EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ

Xabier Amuriza (1981)

Euskal Herrian euskaraz
nahi dugu hitz eta jolas
lan eta bizi euskaraz eta
hortara goaz,
bada garaia noizbait dezagun
guda hori gal edo irabaz.
Zabal bideak eta aireak
gure hizkuntzak har dezan arnas,
bada garaia…

Euskal Herrian euskaraz
hitz egiterik ez bada
bota dezagun demokrazia
zerri askara
gure arima hiltzen uzteko
bezain odol galduak ez gara.
Hizkuntza gabe esadazue
nola irtengo naizen plazara
gure arima…

Euskal Herri euskalduna
irabazteko eguna
pazientzia erre aurretik
behar duguna;
ez al dakizu euskara dela
euskaldun egiten gaituena?
Zer Euskal Herri litzake bere
hizkuntza ere galtzen duena.
Ez al dakizu…