IRAKURZALETASUNA SUSTATUZ EDO SISIFOREN ZIGORRA

Beatus ille

Literatura-irakasleon erronkarik zailenetako bat da gazteak irakurtzera zaletzea. Zuzendari, agintari nahiz hor goian izarrei begira dauden pentsalari baina ez irakasleek ez dute nahikoa bideo-jokoetan jolastea edo mugikorrari begira egotea beste gogorik ez duten nerabeen artean urtean hiru liburu irakurtzearen utopia sinesgaitza errealitate bihurtu nahi izatea, ez, horretaz gain, zaletzea dute helburu. Eta horretarako daude (gaude) filologia edo antzerakoak ikasi eta irakaskuntzan sartzen ausartu garen irakasle koitaduak.

Aurrez suposatzen da, gehiegikeriaz esango nuke, hizkuntza-irakasleak irakurzaleak direla. Ez da asko arakatu behar urtean bi liburu besterik irakurtzen ez dituzten maisu/maistrak aurkitzeko. Bestelakoak ere badaude, eta eskerrak. Baina hauen irakurketa irizpideak aztertzea ariketa interesgarria izango litzateke, bakoitzak duen literaturaren kontzeptua ezagutu ahal izateko eta ondorengoak zertan zaletuko dituzten jakiteko.

Ez da komeni ezkutatzea sarritan Ingeles Filologia ikasitakoak Gaztelaniako klaseak eman behar izaten dituela edo Hispaniar Filologoak Euskarakoak edo Itzulpengintza ikasi duenak edozein hizkuntza eta dagokion literatura irakatsi behar dituela edo Literatura Unibertsala (total), Historiakoak Latina, eta horrela.

Zein da orduan literaturari ematen zaion benetako balorea? Etxetik hasten ez bagara, zaila da gero ingurua kutsatzea, zientzialariek zaletasuna hedatzen duen esprai moduko bat edo hain bogan dagoen txertoren bat asmatzen ez duten bitartean.

Esku-liburuak berak eskatzen (agian gogorregia da terminoa), gomendatzen badu hiruhileko batean liburu konkreturen bat irakurri eta, ondoren, hari buruzko azterketa (gogorregia hau ere), lantxoren bat egin behar izatea, bejon dagiola irakasle horri, bidearen hiru laurdenak eginda baititu. Bai ederretik libratu ere! Beatus ille.

Halaber, kosta ahala kosta bere ikasleek libururen bat irakur dezaten otu zaion eskola-emaileak lan ederra dauka bere burutazioa defendatzen.

Ikasle guztiek liburu berdina irakurtzea oso arriskutsua izan daiteke, batez ere irakasle koitaduarentzat; zerrenda itxi bat emateak ere ez dio lan erraztuko, berak guztiak irakurrita eduki beharko dituelako, eta ondoren, bakoitza gogoratu; pelikulatu den liburu bat aukeratzea ere… Dena den, derrigortzea da nolanahi ere ekidin beharreko ekintza edo hitza. Esatea ere saihestu beharrekoa. Ezin da inor ezertara derrigortu. Derrigortzeak zerbaiti nazka hartzea eta nahi denaren kontrako xedea izan omen dezake. Hala zioen nire euskarako irakaslea zenak: derrigorrezkoa hiltzea besterik ez da. Agian, hortaz, liburuen ordez zigarro paketeak banatu eta errearaztea izan daiteke nerabe erretzaile gutxiago egoteko eretako bat.

Halako eginkizun gaitz baten aurrean, sarritan nahiago izango du literatura-irakasleak Matematikakoa izatea, inoiz ez baitzat egokitu segidazaletasuna sustatzea tokatu zaion maisurik edo ikasleak Gaussen metodoan zaletu behar izan dituenik ere, ezta erroketazaletasuna sustatzeko proiektuan sartu den lankiderik ere. Hala eta guztiz, hobe litzateke horiek ere horrelako helbururen bat bere behar izatea, zeren gogoan baitut batxilergoan, ni Matematiketara zaletzea lortu ez zuen irakasleak bere eginkizuna beste norbaitengan eskuordetzeko egindako eginahala, batere lotsarik gabe, gainera. Esan ez zidan bada, tonu errukarri bezain goxoz, hobe nukeela klase partikularretara apuntatzea bere ikasgaia gainditu nahi banuen. Ez al zen bera, neure artean, horren arduradun nagusia?

