AUZO-LOTSA 5 BILERARIK EZ

1991tik 1995 bitartean, Iruñeko Udalean, zoritxarrez, alkate jaun kaskar bat pairatu behar izan genuen luzaro samarrean alkatetzan, eta, gorago aipatu dudan Nafarroako Pertsona Gutxitu Fisikoen Elkarte Koordinakundeko kide batzuk, aspalditik ari ginen lortu nahian, aipatutako alkate jaun kaskarin harekin, bilera bat, gure problematika guztia berriz ere kontatu eta azaldu nahirik, konponbideak lortze aldera. Behin eta berriz egiten genizkion bilkura eskaerak, baina bera tematuta zegoen ez emateko; inola ere ez zegoen modurik bilerarik erdiesteko.

Gauzak hala zeudela, 1995ean, bere alderdi politiko berbereko beste gizonezko bat izan zen aukeratua Nafarroako lehendakari; azken hau, jatorragoa eta hobea. Baina, antza denez, ordurako, alkate jaunaren eta lehendakari berriaren artean, barne gatazka batzuk gertatuak omen ziren. Lehendakariak alkateri leporatua omen zion, hirigintzako gai batzuetan, ez zuela garbi eta aratz jokatu, eta, handik sortu omen ziren bien arteko tirabirak. Baina, bueno, guk, une hartan, horrelako barne istiluak batere jakin gabe ere, Nafarroako lehendakari berriari egin genion bilera eskaera, berari ere, gure kolektiboaren arazoak eta oztopoak xeheki eta zehaztasunez kontatzeko.

Lehendakariak berehalaxe jarri zigun hitzordua, eta, inolako arazorik gabe, segituan hartu gintuen bere bulegoan, Koordinakundeko ordezkari batzuk. Bilera, normala eta adeitasunez betea izan zen, -a zer aldea alkatearekin edukitako bilkurekin alderatuta!-; une oro modu abegikorrean tratatu gintuen eta aukera bikaina izan genuen geure eskaera eta errebindikazio guztiak egiteko. Baina bilera bere bukaerara iristen ari zenean, amaitu baino lehentxeago, lehendakariak zera esan zigun irribarre atseginez: <Bueno, ba, beste zerbait egin ahal baldin badut zuen alde, esadazue, oraintxe duzue-eta primerako aukera>. Orduan guk, elkarri begiratu, eta, uste dut denok izan genuela burutapen berbera, alegia, lehendakariari laguntza eskatzea, bilkura hitzordu bat lor ziezagun alkate desatseginarekin.

Eskaria egin bezain laster, <Lasai, hori egina dago!>, erantzun zigun, eta, jarraian, segundo bakar bat ere alferrik galdu gabe, bere telefonoa hartu, zenbaki bat markatu eta segituan hasi zen solasean Iruñeko alkate jaunarekin:

-Bai, motel, begira, hementxe bertan ditiat, nire bulegoan, Gutxitu Fisikoen Elkarte Koordinakundeko ordezkari batzuk, Javier, Carmen, Xanti eta abar; esan zidatek ez dutela modurik aurkitzen hirekin hitz egiteko. Horregatik deitu diat, bilera bat lehenbailehen eman diezaiean.

-… (baina, auskalo alkate jauna zer birao hasiko ote zen botatzen gure aurka, telefonoz bestaldean, zeren eta kontua baita, lehendakariak, berehalaxe, hona antzeko zerbait esan behar izan zion gure aurrean, eta, jakina, guk dena entzun egin genuen):

-Lasai, gizona, lasai!, ez hasi hemen gaizki esaka! …bai, Xanti ere hemen zegok. …barrabas hutsa dela? Ez diat uste; ez dik hala ematen. Tira, trankildu hadi, motel! Ez hadi sutu eta emaiek bilera bat oraintxe bertan!; agindua duk! -Halaxe bukatu zuen lehendakariak, alkate egoskorrarekin izan zuen elkarrizketa atezu hura.

Azkenean, Iruñeko alkate setatsuak amore eman, eta, bere borondatearen aurka izan bazen ere, ez zuen beste erremediorik eduki, bilera-hitzordua jarri baino; nonbait ez zen ausartu bere lehendakariari aurka egitera. Izan ere, gorago azaldu dudan bezalaxe, bolada hartan, bien arteko harremana ez omen zen oso goxoa, eta, aldi hartan ere, uste dut, arrunt nabarmen gelditu zela tirabira hura.

Bilkurarako hitzordua eman, eman zigun, eta, jakina, iritsi ere, eguna iritsi zen, baina alkate jaunak, gu hartu bezain laster, azaldu zigun egundoko haginetako mina zeukala, eta, segituan, gelatik atera behar izan zuen, analgesikoren bat hartzeko. Azkenean, bilera aurrera eraman genuen, baina ez gutxi kostata, eta, bukaeran, zalantza batekin gelditu ginen denak, alegia, haginetako mina lehenagotik ote zeukan, ala, gu ikusitakoan jarri ote zitzaion. Erantzuna ez genuen inoiz jakin.

Dena den, handik aste batzuetara, beste alderdi politiko bateko zinegotzi abertzale batek kontatuta, jakin nuen, Iruñeko alkate jaun burugogor hark, ez ninduela ni neroni hartu nahi, ezker abertzaleko transmisio uhala bezala ikusten omen ninduelako. Horratx, ba, zer den kontzeptuak eta betebeharrak nahastea.