SENDABELARRAK: INDIKAZIO FARMAZEUTIKO ZERBITZUAREN PROTOKOLOAK

Sarrera

Farmazialarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak zenbait Sendabelar Sailetako Elkargokideren parte-hartzearekin eta Arkofarma Laborategien laguntzarekin “Sendabelarrak: Indikazio Farmazeutiko Zerbitzuaren Protokoloak” izeneko ekimena gauzatu du.

Ekimen berri honek, protokoloen bidez, Farmaziako Fitoterapiaren Dispentsazio eta Indikazio Farmazeutiko Zerbitzuak bateratu nahi ditu. Era berean, sendabelarren dispentsazioan, kalitate-, profenionaltasun- eta barne-estandarrak ezarri nahi ditu, ebidentzia zientifikoan oinarrituta.

Jarraian, astenia, nekea eta estresa arintzeko protokoloaren laburpena eta egokitzapena doakizu. Protokolo guztiak “Farmacéuticos” aldizkarian daude, baita Farmazialarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren webgunean ere.

ASTENIA ETA NEKEA

Definizioa

Nekea eta astenia pertsona batek sentitzen duen energiarik eza definitzeko erabiltzen diren terminoak dira. Askotan sinonimo gisa erabiltzen dira. Astenia energia faltaren edo akidura fisiko eta mentalaren sentsazio subjektiboa da. Ez dago nahitaez jarduera fisiko bati lotuta zeinak lan egiteko edo ohiko zereginak egiteko gaitasuna murrizten duen. Nekea, ordea, ahalegin fisiko edo intelektualaren, estres emozionalaren edo atsedenik ezaren ondorio izan daiteke.

Astenia ohikoagoa da emakumetan eta intzidentzia handiagoa du 30 eta 40 urte bitartean. Gainera, uste da biztanleria orokorraren % 5 eta % 20 artean, astenia izan dezake hilabete bat baino gehiagoz, bizitzako uneren batean.

Funtsezkoa da sintomak eta zergatiak ezagutzea. Haiek adieraziko digute gaitza farmazian tratatu ahal den (indikazio farmazeutikoa) edo pazientea medikuagana bideratu behar den.

Sintomen identifikazioa

Sintoma psikologikoak: urduritasuna, egonarririk eza, suminkortasuna, egonezina, aztoramena.

Sintoma fisikoak: loaren asaldurak, digestio arazoak, dardarak, erlaxatzeko ezintasuna, izertza, palpitazioak.

Sintoma intelektualak: kontzentraziorik eza, ahanzturak, blokeo mentalak.

Medikuagana bideratzeko irizpideak

Aspaldiko estresa edo kronikoa (hiru hilabete baino gehiagoko iraupena).

Trauma osteko estresa.

Sintoma larrien behaketa (nahasmendu kardiobaskularrak, ginekologikoak, larruazalekoak etab.)

Aurretiazko tratamendu baten ondoren, hobekuntzarik eza.

Medikuaren eta farmazialarien jarduna

Neurri higieniko-dietetikoak indikatzea: lo-orduak errespetatzea, neurrizko ariketa fisiko egitea, bizitza osasuntsua eta orekatua izatea.

Tratamendu farmakologikoa: loezina (benzodiazepinak), gogo-aldartea (antidepresiboak: serotoninaren birkaptazioaren inhibitzaile selektiboak, ISRS), muskuluen kontrakturak (ziklobenzaprina, baklofenoa).

Fitoterapia: Eleutherococcus senticosus, Panax ginseng, Paulinia cupana, Sedum roseum, Lepidium meyenii. Kontraindikazioak: droga begetalarekiko edo beste edozein osagairekiko hipersentikortasuna. Neurriak: haurdunaldian eta edoskitzaroan ez da sendabelar horien segurtasuna ezarri.

ELEUTEROCOCO

Eleutherococcus senticosus (Rupr. et Maxim.) Maxim.

Droga begetala: sustraia eta errizoma.

Osagai nagusiak: eleuterosidoak, polisakaridoak, saponinak, glikoproteinak.

Indikazioa. EMA (European Medicines Agency, Medikamentuen Europako Agentzia)/ AEMPS (Agencia Española de Medicamentos y Productos Sanitarios, Medikamentuen eta Produktu Sanitarioen Espainiako Agentzia): asteniaren arintze sintomatikoa, bizitasuna galtzea, nekea eta ahultasuna.

Posologia EMA: hauts krioehotua: 0,75-3 g/egun, 1-3 hartualditan.