Ez zaletzeaz gain, Matematika eta nire arteko harremana erabat eta betiko haustea lortu besterik ez zuen egin; ez hauek interesatzen ez zitzaizkidalako edo ulertzen ez nituelako, erantzunik gabeko funtsezko galdera gehiegi sorrarazten zizkidatelako baizik. Zaletu ez ninduelako, azken batean.

Orduko ikasketa planak Latina eskaintzen zidan alternatibatzat. Alternatiba izan zen, dudarik gabe, beraz, nire salbazioa; Latinak eman zizkidan bilatzen nituen erantzunak. Ondorioz, hein batean bederen, Matematikek nigan Latinaren zaletasuna bultzatu zutela esan daiteke.

Baina, norbait zerbaitetan zaletzearen ardura baten batek al dauka? Horren harira, gogoan dut, baita ere, orduan Soinketa deitzen zitzaion ikasgaia erakusten zigun andereñoaren alferrikako saiakera: hamabi minutuz korrika egin nezan nahi zuen (hamabi zenbakiaren misterioa), ni baino hesi handiagoak saltatu nitzan ere gustuko zuen edota “salto potro” izeneko tramankulu itsusi baten gainetik salto egitea. Aitzakiak asmatu beharra zegoen: tripako mina, nekea, plantillak janztea ahaztu, eta bestelakoak, hark sinetsiko zituelakoan.

Ez, ez nuen korrikarik egin, ez potrorik saltatu ere. Horiek gerorako utzi nituen. Berdin zitzaidan ikasgai hura ez gainditzea. Ez ninduen zaletu. Egun, ostera, buruko ekaitzak baretu behar ditudan bakoitzean korrika egitera ateratzen naiz, nahiz euri nahiz elur, eta ez hamabi minutuz soilik, beharraren araberako denboraz baizik.

Horixe da, bestalde, paradoxaren beste alderdia. Derrigortzearen aurkako onura. Egingo dut, baina nik nahi dudanean, ez norbaitek agindutakoan, beharra dudanean baino.

Horiek horrela, mundua irakurlez betetzeko xede tinkoa duenak erabaki bat hartu beharko du: Matematikako irakaslearena egin edo Gorputz Hezkuntzakoarena. Sisiforena egin ala ez, hor dago koska. Urtero harritzarra mendi puntaraino igo eta muturren aurrean berriro beherantz nola errestatzen den begiratzen geratu edo ez. Egongo da beste aukerarik, zalantzarik gabe, egokiena hautematea da ordea latzena. Ohartzerako, ziurrenik, kurtso erdia joana izango da.

Hala ere, Hezkuntzako ministroek hauteskunde bakoitzarekin egindako behin behineko aldaketekin egiten duten gisara, ez da komeni betiereko gaztaroaren sekretua balitz bezala irakurzaletasuna sustatu eta gustatzearen formula asmatzea. Horrek ondorengoei ez bailieke lanik utziko, eta hori bizitza gehiegi erraztea zatekeen. Askoz hobe da aldaketa, berrikuntza, helburu didaktiko eta programazio malguak egitea, denborak itzalduko dion irakasle hasi berriaren ilusio piztuarekin zanpatutako buztin puskari forma desberdinak ematea. Hasi berriaren erronka izango da ilunpe horretan begiak zabal-zabalik mantentzea, zerbait, izpirik lausoena bada ere, ikusi nahi badu behinik behin.

Irakurtzen ez duten irakasleak alde batera utzita edo Magisteritzako karrerako hiruzpalau urteetan liburu bat bera ere irakurri ez duten maisu-maistrak alboratuta, lan nekeza den irakurzaletasuna sustatzearen ekimen erraldoiak traba ugari ditu. Gero eta Gramatika gutxiago irakasten da, zaharkitutzat joz edo. Hau da, gero eta esku-liburu gutxiago ausartzen dira gramatika lezioak sartzen. Gaur egun ez da horrelakorik ematen.

