HAIZEAREN ONDORIOZ, ALEX TXIKONEK ETA BERE TALDEAK 7.050 METRORA BUELTA EMAN ETA BASERA ITZULI BEHAR IZAN DUTE

  • Euskal mendizaleak azaldu duenez, aurrera jarraitzeak arrisku handia ekarriko zukeen, “erabaki zentzuzkoena hartu dugu”

  • Eguraldiaren partea oso aldakorra da, eta, beraz, aukerak egunez egun baloratu behar dira

Lan jardunaldi luze eta gogorraren ondoren, Alex Txikon, Iñaki Alvarez, Cheppal, Namja eta Gelum Manasluko oinarrizko kanpamentuan daude bueltan. Haize zakarraren ondorioz taldeak buelta eman behar izan du, 4. kanpamentuko arrapala igotzen ari zirenean, 7.050 metro inguruan. “Ez itzultzeko arrisku handia genuen, erabakirik zentzuzkoena hartu dugu: Oinarrizko kanpamentura itzultzea”, ziurtatu du Txikonek.

Manaslu ez da taldeari erraztasunak ematen ari. Horrela, Txikonek adierazi duenez, “mendiko baldintzak gogorrak dira. Borroka asko egin behar da, eta etengabe arrastoa zabaltzen joan; badago elur-jausi arriskua egon daitekeen gune bat”. Hala ere, ez du itxaropena galdu, “mendiak hemen jarraituko du, lehen baino askoz aukera gehiago ditugu, bidearen ekipamenduan asko aurreratu dugulako”.

Txikon buru den bost alpinisten taldea oinarrizko kanpamentuan dago atseden hartzen, ematen duten pauso bakoitza gainerakoek bertatik bertara jarraitzen duten lekuan, hain zuzen ere. Eguraldiaren partea oso aldakorra izaten ari da egunotan, atzo aukerak egongo zirela ematen bazuen ere, azkenean ez da horrela izan. Beraz, iragarpenaren arabera, datozen 10 egunetan oso eguraldi txarra egingo badu ere, egunez egun baloratu beharko da.

Oro har, Txikonek sentsazio onak ditu eta pozik dago lortutako aurrerapenekin. “Pozik gaude egindako lanarekin, pena da Manaslun jarraitzeko aukera gero eta mugatuagoa dela, baina azken kartutxoa erreko dugu” adierazi du altuerako errotazio horretan parte hartu duten lau kideekin batera oinarrizko kanpamentura iristean.