CONECTA FICTION EKIMENAK JARDUERA-PROGRAMA BEREZI BAT ESKAINIKO DIO AKITANIA BERRIAK, EUSKADIK ETA NAFARROAK OSATUTAKO ABEN EUROESKUALDEARI

  • Programaren ardatza nazioarteko bokazioa duten serie, mini serie eta doku-fikziorako “Pitch Euroregion NAEN Series” deialdia izango da.

  • Hiru ordezkaritzetako partaideentzako mahai-inguru bat, showcase bat eta networking-ekintzak eskainiko ditu programak.

 

Conecta FICTION ekimenak eta Akitania Berriak (Frantzia), Euskadik eta Nafarroak osatutako ABEN Euroeskualdeak akordio bat egin dute, eremu horretan, jarduera-programa bat eginda, ikus-entzunezkoen industria sustatzeko. Jarduerak Conecta FICTION 2021 ekimenaren bi etapetan egingo dira, ekainaren 28tik 30ra online, eta irailaren 13tik 17ra formatu hibridoan, Iruñeko (Nafarroa) Baluarteren egoitzatik.

Ekimen honen bidez, networking profesionala, enpresa arlokoa eta ekintzailetzarena sustatu nahi dira Euroeskualdearen barnean, bertan sortutako ikus-entzunezko proiektuei balioa emanez eta ABEN 3 lurraldeetan produkzioari eta koprodukzioari laguntzeko dauden ekimenak ezagutaraziz, hala, bazkide eta proiektu berriak erakartzeko eta Europa barnean antzeko estatusa duten beste eremu batzuekin sinergiak sortzeko.

PITCH EUROREGION NAEN SERIES, lehen edizioa.

Jarduera-programa honen ardatz nagusi gisa Conecta FICTION eta ABEN Euroeskualdeko antolatzaileek PITCH EUROREGION NAEN SERIES lehenengo ediziorako deialdia egin dute serie, mini serie eta doku-fikziozko proiektuetarako. Deialdia honako hauei dago zuzenduta: batetik, Euroeskualdetik kanpoko bazkide koproduktoreen bila dabiltzan ABEN Euroeskualdeko enpresei eta, bestetik, haien proiektuetarako egoitza ABEN Euroeskualdean duten produkzio-etxe, talentu, talde artistiko eta tekniko, telebista kate eta ikus-entzunezko sektoreko beste eragile batzuk behar dituzten bertako eta nazioarteko ekoizleei. Maiatzaren 31tik uztailaren 5era egongo da deialdia zabalik.

Parte hartzen duten proiektuak ebaluatzeko, Euroeskualdeko Batzorde Editoriala eratu da, eta hor hartzen dute parte Euskadiko, Nafarroako eta Akitania Berriko ikus-entzunezkoen industriako ordezkariek eta France 3 Nouvelle-Aquitaine eta EITB ikus-entzunezkoen taldeko kateetako ordezkariek.

Batzorde horrek proiektuak ebaluatu eta 6 proiektu hautatuko ditu gehienez, eta gutxienez 3. Proiektu horiek irailean aurkeztuko dituzte, Conecta FICTION delakoaren edizio presentzialean. PITCH EUROREGION NAEN SERIES delakoaren lehen edizioan hautatutako proiektuek zenbait sari eskuratu ahal izango dituzte, adibidez: proiektua garatzeko kontratua sinatzea, France 3 Nouvelle-Aquitaine saria; 10.000 €-koa, EITB saria, hori ere 10.000 €-koa; eta azkenik, ABEN Euroeskualdeko saria, 6.000 €-koa, proiektua bideratzera zuzenduak. Horiez gain, beste sari hauek ere banatuko dira: Acorde Music Library saria, musika-bibliotekara sarbidea ematen duena, 1.500 €-ko balioa duena; eta Nafarroa Telebista saria, sustapenerako klip bat grabatzeko aukera eta Nafarroa Telebistako saioetan espazio zabala eskaintzen duen saria, hain zuzen.

ABEN Euroeskualdeari eskainitako programa berezi bat.-

Conecta FICTION 2021 ekimenaren bi etapetan –ekainaren 28tik 30era online eta irailaren 13tik 17ra formatu hibridoan Baluarteren egoitzatik (Nafarroa, Iruñea)–, programa berezi bat garatuko da: ekainean, Euroeskualdeei eskainitako mahai-inguru birtual bat eskainiko da streaming bidez, eta hor parte hartuko dute eskualdeetako telebista-kateek eta industria honek Europako zenbait eskualdeetan dituen ordezkariek. Irailean, Iruñetik, formatu presentzialean eta online, EUROREGION NAEN SHOWCASE izango da, eta hor aurkeztuko dute hiru eskualdeek prestatutako Koprodukziorako Gida. Horrez gain, ABEN Euroeskualdean ekoiztearen ezaugarriak eta abantailak jorratuko dituzte eta azken urteetan arrakastaz egin diren euroeskualde mailako proiektuen kasu-azterketa batzuk aztertuko dira. Networkingari buruzko saio presentzial bat ere eskainiko da Euroeskualdeko ikus-entzunezkoen industriako eta erakundeetako eragile nagusiekin, harremanak zabaldu eta indartzeko, sinergiak sortzeko eta nazioarteko ekitaldian parte hartzen duten ordezkaritzetako kideen artean ekimenak partekatzeko.

Programako jarduera guztien zuzendaritza eta koordinazioaz hauek arduratuko dira: Akitania Berria (Frantzia), Euskadi eta Nafarroa Euroeskualdea (ABEN) Akitania Berria eskualdeko gobernua, ALCA Akitania Berria, Eusko Jaurlaritza, Basque Audiovisual, Nafarroako Gobernua, Navarra Film Industria eta Frantziak Espainian duen enbaxada/Institut français de España. Babesle dira France 3 Nouvelle-Aquitaine eta EITB ikus-entzunezkoen taldea, eta kolaboratzaile dira Acorde Music Library eta Nafarroa Telebista.

ABEN Euroeskualdea sustatzera bideratutako programa Inside Content-ek diseinatu eta ekoitzitakoa da, eta Conecta FICTION 5 ekimenaren esparruan gauzatuko da oso-osorik.