Zuhaitzak egiten ditugu, bai” dio norbaitek bere burua justifikatuz. Zer gara, bada, genealogia aztertzaileak? Lorezainak?

Txikitan, aitak garajean zuen tailerrera eramaten ninduenean bere lantxoetan laguntzera, miresmen handiz behatzen nituen paretan zintzilikaturik zeuden tramankulu desberdinak. Ezagutzen nituen izaki bizidunekin erkatzen nituen haien formaren arabera. Niretzat, bat txoria zen, erlea bestea eta bazegoen mitxoleta beltz bat ere. Ederki ordenaturik zeuzkan gainera, bakoitza bere irudian kokaturik, gorpu bat topatu ostean poliziek ingerada marraztean egin ohi duten moduan.

Aitak barauts bat gerturatzeko eskatzen zidanean, adibidez, lotsaz begiratzen nituen erremintak lehendabizi eta aitaren aurpegi bihurria ondoren. Hura jakitun baitzen zer zen ez nekiela. Nolako armairua egingo du trintxa bere izenez ezagutzen ez duen arotzak? Zer nolako mahaia eskuaira nola erabiltzen den ez dakien maiasturuak edota zerra zirkularra martxan jartzen ere ez dakien zurginak?

Horrela bada, beti pentsatu izan dut arlo bat ondo ezagutzeko, zeinahi ere den, nahitaezkoa dela haren lanabesak, guztiak eta bakoitza, ondo ezagutzea. Nola irakatsi, beraz, ondo hitz egiten edo idazten gramatikarik erakusten ez bada? Akaso posible ote da sustrairik gabeko zuhaitzak haztea? Ba horretan gabiltza. Enborra eta hostotza jasango dituen oinarria lurpean dagoenez, ikusten ez denez alegia, ez dezagun denborarik galdu horretan, barrutik enborra ustela egon arren, eta apaindu dezagun soilik ikusten dena, neguan hostoak eroriko badira ere. Icebergaren punta. Itxurakeria besterik ez.

Adierazpena eta ulermena ganoraz elikatu ahal izateko hitzen formari eta esaldi bakoitzean hauek duten funtzioari erreparatzea ezinbestekoa da, ondoren norberak unean uneko erabilerarik aproposena hautatu dezan. Zuhaitzak eta loreak poesiari utzi eta Ortografia, Morfologia eta Sintaxia beldurrik gabe aipatu eta atrebentziaz erakutsi. Eta ez bakarrik ikasleen gehiengoak nazka hartuko dion ikasgai konkreturen batean, edozein hizkuntza arloetan baizik, hizkuntza baita ikasgai guztietan, nahiz zientzia nahiz letra, eta bizitza osoan erabiliko duten tresna komun baliotsuena.

Azkenik, burugogor, udako oporraldia irakurtzearen onuren zerrenda erakargarri bat pentsatzen eta motibagarria izan dadin kolore biziz eta argia egiten duten letrekin apaintzen igaro ostean, errealitatea jartzen zaio parez pare irakasleari: iraungitze azkarreko ekintzen bizimodu honetan, hamabi-hamasei urte bitarteko gazteek hiru hilabeteetan irakurriko duten istorioa irakurtzea baino nahiago dute mugikorrari begiratu eta janari lasterra irensten duten ordu eta erdian pelikula bat ikusi, beti ere, interesatzen bazaie, noski. Irakasleak orduan, etsita, pelikula hiruhileko amaieran klasean jarri eta, ondoren, nahi duenak, borondatez, behin ere ez derrigortuta, liburuaren kontrazalean jartzen duena ahalkegabeki irakurriz like asko emango dizkien eta hain bogan dauden booktuberren moduan (ingelesez esateak erakargarriago bihurtzen du) bideo bat grabatzea gomendatzen duzu, hori bai, demaseko imintzioak egitea eta doinu kantarina erabiltzeak puntuak igotzen dituela aurrez esanda. Eta bide batez, nahi duenak irakur dezala liburua. Nahi duenean. Nahi badu.

Baina, nola sustatu irakurzaletasuna haur eta gazteengan liburutegirik ez duen ikastetxe batean? Badoa harria, berriro, piririka malda behera.