IRUÑEKO HILERRIAN

Uztailaren 20aren inguruan, Iruñeko hilerrian, gorpu baten laguntza egitea egokitu zitzaigun. Hildako emakumea, betidaniko euskalduna zen, frankismoaren garaian hizkuntza errepresioa jasan behar izan zuena, bere senarra (orain alarguna), erdi bertsolaria izandakoa da, bere ahizpa bat, bertsolari ezaguna hil zen arte, semea ere, oraingo bertsolaria da, alaba, bilobak, suhi-errainak, familiakoak, lagunak, ezagunak eta abar ere, gehienak euskaldunak, hau da, euskaradunak, eta, euskaldunak ez direnak, seguru, euskaltzaleak.

Hala eta guztiz ere, gorpu laguntza hartan, ez genuen hitzik ere euskaraz entzun, apezaren ahotik; dena espainiera batuan, garbian eta perfektuan esan zuen liturgiaburuak. Euskaraz, txintik ere ez, ezta silaba bakar bat ere!: ez kaixo, ez agur; ez aitaren, ez goian bego. Euskaldunok existituko ez bagina bezala tratatu gintuen, nahiz eta, han, jende asko, gure artean, euskaraz aritu ginen. Ofizialki, euskaraz entzun zen gauza bakarra, bertso bat izan zen, semeak eta biloba batek kantatua, beren ekimenez, eta, gainera, ausartuko nintzateke esatera, ordurako, apeza alde egina zegoela bere leku nagusi hartatik.

Iruñean, Nafarroako Erresumaren hiriburu izandakoan, euskaldunok mespretxatuak, zapalduak, ezkutatuak, isilduak, ez ikusiak eta baztertuak izan ginen, horrela, gure iritzia eskatu eta galdetu ere egin gabe; era hartan jokatzea, munduko gauzarik normalena eta naturalena balitz bezala. Era ofizialean, ekitaldi hartan, euskara eta euskaldunok ez ginen existitu. Ziur nago, talde hura, esate baterako, pertsona alemaniarrez edota egiptoarrez osatua egon balitz, orduan, ekitaldia beren hizkuntzetan eginen zen, baina, euskaldunak izanik, ez! Euskaldunak hutsaren hurrengoa gara beraientzat, deus ez; batere hizkuntza eskubiderik ez dugunok.

Iseka handiagorako, esan beharra dago apeza beltza zela, eta, honekin, ez dut inongo arrazarik mespretxatu nahi, guztiz alderantziz (hau, ozenki azpimarratu nahi dut, zer gerta ere!), kasu honetan, kritikatu nahi ditudanak dira, hain zuzen ere, Nafarroako Eliza eta bere elizbarrutia, halako bereizkeria egiteagatik bere eliztar euskaldun eta erdaldunen artean, alegia, erdaldunek Nafarroa osoan (Euskal Herri osoan) bermatua dutelako beti zerbitzua beren hizkuntzetan, frantsesez, espainieraz eta abarrez, baina, euskaldunok, ordea, ez! Eta Iruñeko Udalak ere, gai honetan, zeresan eta arduraren bat ere eduki beharko luke, ez da hala?, bera baita hilerria kudeatzen duena. Horretan datza, euskaldunon eta gainerakoen arteko aldea, tratuari dagokionez!

Gure kasuan, Nafarroako elizbarrutia, ederki-asko ahalegintzen da bere apez guztiak ongi formatzen espainieraren jakinduriaz, nahiz eta, batzuk, oso urrutitik etorriak izan, baina, euskaraz, aldiz, ez! Horrexegatik diot nik, mundu hau uzteko garaia iristen zaidanean, ez dudala utzi nahi nire gorpua elizaren atzaparretan, eta, askoz gutxiago oraindik, euskararen mespretxatzailea den elizbarruti honen esku hotzetan, hil ondoren, behintzat, ez jasateko berriro ere, bere arbuio gutxiesgarria.

Iruñeko hilerrian agurtu genuen emakumeak, txikitan, zapalkuntza eta inposizioa pairatu behar izan zituen bere hizkuntza eskubideetan, eta, bukaeran, hil ondoren, ere bai! Non uzten ote dute euskararen prestigioa Nafarroako elizbarrutikoek? Lurpean, eta, nahita, gainera!