BIZILAGUNEKIN ETA BESTELAKO ERAGILEEKIN ADOSTASUNA BILATZEKO ESKATU DU AZ EKIMENAK, SAN JOSE ETA KONPAINIA PLAZETAN TERRAZAK JARRI AURRETIK

Iruñeko Udalak ostiralean erabakiko du San Jose plazan zortzi eta hamar ostalaritza-terraza artean kokatzeko baimena ematen duen ala ez; terraza hauei, dagoeneko martxan den Konpainia plazakoa batuko litzaioke. Onartzekotan, bizilagunen iritzia eta eskaerak entzun gabe hartutako erabakia litzateke, ez eta bestelako eragileena ere, Osasun Etxea -Konpainia plazan dagoena- edota auzoko merkatari txikiak, besteak beste.

Covid-19ak eragindako ez-ohiko egoerak ez-ohiko neurriak eskatzen ditu, baina horiek adostasunetan oinarritu beharko lirateke beti. AZ Ekimenak auzokideengan eta bertan lan egiten dutenengan oinarritutako auzo eredua defendatzen du, atsegina eta bizigarria. Eredu horrek auzoko ostalaritza babesten du, baina baita auzoan bizi diren pertsonak ere. Plazak topagune dira, bereziki txikientzat eta adinduentzat, eta ezinbestekoak dira ere auzo bat bizirik mantendu eta bizigarria izan dadin. Berdin gertatzen da auzoko ostalaritza negozio txikiekin, auzoko bizitzan inplikatu eta engaiatzen direnak, eta Alde Zaharrean espekulazioaren eta inbertsio fondoen abaroan ugalduz joan diren bestelako ostalaritza negozioekin zerikusirik ez dutenak.

Horregatik, tamaina honetako erabakirik hartu aurretik, eragile guztien arteko kontsentsua lortu beharko litzatekeela azpimarratu nahi du AZ Ekimenak. Iruñeko Udalaren ardura da adostasun horiek eraikitzea; era berean, erakunde publikoen ardura da ere laguntza sitema justu eta eraginkorrak eratzea, kaltetuen izan diren ostalaritza negozioak (txikienak, kanpoko espaziorik ez duten tokietan kokatuak…) eta ostalaritzako langile zaugarrienak babestuko dituztenak.

Hartzen diren erabakiek, adostasun zabalean oinarritzeaz gain, ez-ohiko izaera izan beharko lukete, derrigor bete beharko den epemuga ongi zehaztuta. Horren ezean, behin-behineko itxuraz hartutako erabakiek, Alde Zaharrean dagoeneko ongi ezaguna den espazio publikoa merkantilizatzeko prozesua areagotu besterik ez lukete egingo.