‘ERAMAN NAZAZU DANTZATZERA’

David Anocíbar pintorearen margo-proposamena Ziudadelako Bolborategian

Erakusketa martxoaren 27ra bitarte bisitatzen ahalko da

Ziudadelako Bolborategia aretoan ikusgai, David Anocíbarren ‘Eraman nazazu dantzatzera’ margo-erakusketa. Erakusketa erretratu sorta bat da, mihise gainean egindako olio-pinturak, eta horietan gorputz-adierazpena eta mugimendua nagusitzen dira. Anocíbarrek –pinturan errealismoaren printzipioen eta tradizioaren miresletzat du bere burua– gorputzen irudikapen zorrotzari heltzen dio, ingurune oniriko-sinboliko batean berrinterpretatuak, non ez baitira falta animalia mitologikoak, iraganeko mendeetako egile ospetsuen pinturei egindako aipamenak eta antzinako moden atrezzoak.

Erakusketa, martxoaren 27 bitarte Ziudadelan ikusgai egonen da. Sortzailea artelanak zaharberritzearen esparrutik dator, beraz, garrantzi handia ematen dio kalitatezko materialen erabilerari, eta mihiseak artisau-erara muntatu eta prestatu ohi ditu. Bere estiloak arte figuratibo errealista hertsia uztartzen du, haren barne mundutik datozen lurraldeetara isurtzen uzten duena.

Eraman nazazu dantzatzera’ erakusketa zabalik egonen da Ziudadelako Bolborategian, eta honako ordutegi honetan bisitatu daiteke: asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era; igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era.

Erretratugilea eta zaharberritzailea

Anocíbar Iruñean bizi da, prestakuntza Madrilen egin eta zaharberritzaile gisa Lisboan (Portugal) bost urte igaro ondoren. Naturaleko pinturaren teknika ikasi zuen Mikel Esparza erretratugilearen estudioan eta, osagarri gisa, New Yorkeko The Art Student League eta The National Academy of Design zentroetan egon zen. Gaur egun, bere ibilbide artistikoarekin jarraitzeaz gain, naturaleko pintura-eskolak eman eta erretratuak enkarguz egiten ditu.

Sortzailearen lanak ez daude lehen aldiz ikusgai Iruñean, areto publikoetan edo pribatuetan, izan ere, 2021ean Ziudadelan egindako ‘Imajinatutako sanferminak’ erakusketa kolektiboan parte hartu zuen. ‘Eraman nazazu dantzatzera’ 2005az geroztik egin duen banakako laugarren erakusketa da, eta Ziudadelan egin duen lehena. Halaber, azken urte hauetan, 13 sari jaso ditu hainbat lehiaketatan: Arte Plastikoetako VIII. Goiart Ordizia Sarian, “Ciudad de Calahorra” Pinturako XIX. Lehiaketa Nazionalean eta “Aguas de Barbastro” VII. Pintura Lehiaketan. Jaso duen azken aintzatespena Amurrio Hiria XXXV. Arte Lehiaketan lortutako lehen saria izan da, pasa den irailean.