UNIBERTSITATEA ERAKUSTEKO EGUNAK

Ezkerretik eskuinera, Inmaculada Farran Irakaskuntzako errektoreordea eta Cristina Bayona Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea, NUPen egindako orientatzaileentzako hitzaldi informatiboan

NUPek Unibertsitatea Erakusteko Egunak antolatu ditu: Tuteran, otsailaren 19an, eta, Iruñean, otsailaren 26an eta martxoaren 5ean izanen dira

Formatu presentzialera itzuliko dira iaz osasun egoera zela-eta “online” formatuaren aldeko hautua egin ondoren

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Unibertsitatea Erakusteko Egunak antolatu ditu aurten: otsailaren 19an Tuterako Campusean eta otsailaren 26an eta martxoaren 5ean Iruñeko Campusean (Arrosadia eta Osasun Zientzien Fakultatea), eta formatu presentzialera itzuliko dira iaz osasun egoera zela-eta “online” formatuaren aldeko hautua egin ondoren.  Parte hartzeko, nahitaezkoa da norberak aldez aurretik izena ematea horretarako gaitutako formularioaren bidez. Jardunaldien eduki osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko. Ekonomiaren eta enpresaren arloko hitzaldiaren aforoa eta Osasun Zientzien Fakultateko 10:00etako saioarena beteta daude. Nolanahi ere, hitzaldi guztiak grabatuko dira, eta ikusgai egonen dira jende guztiarentzat.

Saio horietan, orientazio hitzaldi espezifikoak emanen dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko goi mailako bi eskola teknikoek eta lau fakultateek 2022-2023 ikasturterako eskainiko dituzten 25 gradu, zazpi gradu bikoitz eta nazioarteko zazpi programei buruz. Heldu den ikasturtean Unibertsitatean hasi nahi duten Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat dira batez ere jardunaldiak, bai eta haiekin datozenentzat ere (guraso eta abar).

NUPek eskaintzen dituen graduei eta zerbitzuei buruzko informazioa aurreko lan saio batean zehaztu zen. Saio horretan, Cristina Bayona Sáez Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea eta Inmaculada Farran Blanch Irakaskuntzako errektoreordea Nafarroako ikastetxeetako orientatzaileekin elkartu ziren. Urtero antolatzen da lan saio hori, Nafarroako ikastetxeek Unibertsitatearen eskaintza akademikoaren eta nobedadeen berri izan dezaten.

Jakintza arloka antolatutako hitzaldiak eta bisitak

Unibertsitatea Erakusteko Egunak jakintza arlo hauen arabera antolatuta daude: osasuna, zientzia juridikoak, industria, ekonomia eta enpresa, informatika eta telekomunikazioa, zientziak, giza eta gizarte zientziak, hezkuntza eta, azkenik, nekazaritzako elikadura. Topaketa horietan, graduei buruzko informazio hitzaldiak emanen dira, eta ondoren bisitak eginen dira Unibertsitateko instalazioetara, bereziki laborategi eta lantegietara, ingeniaritzen, osasunaren eta zientzien arloko graduen kasuan.

Halaber, interesa daukatenek aukera ere izanen dute Iruñeko Arrosadiko campuseko kirol-instalazioak eta Urkiak Unibertsitate Egoitza ikusteko. Horretaz gainera, Unibertsitate Arretarako Bulegoak zalantzak argituko ditu 10:00etatik 14:00etara, Arrosadiko campuseko liburutegiko beheko solairuan, gai hauei buruz: Unibertsitaterako sarbidea, NUPen eskaintza akademikoa, ikasleentzako baliabideak eta zerbitzuak, beka deialdiak eta tramite administratiboak, adibidez aurreinskripzioa eta matrikula. Osasun Zientzien Fakultateari dagokionez, arreta 02. ikasgelan emanen da, eraikinaren beheko solairuan.