AUZO-LOTSA 10 MATRIKULATZEA

1975eko azaroaren 20an, Fracisco Franco Bahamonde Ferroleko diktadore ankerra hil zenean, ni batxilergo seigarren mailan nengoen; goiz hura oso ongi iltzatuta daukat gogoan. Hurrengo urtean, UBI Unibertsitatera Bideratutako Ikasturtea ikasten hasi eta 1977ko ekainean bukatu nuen. Orduan maisu ikasketak egin behar nituela erabaki nuen. Horretarako, bada, matrikulazioaren garaia iritsi zenean, egun batean, Etxarri Larraundik abiatu eta Iruñera joan nintzen, aipatutako matrikula egitera.

Oso-oso ongi gogoratzen ez baldin badut ere, uste dut bakarrik joan nintzela Irakasle Eskolara, hau da, San Jose plazara, eta, bueno, kontua da, behin eraikinaren barruan eta zegokidan leihatilaren aurrean nintzenean, han lanean ari zen pertsonari, azaldu nion irakasle-ikasketak egiteko matrikulatzera joan nintzela.

Une honetara iritsita, begitantzen zait komeni dela gogoraraztea, ni, garai hartan, oraindik oinez ibiltzen nintzela, baina, hori bai, eskuin eskuan, nik diseinatutako metalezko makila luze eta tolesgarri bat eraman ohi nuen, eta, ezkerrean, zurezko bastoi arrunt batekin.

Hura ikusita, hara zein izan zen hango pertsonaren erantzuna:

-Ai!, gogotik sentitzen diat, e?, mutil, baina hik ezin duk matrikularik egin! Horrela ez!

-Nola, horrela ez? Zer daukat nik, ba, berezirik? -nire erantzun harritua.

-Bai, begira, kontua zera duk, hi bastoi eta makila horiekin ibilita, egunen batean maisu egiten baldin bahaiz, ezinen duk gorputz heziketarik eman, behar den bezala, eta horixe duk, hain zuzen ere, matrikularik ezin egiteko arrazoi nagusia -argudiatu zidan hango pertsonak aida batean eta oso txukun.

Hura entzunda, zur eta lur gelditu nintzen; jokoz kanpo bezala utzi ninduen. Ez nuen garaiz erreakzionatzeko ahalmenik izan eta nire egoera psikologikoa jota gelditu zen. Gauzak horrela, eta, ezinbestean, nire erabakia osaba-izeba batzuen etxera joatea izan zen, bazkaltzera, eta, bide batez, nire atsekabe latz hura kontatzera, lasaitasun pixka bat hartzeko nire barruan.

Izeba eta osabaren etxera iritsi eta nire zoritxarreko gertaera kontatu nienean, zeharo harritu eta sumindu egin ziren, batez ere, Josetxo lehengusua; hark, ordurako, arkitektura karrera bukatua zeukan eta ni baino jakitunago zegoen gai haietan, beraz, sututa eta biziki haserreturik, zera esan zidan:

-Baina, zer? Nola liteke halakorik? Nola esan ahal izan diate ezin duala egin matrikula? Edozein pertsonak zeukak eskubidea egiteko nahi duen matrikula, baldintza guztiak betetzen baldin baditu, eta, herorrek betetzen dituk. Gero, beste kontu bat duk, karrera bukatu ondoren, lanbide horretan aritu nahi duan ala ez, baina hori beste gai bat duk, eta, hortaz, hik erabateko eskubidea daukak matrikula hori egiteko; gorputz heziketako irakasgaian, azterketa teorikoak egin ahalko dituk, eta, praktikoetan, eszedentzia, eskatu eta kito! Bihar, biok joanen gaituk zorioneko matrikula hori egitera! -argudiatu eta bukatu zuen lehengusuak.

Horrenbestez, bada, biharamunean, esan bezala, berriz ere joan nintzen irakasle eskolara matrikulatzera, baina, aldi hartan, Josetxo lehengusuak lagunduta. Leihatilara iritsi eta bezperako pertsona harriturik gelditu zen ni berriro hantxe ikusita.

-Atzo ere esan nian, ba, ezin duala matrikularik egin, hire egoera fisikoa dela-eta! -hasi zitzaidan arrosarioa errezatzen, asperdura aurpegi triste batekin, baina aurrerago jarraitu baino lehen, berehalaxe hartu zuen hitza Josetxok, eta, bezperan, etxean esandako argudio eta arrazoibide guztiak jaurti zizkion aurpegira aida batean.

-Eta gero, ikasketak bukatu ondoren, Xantik berak erabakiko du, bizibide horretan aritu nahi eta ahal duen lanean ala ez, baina matrikula egin eta ikasketak aurrera eramaten saiatzeko eskubidea ezin dio inork ukatu! -irmotasunez eta guztizko konbentzimenduarekin amaitu zuen bere hitzaldia lehengusuak.

Argumentu haiek guztiak entzunda, leihatilako langilea ez zen ausartu gehiago aurka egitera, alderantziz, isildu eta segituen egin zidan egin beharreko matrikulazio ospetsu hura, behar zen moduan eta eran; garaipen txiki bat izan zen inolako zalantzarik gabe. Baina, nola uler litezke halako gorabehera tamalgarri eta negargarriak, maila handiko eraikin hartan, alegia, irakasle eskolan? Uste dut, azalpen xume bezain argigarri bat dagoela mordoilo horretan guztian, besterik gabe, eta, zera da, ezin dugu ahaztu bi urte eskas lehenago, Francisco Franco Bahamonende diktadore eta faxista, handi, anker eta bihozgabea oraindik bizirik zegoela. Jainko maitea!, a zer-nolako egoerak!