AZERI-MAHATSA

Bere izen botanikoa Arctostaphylos uva-ursi da. Ericaceae familiakoa. Euskaraz otso-mahasa ere deitzen zaio. Gaztelaniaz gayuba eta uva de oso. Lacoizquetak bere hiztegian (1888) azari-matsa deitzen dio.

EZAUGARRI BOTANIKOAK

Landare hauek sastraka trinkoak osatzen dituzten zuhaixka herrestariak dira. Bi metro baino gehiagoko zurtoin etzanak, erradikanteak. Hosto alternoak, 12-30 mm luze eta 4-15 mm lodi, larrukarak, gainalde berde distiratsua, iraunkorrak, obobatuak, nerbiazio mehea eta erretikulatua. Loreak hostoen galtzarbeetatik, multzo txikitan, ateratzen dira; 5-7 lorek osatzen dute luku bakoitza. Kalizak bost sepalo txikiak, soldatuak ditu. Korolak bost petalo ditu, zuri-arrosa kolorekoak, muturrean estutzen dira ezkila-itxura hartuz. Pedizelo penduluak. Fruitua drupa da, biribila, diametroa zentimetro batekoa. Leuna da eta kolore gorri bizikoa. Fruituak 5-7 hazi ditu barruan. Uda garaian heltzen dira. Hartzek oso gustukoa dituzte, hortik izena latinez, uva-ursi (mahatsa eta hartza), eta arctostaphilos grekoz (arctos hartza, eta stanphilos mahats-lukua). Hostoak oso zapore mikatzekoak dira. Landareak erleak erakartzen ditu, landare meliferoa da.

Nafarroako erdi aldean, mendialdeko basoetan eta sastraka lekuetan hazten da, baita Pirinioetako ekialdeko haranetan ere. Erriberan gutxi.

ERAGIN TERAPEUTIKOA

Europako Farmakopearen arabera, terapeutikan, landarearen hostoa erabiltzen da; hosto lehortua, osoa edo zatikatua. Arbutosido edo arbutina izeneko konposatuaren gutxieneko edukia %7koa izan behar du. Arbutosidoz gainera, taninoak (%10), flabonoideak eta triterpenoak ditu.

Arbutosidoak mikrobioen aurkako eragina du. Gernu-traktuaren gaineko tropismo espezifikoa du. Konposatu hau hesteetako bakterio-floraren eraginez hidrolizatzen da, eta hidrokinona askatzen da zeina giltzurrunetik kanporatzen baita sulfato eta glukoronido moduan. Hainbat azterlanetan frogatu da arbutina edo azeri-mahatsaren infusioa kontsumitzen duten boluntario osasuntsuen gernuak bakterioen aurkako eragina duela, hori bai, gernuaren pH-a 8ra doitu ondoren. Izan ere, pH basikoa beharrezkoa da hidrokinona bere konjugatuetatik askatzeko.

Europako Medikamentuaren Agentziak (EMA) onartzen du azeri-mahatsaren erabilera tradizionala beheko gernu-traktuko infekzio arin errepikatuen sintomak tratatzeko; esaterako, txiza egitean emakumeek duten erresumin-sentsazioa edota oso maiz pixa egin behar izatea, betiere sendagile batek patologia larririk dagoen baztertu ondoren.

Europako Fitoterapia Kooperatiba Zientifikoak (ESCOP) beheko gernu-traktuko infekzio arinak tratatzeko onartzen du, zistitisa kasu, betiere antibiotikoekiko tratamendua beharrezkoa ez denean.

Landarea infusio moduan hartzen da, edo hotzean beratu ondoren, baita forma solidoetan, ahotik, ere.

Bestalde, landareak tanino kopuru handia duenez, urdail gaixobera duten pertsonen kasuan, hauts-prestakinen kontsumoak goragalea, gorakoak eta urdaileko ondoeza eragin ditzakeela deskribatu da. Era berean, ez da erabili behar giltzurrun-gutxiegitasuna dagoenean.

Azeri-mahatsaren hostoekin egindako prestakinak hartu ondoren, gernuak kolore arrea izan dezake.

Bestetik, ez dago erabakirik haurdunaldian eta edoskitzaroan hartu izanaren segurtasunari buruz, ezta 12 urtetik beherakoen kasuan ere.

AZERI-MAHATSAREN ERABILERA BERTAKO HERRI-MEDIKUNTZAN

Hainbat herritan giltzurruneko harriak botatzeko erabiltzen da. Horretarako hosto lehorrekin infusioak egiten dira, eta 9 egunez hartzen da. Prostatako gaitzak tratatzeko modu berean erabiltzen da.

Animalien gaitzak tratatzeko ere erabiltzen da. Animaliek giltzurrun-arazoak dituztela ematen duenean, hostoak egosi eta egun bat edo bi jarraian ematen zaie.

Pello Iturria Sarasibar

Erreferentziak:

Akerreta S, Calvo MI, Cavero RY. 2013. Sabiduría popular y plantas curativas. Ediciones i.

Lacoizqueta JM. Diccionario de los nombres euskaros de las plantas. 1994. Gil Bera E, Gobierno de Navarra. Edición facsímil de la de 1888.

http://www.fitoterapia.net Arctostaphylos uva-ursi