EZPATA-PLANTAINA

Bere izen botanikoa Plantago lanceolata da. Plantaginaceae familiakoa da. Gaztelaniaz hainbat modutan deitzen zaio: llantén lanceolado, cincovenas, llantén menor, llantén de hoja estrecha etab. Lacoizquetak bere hiztegian (1888) plantaina deitzen dio.

Plantain guztiak landare belarkarak eta iraunkorrak dira. Ohikoenak aipatutako Plantago lanceolata, Plantago major (plantain handia, llantén mayor) eta Plantago media (plantain ertaina, llantén mediano) dira.

Plantainen hostoak erroseta basalean izaten dira, koskagabeak, batzuetan zatituak. Errosetaren erdigunetik zurtoin luzeak ateratzen dira. Eskapoak deitzen zaie. Zurtoin horiek ez dute hostorik eta loreak goiko aldean dituzte: brakteak dituen buruxka motako infloreszentzia zilindriko trinkoak. Lore txikiak, ez oso ikusgarriak, hermafroditak, eta batzuetan ere lore emeak. Estamine luze irtenak. Fruituak berez irekitzen diren kapsulak (pixidioak) dira. Hazi ugariak, beltz eta arre-gorrixka kolorekoak.

Ezpata-plantaina: hosto lineal-lantzeolatuak, zabalak baino 5 aldiz luzeagoak, 3-5 nerbio dituzte. Eskapoak, bost lerro markatuak dituzte.

Plantain handia: hosto obalak, zabalak baino 3 aldiz luzeagoak, peziolo estua eta horren luzera gutxienez orriaren erdia du. 3-9 nerbioko orria. Lore marroiak, ez oso ikusgarriak.

P. media: hosto obalak, zabalak baino hiru aldiz luzeagoak. Peziolo zabala, orriaren erdia baino askoz motzagoa. 5-9 nerbioko orria. Lore zuriak.

Nafarroa osoko zelai, larre, ezponda, bidexka, baso bazter, lur fresko, sastraka eguzkitsu eta abarretan sortzen dira.

EZPATA-PLANTAINAREN OSAGAI NAGUSIAK

Europako Farmakopearen arabera hostoak eta eskapoak erabiltzen dira terapeutikan; hosto lehortuak, osoak edo zatikatuak. Azido orto-hidroxizinamikoaren edukia (akteosido forman) droga lehorraren %1,5 gutxienez izan behar du. Halaber, plantain handiaren hostoak erabiltzen ohi dira; hala ere, azken honen muzilagoaren proportzioa txikiagoa da.

Osagai asko ditu: muzilagoak (%6); azido fenolikoak, horietako bat azido kafeikoa eta honen deribatuak: ester kafeilkinikoak, akteosidoa, plantamajosidoa etab.; iridoideak (aukobosidoa da ugariena); flabonoideak; taninoak; kumarinak; azido silizikoa; gatz mineralak (zink- eta potasio-gatzak, batez ere).

ERAGIN FARMAKOLOGIKOA

Muzilago kopuru handiak eragin biguntzailea ematen dio. Hantura kontrako eragina iridoide heterosidoekin (aukobosidoarekin) eta azido kafeikoaren deribatuekin lotu izan da, akteosidoarekin esaterako, zeinak eragin antioxidatzailea ere duela frogatu baitu. Bakterioen aurkako eragina aukobosidoaren deribatu bati zor dio. Infusioak eta egosketak deribatu horren eragina eragozten du.

Esperimentazioko animalietan ere efektu gastrobabeslea erakutsi du, muki-jariakina areagotuz eta jariakin azidoa murriztuz.

INDIKAZIOAK ETA ERABILERA TERAPEUTIKOAK

Plantainen hostoen eta aireko zatien prestakinak batez ere arnasbide altuen gaitzetan erabiltzen dira.

Medikamentuaren Europako Agentziak (EMA) aho eta faringeko hanturen tratamendu sintomatikarako eta eztul lehorrerako erabilera tradizionala onartzen du, demulzente gisa.

Alemaniako E Batzordeak, gainera, larruazalaren hanturak tratatzeko, kanpo-erabilera onartzen du.

ERABILERA NAFARROAKO HERRI-MEDIKUNTZAN

Plantain guztiei propietate berberak ematen zaizkie. Oro har, larruazalerako erabilerak dira gehien aipatzen direnak. Zenbait lekutan, txikitutako hosto freskoak zuzenean erabiltzen dira eltxoen ziztadak, ahoko afekzioak, erredurak eta, batez ere, zauriak sendatzeko. Era berean, hostoekin infusioak egiten dira eta horiekin zauriak garbitzen dira. Hosto freskoen egosketa hemorroideak garbitzeko ere erabiltzen da. Halaber, hostoak sutan ur pixka batekin berotuz, eta behin epeldu ondoren, zaurien gainean jartzen dira. Hostoak ere, gurin pixka batekin berotzen dira, eta beroak aplikatzen dira pikortak sendatzeko. Halaber, plantainarekin eta beste landare batzuekin (bostorria, erabelarra, ilen kultibatua, zaran-belarra eta beste) ukenduak prestatzen dira erredurak, kolpeak eta larruazaleko beste gaitzak tratatzeko.

Arnas aparatuko gaitzetan ere maiz erabiltzen da. Infusioak egiten dira burutik beherakoak, faringitisa eta eztarriko mina tratatzeko. Baita infusioarekin, urarekin eta azukrearekin jarabeak ere. Halaber, infusioak gargarak egiteko, eta jarabeak plantainarekin, erromeroarekin eta eztiarekin. Kataplasmak ere prestatzen dira arnasketa gaitzak tratatzeko: uretan pixka bat egosi landarea eta bularrean jarri; trapu artean ere jartzen da.

Zenbait lekutan, loreen infusioak kolesterol-maila jaisteko hartzen dira, baita, beste lekutan, hostoen infusioak urdaileko ultzerak tratatzeko ere.

Pello Iturria Sarasibar

Erreferentziak:

Akerreta S, Calvo MI, Cavero RY. 2013. Sabiduría popular y plantas curativas. Ediciones i.

Lacoizqueta JM. Diccionario de los nombres euskaros de las plantas. 1994. Gil Bera E, Gobierno de Navarra. Edición facsímil de la de 1888.

http://www.fitoterapia.net Plantago lanceolata