ALEX TXIKONEN ‘MENDI BILUZIA’ LIBURUAK COLLSACABRA 2021 SARIA JASO DU VIC-EKO FIRA DEL LLIBRE DE MUNTANYA AZOKAN

Alex Txikon eta Miquel Ylla, Associació Cultural Llibre de Muntanya-ko presidentea.

Alex Txikonen lanik pertsonalenetako batek, ‘Mendi Biluzia’ liburuak (SUA Edizioak, 2020), saria lortu du Vic-eko Fira del Llibre de Muntanya azokan. Alex Txikonek berak jaso zuen atzo katalana ez den hizkuntzan idatzitako mendiko libururik onenari emandako Collsacabra saria. Gainera, Txikonek alpinismoari buruzko hitzaldi batekin itxi zuen azaroaren 5etik 7ra egin den azokaren 20. edizioa.

Gaur egungo alpinismoaren lehen lerroa neguko Himalaiarekin lotuta dago. Egileak helburu horretara bideratu du bere jarduera, eta une honetan mundu mailako erreferentea da. Liburuan jasotako Nanga Parbat mendiaren neguko lehen igoerak, bere balentriari buruzko lekukotasuna eta dokumentazio bikaina ematen dizkigu. SUAren zigilu editorialak modu koalitatiboan laguntzen du kontakizuna, sinaduraren zorroztasunaren eta irudi ederren bitartez”, azpimarratu du epaimahaiak saria ematerakoan.

Txikonek berak eskuz eta paperean idatzitako 230 orrialdeen bitartez, irakurlea Nanga Parbat-era eramaten saiatzen da alpinista, eta neguko espedizio bat zer den eta horrek zer arrisku dakartzan erakusten ahalegintzen da. Testuarekin batera dauden 90 argazkiek neguan 8.126 metrora, baldintzak gogorragoak direnean, egotea zer den imajinatzen laguntzen dute.

Txikonek lehen pertsonan kontatuta, liburua 2019ko neguan egindako Tom Ballard-en eta Daniele Nardiren erreskatearekin hasten da. K2-ko oinarrizko kanpamentutik Nanga Parbatera joanda hartu zuen parte erreskatean. Hortik aurrera, Txikonek horrelako espedizio batek dakartzan xehetasun, sentimendu eta zailtasunak kontatzen ditu.