GENERO, EMAKUME ETA BERDINTASUN GAIETAKO UNIBERTSITATE MASTERRA

Ikasle batzuk NUPen

NUPek Genero, Emakume eta Berdintasun Gaietako Unibertsitate Masterra jarriko du martxan 2022-2023 ikasturtean

Masterrak 60 kreditu ditu eta presentziala da, eta kreditu gutxiago dituen Generoko Espezializazio Diploma ordeztuko du 13 edizioren ondoren

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Genero, Emakume eta Berdintasun Gaietako Unibertsitate Masterra jarriko du martxan 2022-2023 ikasturtean, erakundearen Gobernu Kontseiluak berriki onetsi zuen bezala. Titulu ofizial berriak Generoko Espezializazio Diploma ordeztuko du, kreditu gutxiago dituena eta 300 lagunek baino gehiagok ikasi dutena 2009-2010 ikasturtetik izandako 13 edizioetan. Master berriak 60 kreditu ditu osotara, bi seihilekotan banatuak, presentziala da eta Iruñeko Arrosadiko campusean emanen da. Titulu horri buruzko informazio guztia NUPen webgunean dago kontsultatzeko. Masterreko gainerako titulazioen kasuan bezala, izena emateko epea martxoaren 14an irekiko da.

Genero, Emakume eta Berdintasun Gaietako Unibertsitate Masterraren helburua honako hau da: Genero ikasketen eta teoria feministaren arloan trebatzea eta behar bezala ulertzea nolakoak diren generoak eragindako desparekotasunak eta botere harremanak gizartearen arloetan. Gainera, ikasleei prestakuntza emanen die ikerketa akademikorako eta genero ikuspegia txertatua duten diagnostikoak egiteko. Bestalde, masterra egiten dutenek berdintasuneko programak eta politikak diseinatzen, ezartzen, kudeatzen eta ebaluatzen ikasiko dute, bai eta politika publikoetan generoaren ikuspegia zeharka aplikatzen ere. Ikasleak Gizarte Laneko Diplomaturatik nahiz Gradutik sartzen ahal dira masterrera, baita antzeko zientzietako beste diplomatura edo gradu batetik ere.

Graduondo berri honekin, NUPek agerian jarri du “aurrera egin nahi duela genero ikasketen instituzionalizazioa akademikoki indartzeko prozesuan”, modu horretan erantzuna emanez “genero ikuspegia inplementatuko duten eta gai horren inguruko gaitasun espezifikoak garatuko dituzten profesionalei prestakuntza sendoa emateko premiari”, graduondo berriaren memorian aipatzen den bezala. Doktoretzako ikasketarako sarbidea ere ematen du masterrak.

Moduluak eta ikasgaiak

Masterraren edukia bi modulutan dago banatua, bata nahitaezko prestakuntzakoa eta bestea integratzailea. Lehenbizikoak lau ikasgai ditu, funtsezkotzat jotzen direnak generoa gizarte antolaketarako eta eraldatze estrategiak ezartzeko sistema gisara ulertzeko. Hauek dira lau ikasgai horiek: Generoaren Teoria; Ikerketa; Berdintasun Politikak eta Esku-hartzea, eta Berdintasun Sustapenaren Arloak.

Bigarren modulua bi ikasgaiz dago osatua: Praktikak (NUPekin lankidetzan diharduten instituzio edo erakundeetako batean egiten ahal direnak) eta Master Amaierako Lana (ikasle bakoitzari aukera emanen diona masterrean ikasitako gai garrantzitsuren bat garatzeko, jardun profesionalerako edo doktoretza egiteko aurrerapauso handia izan dadin).