LINGUATEC-POCTEFA PROIEKTUA

Hitzarmenaren sinatzaileak. Ezkerretik eskuinera, Sabine Forero-Mendoza, Eva Ferreira, José Antonio Mayoral, Ramón Gonzalo eta Jon Abril

Lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute Zaragozako, Paueko eta Euskal Herriko unibertsitateek eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak Elhuyarrekin, hizkuntzan adimen artifiziala sustatzeko

Hitzarmen horri esker, euskararentzat, aragoierarentzat eta okzitanierarentzat , LINGUATEC-POCTEFA proiektuan garatutako tresna eta aplikazio teknologikoak erabili eta inplementatu ahal izango dituzte unibertsitateek

Gaur goizean sinatu dute Zaragozako, Paueko eta Euskal Herriko unibertsitateek, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Elhuyar Fundazioak euskara, aragoiera eta okzitanierarentzako LINGUATEC proiektuan garatutako tresna eta aplikazio teknologikoak sustatzeko lankidetza-hitzarmena. Hitzarmena Zaragozako Unibertsitateak Jakan duen egoitzan sinatu dute, eta han izan dira hura sinatu duten bost erakundeetako ordezkariak: Zaragozako Unibertsitateko errektorea, José Antonio Mayoral; Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea, Eva Ferreira; Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea, Ramón Gonzalo; Université de Pau et des Pays de I´Adour unibertsitateko UNITA Europako ituneko zuzendari exekutiboa, Sabine Forero-Mendoza; eta Elhuyarreko koordinatzaile nagusia, Jon Abril.

Ekitaldian izan dira, halaber, Jakako alkatea, Juan Manuel Ramón eta Aragoiko Gobernuko Hizkuntza Politikako zuzendari nagusia, José Ignacio López Susín.

Sinatu duten hitzarmenak lau urteko iraupena izango du, eta hartan zehazten da parte hartzen duten erakundeek zer lankidetza-ildo izango dituzten Europako LINGUATEC proiektuan garatutako hizkuntza-teknologiak erabiltzeko. Mugaz gaindiko lankidetza-proiektua da, eta haren helburua da aragoieraren, euskararen eta okzitanieraren digitalizazio-maila hobetuko duten hizkuntza-baliabide, -tresna eta -aplikazio berritzaileak garatzea, erakustea eta hedatzea. Proiektuak hizkuntzen arteko lankidetza teknologikorako aukera eman du, hizkuntza-baliabide eta -tresna berriak garatzeko, baita onlineko aplikazio berriak ere, hiru hizkuntzen erabilera errazteko eta erabiltzaileek edukietarako sarbide eleaniztuna izan dezaten.

Hala, Elhuyar, zeina zientzia eta euskara bultzatzea, sustatzea eta garatzea helburu duen erakundea baita, arduratuko da unibertsitateen esku jartzeaz euskara, aragoiera eta okzitanierarentzako garatutako tresna eta aplikazio teknologikoak. Haien artean daude itzulpen automatikorako, ahotsa ezagutzeko eta ahotsa sintetizatzeko teknologiak, zeinak zenbait aplikaziotan sartu baitira, hala nola Google Chrome eta Firefoxentzat deskargatu daitezkeen barretan, CMSentzako pluginetan (WordPress, adibidez), zuzentzaileetan, itzulpen automatikorako aplikazioetan eta audiogida eleaniztunetan (Elia, Traduze, Aragonario, Aditu, VOTZ, ReVOc, LinguaPir, Revirada…), baita gara litezkeen beste aplikazio batzuetan ere.

Unibertsitate publikoek, bestalde, zeinek, besteak beste, zientziaren eta teknologiaren sorkuntza, garapena, transmisioa eta kritika egiteko funtzioa baitute, tresna horiek erabili eta inplementatuko dituzte, eta haiek ebaluatzen eta hobetzen eta unibertsitateetan kudeaketa eleaniztun, adimendun eta irisgarria hobetzen lagunduko duten garapenetarako ideiak eta proiektuak sortzen lagunduko dute. Halaber, euskararen, aragoieraren eta okzitanieraren garapen teknologikoan lagunduko duten hizkuntzari aplikatutako adimen artifizialeko proiektuetan lagunduko dute.

Hitzarmenaren garapena eta jarraipena gauzatzeko, Jarraipenerako Batzorde Misto bat eratuko da, zeinak helburu izango baitu hitzarmenean zehaztu diren helburuak eta baldintzak betetzen lagunduko duten ekintzak sustatzea. Batzordea urtero elkartuko da.

Adimen artifizialaren esparruko bikaintasun-sarea, mugaz gaindiko azpiegitura linguistiko bat sortzeko

2021eko ekainaren 18an, Mugaz gaindiko Linguatec Kongresuaren esparruan, LINGUATEC partzuergoko kideek adimen artifizialaren esparruko bikaintasun-sarearen sortze-agiria irakurri eta sinatu zuten, mugaz gaindiko azpiegitura linguistiko bat eraikitzeko. Proiektuan lortu zen garapen-maila lagungarri izan zuten partzuergoko kide ziren erakundeentzat urrats estrategiko bat egiteko, eta adimen artifizialaren esparruko bikaintasun-sare bat eratu zuten, mugaz gaindiko azpiegitura linguistiko bat sortzeko. Gaur unibertsitateen artean sinatu den hitzarmen hau beste urrats estrategiko bat da mugaz gaindiko azpiegitura linguistiko inklusibo, eleaniztun eta adimendun baten eraikuntza zientifiko-teknologikorako.