AMONAREN KROKETAK

Nihil novum sub sole

Amona zendu zenean jabetu nintzen ez nuela gehiago haren kroketarik jango. Amonak betiko utzi gintuen egunean oraindik nuen gordeta izozkailuan berak emandako beirazko tuper bat, azkena, era askotariko kroketaz betea. Amona gehiago ikusiko ez nuen atsekabeari munduko kroketarik onenak jateko aukera galtzearena gehitu zitzaion.

Tarteka-marteka agertzen dira kroketa goxoak egiten dituzten jatetxeak, amaren saiakerak ere ez dira makalak izan amonarenekin parekatzeko, baina inoiz ez dira haren mailakoak izango. Nik neuk, gaztetako udako oporraldi luzeetan hark egiten erakutsi zidan arren, harrezkero ez dut kroketarik egiteko ahaleginik txikiena ere egin, etsita, sekula ez zaizkidalako berarenak bezain zaporetsuak aterako.

Litekeena da kroketa haien zaporea gaztaroaren poderioz idealizatua izatea, eta, ziurrenik, beste edonork dastatuz gero, bere amonarenak askoz hobeagoak direla esatea. Eta egia da. Norberaren amonak prestaturiko janaria beti izango da bestearena baino hobea, dudarik gabe; hain zuzen ere, bakoitzak bere amonaren kroketak jaten dituenean haren maitazarrea dastatzen ari dela iruditzen zaiolako.

Txera handiz gogoratzen dut handiegi geratzen zitzaidan amonaren amantal koloretsu bat jantzi baino lehen, balkoira ematen zuen leiho-ertzetik aurreko gau osoa trapuarekin estalitako kristalezko ontzia hartu eta sukaldera kontu handiz eramaten nuen udako arratsalde eguzkitsu haietakoren bat. Ondoren, eskuak besamelez egindako masa lodian sartu, zaporearen araberako forma geometriko desberdinak eman plastilina bailitzan, arrautzarekin busti eta ogi birrinduz jantzi, eta osterantzekoak amonari zegozkion, aitonak patxadan telebistaren aurrean kuluxka bat egiten zuen bitartean.

Horiek horrela, biak ala biak soldatapeko langileak izanik, amona eta aitona, alegia, azken hura inoiz ez dut ikusi izan kroketak egiten, asko jota ilarrak aletzen edo patatak zuritzen. Amonarenean amona bera zen oilaskoari zintzurra moztu eta lumatzen zuena, ondoren barrenak garbitu eta labean sartzen zuena, guztiok hura janez goza genezan. Amonak jarduten zuen baratzean lanean, aitonaren pare, ez hari laguntzen. Amona arduratzen zen etxeko guztiaz, ekonomiaz, txukuntasunaz, elikaduraz, haurren zaintzaz eta haien heziketaz, eta ordenaz. Eta hori guztia alboko herriko lantegi bateko bulegoak garbitzen eguneko ordu asko eman eta gero, zehazki, aitonak berak ere lan egiten zuen lantegi berean.

Egungo aitonek, ordea, sukaldean aritzeko beta gehiago dutela dirudi, baita aitona izatera oraindik iritsi ez diren gizon gazteek ere. Egiaz, telebistako edozein katetako sukaldaritzako programetan agertzen diren sukaldari gehienak gizonezkoak dira. Berdintzeko ahalegin antzuz, emakumeak ere jarri ohi dituzte, kexarik egon ez dadin. Hala ere, emakume horiek programa horietan betetzen duten papera erabat duda-mudazkoa dela esango nuke. Izen zehatzik aipatu gabe, horietako edozein programa adibidetzat hartuz gero, bertan agertzen den emakumearen funtzioa laguntzailearena dela argi ikus daiteke. Sukaldari nagusiak bere eginkizuna betetzen duen bitartean, eta telebistan isiltasuna garesti ateratzen delako, hainbat txiste kontatu behar izaten ditu, emakumeak barrez erantzungo dizkionak, nahiz eta harrapatu ez, nahiz eta graziarik eduki ez.

Horretaz gain, sukaldari nagusiaren ondoan agertuko den emakumea dotore agertzen saiatuko da, txukun, mantala leporaino lotuta eduki beharrean, gerriraino soilik, ez etxeko sukaldean arituko bailitzan itxurarekin, eta hala bada, pastelak egiteko izango da, emakumeari goxotasuna atxikitzen zaiolako, nola ez. Gainera, aholkuak emango dizkio sukaldari arrari, koipe edo karbohidrato gehiegi janez gero loditu egingo dela ohartaraziko diona, emakumeak jakin baitaki fin egoteko zer eta zenbat jan behar duen.

Eta ez hori bakarrik, saltsa, kazola eta bestelako sukaldeko tramankuluei publizitatea egingo die, ordainduko dionak eskatutako harexena, hain zuzen, ez berak erabiltzen dakielako edo etxean horrelakoak erabiltzen dituelako, gidoiak eskatzen diolako baizik, ez besterik. Eta, hori gutxi balitz bezala, saio horietan liburu zein antzezlanak gomendatuko ditu, egungo emakumeari, kozinatzeaz gain, irakurri eta antzokira joateko denbora eta gogoa geratzen zaizkiolako, nire amona zenari ez bezala.

Eta liburuen harira, gaur egun ezagutzen dugun Mendebaldeko lehen errezeta-liburua De Re Coquinaria, K. o. V. mendean Marco Gavio Apizio izeneko gizon batek idatzi zuen. Horrek, ordea, ez du esan nahi, nahitaez, hura sukaldean aritzen zenik (edo agian bai), liburua idatzi zuela baizik. Bestalde, arestian banatu berri den Repsol Eguzkien sarietan ikusi besterik ez dago eguzkiak, gehienbat, gizonei jotzen diela, etxeko sukaldetik kanpo janaria prestatzen duten emakume sukaldariek oraindik ilgorako gauean jarraitzen dutelarik, eguzkiak eman gabeko azal zurbilarekin. Era berean, gainera, Euskal Herriko, Espainiako edo mundu mailako jatetxe ospetsu ia guztien abizenak gizon baten izenari dagokie. Eta emakumearena baldin bada, oinordetzan eskuratu duelako izango da gehienetan.

Gogoan dudan inori ez diot inoiz entzun bere aitonak egindako kroketak direla munduko gozoenak, zergatik, beraz, aitona ospetsurik ez duenaren etxean amonaren janaria da beti onena? Erantzuna irmoa dela esango nuke: etxeko diru iturriak arra behar zuelako izan, eta, dirudienez, tamalez, oraindik ere halaxe da, Apiziorenetik hona hamasei mende igaro arren.