan lehen esklusa eta Fromista herria. Gaur 32° idatzia da herrian sartzeko panoan, itzalean egon beharko.

Goiz huntan Rebecca ezagutu dut. Bigarren neska da izen berarekin ezagutu dudana nere bidaian, ingelesa da luzea eta ile gorritsu batzuekin. Emazte hau protestan da ingeles elizakoa eta urte baten buruan pastura izanen da. Bere ikasketak segitzen ditu eta bidaia hau egiten du jendeak eta pixka bat mundua ezagutzeko, bost aste hauek bere ikastan barnean kokatzen dira. Biziki neska zintzoa da eta hastapenean ingelesez hitz egiten baginuen ere egunak pasa ta espainolez mintzatzen segitu dugu. Maiz elkartu gira bidaia huntan eta holakotan harremanak azkarrak sortzen dira…

Holako beroak urean plisti-plasta egiteko gogoa ematen du. Atsaldeko zortzietan afaldu dut herriaren itzulia egin ta gero. Hiru elizak badira herri ttipi hontan, printzipala bisitatu dut, zer freskotasuna barne hontan, erromaniko estiloan da , pisua, azkarra ematen du. Barnean ainitz pinturak baditu, nahiko ilunak XIV. mendekoak eta ainitzek urdin ilun bat dute lehen azalean edo azpiko tinduran.

Herriaren bisita bukatzean afaldu eta lo egitera joan naiz.

Fromista – Carrion de los Condes, uztailaren 23a.

Asteazken hontan bidaia erresagoa izan behar zen, bainan ez da beti pasatzen nahi den bezala. Goizean esnatu ta gero, fruituak jan ditut ibuprofen kaxeta bat hartu nere ezkerreko zangoaren inflamazioagatik, aste bat istorio honengatik. Zubi erromanikoa pasatu ondotik, sentitu dut buru nahasketa bat, gelditu naiz mahats idorren andana bat jateko eta ura edateko. Segitu dut hobekiago sentitzen nintzelako eta aterpetxe batean gelditu naiz moleta gasnakin jateko.

Pausatu ta gero berritz bidea hartu dut eta hogoi bat minutu geroago tripako mina eta behitikoa. Gelditu naiz bide bazterrean, gordetuz zuhaitz baten gibelean eta egin behar nuena egin dut, kaka, eta ez behin bainan bi aldiz hamabost minutu denbora tartearekin. Ulala! zer pasatzen da? Kakeria? Behitikoa? Ez naiz lasai sentitu. Paso, edo ibuprofen edo moleta edo bien efektua. Dena den hamar minutu pasa ta arinago sentitu naiz. Bide bazterrean koka bat erosi dut eta edan, indartu nau. Hor oroitu naiz joan aintzin Danielek erranik: “ikusiko duk mehatuko haiz, galduko dituk bost eta hamar kilo artean”. Ez zuen ez behar bada horreri pentsatzen eta egia holako erregima batekin laster hasten haizela mehatzen. Hobekiago naiz orain eta Carrion de los Condes herrira sartzen naiz. Herri polita ematen du, geroxoago bisitatuko dut momentuan pausa eginen dut eta indarrak errekuperatuko ditut.

Afaldu ta gero bi irlandesek eman daukute kontzertu polit bat. Momentu goxo bat pasatu dut heiekin. Goizean eguna gaizki hasi bazen egunaren bukaera biziki interesanta eta pozgarria izan da.

Banoa lo egitera burua airatua, xoratua. Ongi lo eginen dutala pentsatzen dut.

Carrion de los Condes – Calzadilla de la Cueza, uztailaren 24a.

Gaur asteazkenarekin lau oren xuxen-xuxenak eman ditut bidaia hau egiteko, zer erran? Gauza guti aipatzeko bidaia goxoan egin dut ainitz jende baginen bidean. Sarri pausatuta eta berotasuna apalduko denean pizina bazterrean egongo naiz baita ere urean sartuko freskatzeko moduan. Aterpetxe honek Camino Real izena du eta biziki ongi da. Denda tiki bat badu eguneroko erosketak egiteko, ura, fruituak eta abar. A ze saltoa egin behar dudana pizinako ur goxo hortan! Erran behar dut 33° egiten duela kanpoan. Hurbildu naiz pizinara eta emazte luze blonda bat, alemana ematen duena, pizinatik hurbildu denean maingu azkar bat egiten zuen. Ulala! egin diot eta berak: yaya!. Ez dakit nola segituko duen bere bidaia.

Nik nere itzulian urean salto egin dut, ze goxoa den eta zenbat on egiten duen. Holakoetan ahanzten dut ene sufrikamentu ttikia, gainera aleman hau ikusten dutanean. Ureaz ongi baliatu eta idortzen egon naiz parasol baten azpian kokakola edanez.

Hau ere Santiagoko bidean da eta beharrik hor dela. Sarri afaldu goxoan eta bihar Sahagun herrira noa, sei orduko bidaia. Ez da gaur bezin laburra izanen bainan eginen dut. Iduri du dena xuxen eta luzea izan behar duela eta agian ez sobera aspergarria izanen gaurko eguna oporrak izan baitira pixka bat eta aldaketa ez da sobera bortitza izanen agian. Bo! denetarik behar da kamino hau egiteko…