AUZO-LOTSA 15 EZBEHARRA

Laurogeiko hamarkadaren bukaera aldean, Nafarroako Parlamentuak, azkenean, foru lege bat onartu zuen, arauzko kanpoko funtzionala zuten pertsonen bizimodua hobetzeko eta errazteko asmoarekin, hau da, elbarri, ezindu handi, itsu, mutu, gorren eta abarren kolektiboetan sartzen ziren pertsona haien guztien bizitza, arindu eta gozarazteko asmoz. Baina lege hark, lege guztiek bezala, bazeukan bere araudia, artikulu guztiak garatu eta erregulatzeko, eta, jakina, legearen barruan, halaber, bazegoen departamentuarteko jarraipen-batzorde bat ere, haren segimendua egiteko eta kontrolatzeko. Bueno, ba, zer gertatuko, eta Nafarroako Gutxitu Fisikoen Elkarte-Koordinakundean neroni aukeratu nindutela!, batzordeko bileretara joateko, Koordinakundekoen izenean, hots, beraiek ordezkatzeko.

Aipatutako legearen arabera, jarraipen-batzorde hark, gutxienez bi bilera egin behar zituen urtean zehar, oztopo arkitektoniko eta sentsorialen kentzearen martxa, hobeki kontrolatu eta kudeatzeko, baina, errealitatean ez zen horrelakorik gertatzen, baizik eta, batzuetan, bilera bat baino ez baitzen egiten egiten, eta, beste batzuetan, ezta bakar bat ere. Horrexegatik, hain zuzen ere, bilerak geneuzkan aldiro-aldiro, nik, batzorde buruari, presaka aritzea eskatzen eta erregutzen nion, mota guztietako oztopoak, ahalik eta azkarrena kendu ahal izateko, baina argi eta garbi dago ez nuela batere arrakastarik lortzen, zeren eta, batzorde buruak, behin baino gehiagotan, zera esaten baitzidan:

-Lasai, Xanti, lasai!, badakik hobe dela gauzak poliki eta patxadaz egitea, baina ongi, eta, ez, laster eta gaizki! Horrexegatik, hain justu ere, berriz eskatzen diat lasaitasuna. Nik uste diat, zuek kexati eta presati hutsak zaretela.

-Kexati eta presati hutsak ez, baizik eta zeharo errealistak. Guk ere egunero bizi behar diagu, e!, eta, oztopo arkitektonikoak hortxe zaudek, bazter guztietan, horrexegatik zeukaagu hainbeste presa, hil edo bizikoa delako guretzat oztopoak kentzea; herorrek ere ikusiko duk noizbait tokatzen baldin bazaik! Eta, argi eta garbi geldi dadila, nik ez diadala horrelakorik inola ere opa! -nik, minduta.

Eta gauzak zer diren, handik hilabete batzuetara, batzorde buruak, igande bateko ilunabarrean, Iruñera itzultzen ari zenean, egundoko auto istripua izan, eta, ospitalera eraman behar izan zuten oso larri, hanketako hezur asko hautsita. Luzaroan egon behar izan zuen erietxean, bere onera etorri nahian. Gauzak hala zeudela, egun batean, gizalegezko bisita bat egitea deliberatu nuen. Bere gelara sartu, eta, hantxe, hizketan ari ginela, halako batean, zera bota zidan ziplo, damutu samarturik, etzanda zegoen ohatzetik:

-Ai, Xanti, Xanti!, ez dakik ongi zenbat aldiz oroitu naizen hitaz, aste hauetan guztietan, hemen ospitalean! Eta nola aldatzen den ikuspuntua, egoera fisikoaren arabera! Orain, gurpil aulkian, kalera ateratzen nauten guztietan, oztopo arkitektonikoak baino ez ditiat ikusten!; eta, pairatzen! Dena duk espaloiak, koskak, zuloak, eskailerak eta abar; ze nazka! Bai aspergarria! Orain, bai, orain ederki asko ohartzen nauk zenbat arkitektura eragozpen dauden leku guztietan! Bai, behin betiko, eta, lehenbailehen kendu eta ezabatu beharra zagok oztopo guztiak, Xanti!

Handik aurrera, ez dut oso ongi gogoratzen, erabat osatu zen ala ez gizon hura; gurpil aulkian jarraitu behar izan ote zuen ibiltzen ala ez, baina, argi eta garbi dagoena da, bere mentalitate aldaketa.

Hertzainak musika taldeak kantatzen zuen bezala: “Nola aldatzen diren gauzak, kamarada!”.