ASIER MARZO PÉREZ

Asier Marzo Pérez ikertzailea Nafarroako Unibertsitate Publikoko liburutegian

Asier Marzo Pérez NUPeko irakasle eta ikertzaileak “Starting Grant” izeneko dirulaguntza bat lortu du, Europar Batasunak zientziaren arloan ematen dituenetatik prestigiotsuena

1,5 milioi euro jasoko ditu “InteVol” proiekturako, airean proiektatutako 3D-ko grafikoak eskuekin hartzeko eta manipulatzeko modua bila dezan

Asier Marzo Pérez Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasle eta Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzaileak European Research Councilen (ERC) “Starting Grant” izeneko dirulaguntza eskuratu du. Europar Batasunak zientziaren arloan ematen dituenetatik sona handiena duena da, eta 1,5 milioi eurorekin finantzatzen ditu proiektu hautatuak bost urtez. Dirulaguntza lortu dutenek proiektua Europako zein erakundetan garatu nahi duten aukeratzen ahal dute, eta NUP aukeratu du Asier Marzok. Hona “InteVol” proiektuaren muina, modu sinplean esplikatua: modua bilatzea airean proiektatuak dauden 3D-ko grafikoak zuzenean eskuekin hartzeko eta manipulatzeko.

Display izenekoa gailu bat izaten da, erabiltzaileari informazioa erakusten diona ikusizko edo ukipenezko moduen bidez. Ikertzaileak dioenez, “gaur den egunean badira display bolumetrikoak (informazioa bolumen jakin batean erakusten dutenak), zeinek partikula lebitatzaileak, plasmazko voxelak eta gainazal birakariak erabiltzen baitituzte. Alabaina, ez dago teknologiarik gailuaren bolumenaren barrenean eskuak edo beste objekturen bat sartzeko modua ematen duenik, eta horrek eragotzi egiten du objektu birtualekin zuzenean eta modu naturalean interakzioan aritzeko”. “InteVol: Interactions with a Reach-through Volumetric Display” proiektuaren helburua da eskuekin zuzenean hartu eta manipulatu ahal izatea airean proiektatutako 3D-ko grafikoak. “Gaur egun, adibidez, gure mugikorretako pantailetako ikonoak zuzenean ukitu, eta arrastaka eramaten ditugu leku batetik bestera. Pentsa ezazu zure etxe berriaren diseinua zure behatzekin marrazten ahal duzula airean, lagunen aurrean, eta trazuak unean bertan agertzen direla; edo imajina ezazu produktu bat diseinatzen duzula aurretik dauden parteei holograma birtualak erantsiz”.

Alde horretatik, ikertzaileak gogorarazi duenez, “mundu errealeko objektuekin integratzen ahal diren 3D-ko grafikoak proiektatzeko gaitasuna hainbat filmetan agertu da, ‘Blade Runner 2049’, ‘Iron Man’, ‘Ghost in the Shell’, ‘Bones’, ‘Her’, ‘Star Wars’ eta abarretan esaterako, baina ez da posible oraingoz”.

Asier Marzok bere proiektua Nafarroako Unibertsitate Publikoan garatzea erabaki du “Unibertsitate horri maitasun berezia diolako; bertan ikasi zuen, eta hura sustatzen lagundu nahi du, bai ikerketan bai irakaskuntzan”. Bere esanetan, “talentuari dagokionez, NUPeko ikasleak ez daude urrun Erresuma Batuko edo Frantziako beste erakunde batzuetakoengandik, eta, etorkizun hobea nahi izanez gero, talentua behar da irakaskuntzan eta ikerketan”.

Zuzeneko interakzioa eta aplikazio posibleak

Display ohikoenak sakelako telefonoak, telebista eta ordenagailuen edo tableta elektronikoen pantailak dira. “Display bolumetriko batean —esan du ikertzaileak—, argia espazioko puntu bakoitzetik dator, eta pertsona batek baino gehiagok ikuspuntu desberdinetatik ikusten ahal dituzte grafikoak, 3D-ko betaurrekorik edo antzeko gailurik erabili beharrik gabe. Gainera, pantaila horiek aukera ematen dute ikuspegia behar bezala egokitzeko eta objektuak sakonera desberdinetara hobeki hautemateko”.

InteVol” proiektuak teknologia diferenteak konbinatuko ditu zuzeneko interakzioko lehenbiziko display bolumetrikoa sortzeko; hau da, zenbait pertsonak zenbait angelutatik ikus dezaketen hiru dimentsioko holograma bat. Pertsonek eskuak edo beste objektu batzuk sartzen ahalko dituzte display horretan grafikoekin zuzeneko interakzioa izateko. Hauek dira konbinatuko diren teknologiak: lebitazio akustikoa, holografia, partikulen trackinga, adimen artifizial prediktiboa eta partikula optofonikoen mikrofabrikazioa (argiarekin eta soinuarekin interakzio kontrolatua izaten duten partikulak).

Proiektuaren beste helburu bat gizakien eta makinen arteko interakzio teknikak diseinatzea da, displayan erakusten diren 3D-ko objektuak modu intuitibo eta efizientean manipulatzeko balioko dutenak. Gizakien eta makinen arteko interakzioaren eremuan psikologiako, psikofisikako, konputazio zientzietako eta elektronikako ezagutzak uztartzen dira, makina ulertu behar baita, baina baita pertsonak ere.