Posologia AEMPS: helduak eta 12 urtetik gorako nerabeak: 500 mg hauts goizean eta 500 mg bazkarian. Dosia 750 mg-ra igo daiteke hartualdi bakoitzeko.

Neurriak: ez erabili 12 urtetik beherakoetan.

Kontrako erreakzioak: insomnioa, suminkortasuna, takikardia eta buruko mina.

GINSENG

Panax ginseng C. A. Meyer

Droga begetala: sustraia.

Osagai nagusiak: saponina triterpenikoak (ginsenosidoak), polisakaridoak, poliazetilenoak.

Indikazioa. EMA/AEMPS: nekea, akidura fisiko edo intelektuala eta ahultasun egoerak tratatzea.

Posologia EMA: Ginseng zuria. Hautsa: 250 mg, 1-8 aldiz egunean, edo 1200 mg, egunean behin (eguneko dosia: 600-2000 mg). Ginseng gorria. Hautsa: 600 mg, 3 aldiz egunean.

Posologia AEMPS: 900-1500 mg egunean (Redsengᴿ), edo 600-1200 mg egunean (Arkopharmaᴿ) edalontzi bat urekin.

Kontraindikazioa: hipertentsio arteriala, urduritasuna, asaldura, antsietatea.

Neurriak: 18 urtetik beherakoetan ez erabiltzea. Tratamenduaren iraupena, 2 hilabete gehienez.

Elkarrekintzak: monoaminooxidasaren inhibitzaileak (MAO), ahotiko antikoagulatzaileak, digoxina eta intsulina.

Kontrako erreakzioak: hipersentikortasun-erreakzioak (urtikaria eta azkura), eszitazioa, insomnioa, urduritasuna, hipertentsio arteriala, zefalea, zorabioa, edema eta urdaileko asaldurak, hala nola goragalea, gorakoak, beherakoak eta idorreria.

GUARANA

Paullinia cupana Kunth.

Droga begetala: hazia

Osagai nagusiak: base xantikoak (kafeina, teobromina, teofilina), taninoak, saponinak eta gantz-azidoak.

Indikazioa. EMA/AEMPS: neke-sintomen tratamendua eta ahultasun-sentsazioa.

Posologia EMA: 450 mg guarana-hautsa, helduentzat, egunean 5 aldiz gehienez.

Posologia AEMPS: helduak eta 12 urtetik gorako nerabeak: gosarian 3 kapsula eta bazkarian 3 kapsula, edalontzi bat urarekin.

Neurriak: 12 urtetik beherakoetan ez hartu. Ez da gomendatzen lo egin aurretik hartzea, insomnioa eragin baitezake. Kontuz ibili MAOren inhibitzailerekin tratatzen diren pertsonetan.

Kontraindikazioa: urdaileko eta hesteetako ultzerak, hipertiroidismoa edo arazo kardiobaskularrak, hala nola hipertentsio arteriala eta arritmiak.

Kontrako erreakzioak: gutxitan ager daitezke (%1 baino gutxiago) insomnioa, urduritasuna eta palpitazioak.

RODIOLA

Rhodiola rosea L., Sedum roseum L. Scop

Droga begetala: sustraia eta errizoma.

Osagai nagusiak: makaenoak eta makamidak, alkaloide imidazolikoak, esterolak, olio esentzialak, monoterpenoak, flabonoideak, proantozianidinak.

Indikazioa. EMA/AEMPS: estres-sintomak arintzea, hala nola nekea eta ahultasun-sentsazioa.

Posologia EMA: helduentzako eta zaharrentzako dosiak, 144-400 mg egunean.

Neurriak: 18 urtetik beherakoetan ez hartu.

Kontrako erreakzioak: Ez dira deskribatu.

MAKA

Lepidium meyenii Walp.

Droga begetala: sustrai napiformea.

Osagai nagusiak: makaenoak eta makamidak, glukosinolatoak, esterolak, flabonoideak, alkaloideak.

Indikazioa: Gaur egun, bere ahalmen adaptogenoagatik erabiltzen da. Akidura-uneetan, erresistentzia animikoa eta fisikoa hobetzen du.

Erreferentzia:

Hidalgo Zarco, F., Gallardo Alonso, MC. Berrikuslea: Allúe Creus, J. 2020-2021. Plantas Medicinales. Protocolos del Servicio de Indicación Farmacéutica en astenia, cansancio y fatiga leve. Farmazia Bulegoko Batzorde Nazionala. Sendabelarrak. Farmazialarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusia. Kolaboratzailea: Arkopharma Institutua

Pello Iturria Sarasibar