MUSIKAREN HIRIAK 10 URTE BETE DITU ETA IRUÑEKO MUSIKAREN ASTEA SORTUZ OSPATU DU.

Nafarroako Musika Kontserbatorio Profesionala eta Goi Mailako Kontserbatorioa batzen dituen guneak 10 kontzertu eta ekitaldi artistiko baino gehiagorekin ospatu du hamargarren urteurrena.

Nafarroako Musikaren Hiriak 10 urte bete ditu, eta, hori ospatzeko, arte eta musika jarduera batzuk eskaini ditu Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionaleko eta Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko hezkuntza-komunitatearen eskutik, Foru Komunitate osorako izan direnak.

Musikaren Hiria 2011. urtean sortu zen, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren ekimenez, eta orain Musikaren Astea prestatu du, Nafarroako musika ekosistemaren parte izateko eta, aldi berean, eskualdeko musika sektorea indartzeko, eszena sortzeari begira. María Pilar Encabo Valenciano koordinatzailearen hitzetan: “Ekimen honen oinarrian dagoen asmoa hezkuntza-komunitatearen eta ikasleen lana indartzea izan da, irakasle edo ikasle gisa Kontserbatorio Profesionalean eta Goi Mailako Kontserbatorioetan lan eta prestakuntza egiten dutenena, eta, aldi berean, Musikaren Hiria Nafarroako herritarrekin lotzea”. Testuinguru horretan, eta nazio mailako milaka musikarirentzat pandemiaren egoera oso konplexua izan den arren, hamargarren urteurrenaren ospakizunak errealitate berri horri erantzun nahi izan dio, tokiko musikariak eta Nafarroako Kontserbatorioetan dauden proiektu artistiko-musikalak bultzatuko dituen lan bateratu batekin aurre egiteko.

Mercedes Gorría Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionaleko zuzendari berriak adierazi duenez, “musikak hiri batean duen garrantzia ez da soilik islatzen bertako ekitaldien kopuruan, baita Nafarroako musika inguruneko eragileen arteko harreman gaitasunetan ere. Funtsezkoa da Kontserbatorio Profesionalak harreman estua izatea Nafarroako musika, dantza, antzerki eta beste arte bizietako eskolekin. Urteurren hau horretarako aukera bat da”.

Julio Escauriaza Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko zuzendariaren hitzetan: “Gure eraikin zoragarriaren eraikuntzak bide eman dio 10 urteko aldi emankorrari, sinesgarritasunez aurre egiteko XXI. mendeko erronka artistiko eta kulturalei. 10 urte hauetan eskuratutako esperientziak etorkizun oparoa iragartzen digu, gure gizartearen eskaera kultural eta artistikoekin bat datorrena”.

Musikaren Astea urriaren 21etik 29ra ospatu da, eta hauek izan dira aurreikusitako jardueretako batzuk: errepertorio klasikoa, garaikidea, jazza eta herri musika dituzten kontzertuak, musika, lan eta musikologiaren inguruko solasaldiak, gune publikoetarako irteerak, kontzertu didaktikoak, Astor Piazzollaren eta Emilio Arrietaren omenaldiak, eta Nafarroako arte bizietako beste eragile batzuekin esku-hartze artistikoak egitea, besteak beste.

Esan bezala, 10. urteurrena ospatzen hasteko, Musikaren Astea egin da, baina ospakizunek ikasturte osoan zehar jarraituko dute, Iruñeko eta inguruko herritarrei hainbat musika jarduera eskainita.

Carlos Gimeno Hezkuntzako kontseilariak zorionak eman dizkio erakundeari hamar urteko jardueragatik, eta Nafarroako Gobernuak musika irakaskuntzekin duen konpromisoa nabarmendu du. Halaber, adierazi du araubide bereziko irakaskuntza horietarako aurrekontu ekarpenaren gauzatze-maila handia dela –urtean 570.000 euro– eta lehen aldiz sortu dela musika-tresnak erosteko partida espezifiko bat. Aurten 29.243 euroko zuzkidura du, eta Hezkuntza Departamentuaren asmoa da 60.000 eurokoa izatea urtean, 2022ko eta 2023ko aurrekontu-ekitaldietan. Horrez gain, Gimenok gogora ekarri du Hezkuntza Departamentuak ekarpen handia egiten diola Foru Komunitateko musika eskolen finantzaketari, urtean 3 milioi euro ematen baitu.

Musikaren Hiriak nafar guztiak gonbidatzen ditu musikaz, elkarrizketaz eta esperientziaz betetako gertaera musikal garrantzitsu honetan parte hartzera; ekitaldiak interesa duten pertsona guztientzako programa artistiko eta kultural integral baten esparruan garatuko dira.

MUSIKA GARA”