Ikertzaile honek adierazi duenez, “InteVol” proiektuaren potentziala frogatzeko, zenbait aplikazio garatzea du aurreikusia. “Lehenik eta behin, CAD planoak eta piezak aztertzeko aplikazio bat sortuko dugu; aurrerago, eredu medikoak bistaratzeko eta prozedura laparoskopikoak planifikatzeko aplikazio bat; eta, azkenik, anbizio handienekoak adimen artifiziala erabiliko du pertsonen keinu eta hitzak 3D-ko objektu interaktibo bihurtzeko eta hainbat pertsonaren arteko ideiagintza-prozesuak sustatzeko”.

Liderra lebitazio akustikoan

Asier Marzo Pérez Informatikako ingeniaria eta doktorea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Smart Cities Institutuko ikertzaile elkartua eta zuzendaritza-taldeko kidea da, elektronikako eta konputazioko i2tec ikasle elkarteko kolaboratzailea eta Iruñeko Planetarioko STEM mentorea. Mundu mailako liderra da lebitazio akustikoa erabiltzen interfaze interaktibo berritzaileak sortzeko, eta esperientzia handia du interakzio tekniken diseinuan.

Espediente akademikorik hoberena lortu zuen NUPen Informatikako ikasketak egin zituelarik, eta Nafarroako Gobernuak doktoretza-beka bat eman zion. Doktoretza ondoko ibilbidean, Bristoleko Unibertsitatean Ingeniaritza Mekanikoko Sailean egin zuen lan (Erresuma Batua). Softwarearen ingeniari eta bideo-jokoen garatzaile gisara ere egin du lan.

Jakin-minak gidatutako ikertzailea da, fisika, elektronika eta programazioa interesatzen zaizkio, eta, doktoretzan, bideo-jokoak, errealitate handiagotua eta lebitazio akustikoa izan zituen ikergai. “Nature Communications”, “Physical Review Letters”, “PNAS” eta bestelako aldizkari entzutetsuetan egin ditu argitalpenak. Gizakien eta konputagailuen arteko interakzioa (HCI) ere jorratu du, eta horri buruz argitaratu izan du CHI, UIST, Multimedia, ISMAR eta bestelako konferentzietan.

Bere lana BBC, Discovery Channel, Nature Videos eta Antena3 telebista kateetan agertu da besteak beste, eta “El Hormiguero” saioan hainbat erakustaldi egin ditu Hollywoodeko aktoreen eta beste pertsonaia ospetsu batzuen aurrean. TEDx eta Hackaday ekimenetan eta Maker ekitaldi ugaritan aurkeztu ditu bere ikerketak. Bere argitalpenetako batzuk sona handieneko % 1aren barnean daude Altmetricsen arabera, eta, gainera, bere aldizkarietako artikulurik irakurrienak izan ziren.

Duela gutxi UpnaLab ikerketa-taldea sortu du (https://upnalab.com), non informatika, fisika, elektronika eta mekanika uztartzen baitira gailu interaktibo berritzaileak sortzeko. UpnaLaben garatutako displayak eta gailuak jende guztiarentzat irekiak izatea da helburu nagusietako bat. Horren adierazgarri dira bere Instructables sariak, zientzia-blogetan idatzitako ehunka sarrerak eta egin izan dituen Maker ekitaldi eta jarduera ugariak.

Europar Batasuneko “Starting Grant” dirulaguntza

ERC (Europako Ikerketa Kontseilua) erakunde europarraren laguntzak Europan ospe zientifiko handiena dutenak dira, eta gaur egungo ezagutzaren mugatik haratago ideia berritzaileak aurkezten dituzten munduko edozein lekutako ikertzaileentzat dira. Ikertzaileek zenbat urte daramatzaten doktore, hiru kategoriatako dirulaguntzak daude: Starting Grant (2 eta 7 urte bitarte), Consolidator Grant (7 eta 12 urte bitarte) eta Advanced Grant (ongi finkatutako ikertzaileak).

ERCk onartutako proposamenak edozein ikerketa-eremutakoak izaten ahal dira, eta dirulaguntza jasotzen duten proposamenen ebaluazioa irizpide bakar batean oinarritzen da: bikaintasun zientifikoa, bai ikertzailearena bai proiektuarena.

Duela hamabost urte hasi ziren Starting Grant deialdiak (2007), eta, harrezkeroztik, Espainiak 10 laguntza lortu ditu guztira Konputazio Zientzien eta Informatikaren arloan —arlo horretan egiten du lan Asier Marzok—.

Testuinguru horretan, gogora ekarri behar da duela urtebete pasatxo Iñigo Liberal Olleta NUPeko ikertzaile eta Smart Cities Institutuko kideak ere eskuratu zuela “Starting Grant” laguntza (Sistemen eta Komunikazioen Ingeniaritzaren arloan) nanofotonikaren eta optika kuantikoaren esparruetako proiektu baterako.

Francisco Javier Arregui San Martín NUPeko Ikerketako errektoreordearen hitzetan, “Asier Marzo ikertzaileak ERC laguntza hori lortzea aitorpen zientifiko handia da, eta, gainera, bere proiektua garatzearren NUP aukeratu izana oso pozik egoteko modukoa da unibertsitatearentzat eta Nafarroako gizartearentzat. Lorpen aparta da, eta ideia disruptiboak sor ditzake hemen, Nafarroan. Unibertsitatearentzat, bereziki, pizgarri handia da talentua erakartzea helburu duen ingurune bat sortzen segitzeko, eta, jakina, nabarmentzekoa da horrek guztiak berebiziko ikusgarritasuna eta ospea ematen dizkiola NUPi nazioartean”.