HAIZE BORTITZAK ETA PILATUTAKO ELURRAK OINARRIZKO KANPAMENTURA ITZULTZERA BEHARTU DITU ALEX TXIKON ETA BERE TALDEA

Phelipe Eizaguirre1
  • 7.000 metrora iritsi ondoren, taldeak gehiago ez arriskatzea, buelta ematea eta beste saiakera bat egiteko eguraldi oneko hurrengo leihora arte itxarotea erabaki du

  • Oso motibatuta daude, asko aurreratu dutelako eta gailurra “gero eta gertuago” ikusten dutelako

Alex Txikon buru den taldeak gaurko zuen aukera ez da azkenean gauzatu ahal izan. Haizea gogor astintzen hasi da goizetik (70 km/h-ko abiaduran abiatu diren puntuan, 6.750 metro inguruan, eta 100 km/h-tik gora tontorrean), eta buelta ematea eta eguraldi oneko beste leiho bat itxarotea erabaki dute.

7.000 metroraino ekipatzea lortu dute azken egunotan ahalegin handia egin ostean. Mendiarekin etengabeko borroka izan da –haizeak eta batez ere elurrak baldintzatu duten borroka–, baina baldintza horietan lanean ez jarraitzea eta atseden hartzea erabaki dute. Hala ere, taldea oso animatuta dago, gailurra “gero eta gertuago dugulako”, azaldu du Alex Txikonek oinarrizko kanpamentura iritsi bezain laster.

Oso egun gogorrak eta intentsuak izaten ari dira, batzuetan behar baino gehiago arriskatuz, baina aldi berean oso atseginak. Sekulako jipoia hartzen ari gara mendiaren kontra, baina asko gozatzen ari gara. Gogo handia dugu, gailurra gero eta hurbilago ikusten dugulako. Beste aukera baten zain geratuko gara berriro erasotzeko. Oraingo honetan, saiatu nahi genuen arren, ez da posible izan”, azaldu du euskal alpinistak.

Zalantza barik, elurra eta haizea izan dira taldeak aurrera egitea baldintzatu dutenak. Ahalegin handiarekin irabazitako metroak izan dira, batzuetan gerriraino hondoratu dira, baina ezin izan dute gura zuten erritmoan igo. “Otsailaren 9tik 10erako gauean, juxtu leiho hau ireki aurretik, elurra egin zigun. Bagenekien elurra egingo zuela, baina metro bat baino gehiago erori zen eta horrek asko baldintzatu du gure lana. 7.000 metrotara iristea lortu dugu. Oso pozik gaude aurrera egindako bidearekin, eta ahal dugunean, buru-belarri saiatuko gara berriro”.

Eguraldiak beste atsedenaldi bat eman arte itxaron beharko da berriro metroak irabazteko, aurretik lan asko dagoeneko eginda duten arren. Ekaitz batek haize eta elur gehiago ekartzea aurreikusten da, baina aurreikuspen horiek erakusten dutenez, eguraldiak hobera egingo du asteazkenetik edo ostegunetik aurrera. Borroka, beraz, ez da amaitu eta taldea, atseden hartu ondoren, berriro saiatuko da.

Phelipe Eizaguirre

Phelipe Eizaguirre